Bilboko Santa Marina ospitaleko sarreraren irudi batekin hasten da bideoa. Bi minutu irauten du, eta erietxeko langileen eta COVID-19a eragozteko txertoaren irudiekin osatuta dago: batzuk txertoa jasotzen, beste batzuk pozarren... guztien artean, ordea, bakarrak du trajea jantzia: Jose Luis Sabasek, joan den astera arte ospitaleko burua zenak. Eldiario.es egunkariak argitaratu du bideoa.
Bideoa ikusita, ez dirudi txertaketa sekretuan egin zutenik. Izan ere, Sabasek, Bilboko EAJko udal zinegotzi izandakoak, hasieratik esan du Osakidetza txertaketen jakinaren gainean zegoela, eta dimisioa «mehatxuengatik» aurkeztu zuela. Haren arabera, Osakidetzako arduradunei abisatu zien ospitalean «txertaketa jendetsu bat» egingo zutela, COVID-19ak bertan eragin handia izan zuela erantsita. Oniritzia eman ziotela azaldu zuen, eta, gainera, joan den ostiralean, hilaren 15ean, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin ere hitz egin zuela. Eduardo Maiz Bilboko Basurtuko ospitaleko zuzendariak ere dimisioa aurkeztu zuen.
Iñigo Urkullu lehendakariak atzo bertan hitz egin zuen txertaketa irregularrei buruz. «Tristura, pena eta amorrua» sorrarazi zizkiotela adierazi zuen. Haren ustez, azken egunetako gertakariek «mugarri bat» ezarri dute, eta Jaurlaritzak ahalik eta «zorroztasun» eta «gardentasun» handienarekin kudeatuko du gertatutakoa. «Uste dut ez dela unea interes pertsonalak kolektiboaren gainetik jartzeko, ezta pertsonalismoak guztion erronkaren aurretik lehenesteko ere».
244 langile, Sabasen defentsan
Santa Marina ospitaleko 224 langilek gutun bat plazaratu dute gaur, Sabasen defentsan. Ospitaleko buru ohiak egindako «lan ona» nabarmendu dute, eta harrituta agertu dira zentroko langile guztiak txertatzeko erabakiak sortu duen polemikarekin: «Gogorarazi nahiko genuke Sabasek gu guztiok babesteko asmoarekin hartu zuela erabakia, bakoitzak duen postua kontuan hartu gabe banatu baitzituen txertoak».
Hortaz gain, Sabasek ospitalea zuzendu duen lau urteetan egindako berrikuntzak nabarmendu dituzte. Langileen esanetan, azken urteak oso emankorrak izan dira, eta Santa Marina Osakidetzaren egituran sendotzeko balio izan dute. Azpimarra egin dute instalazioek izan duten hobekuntzan, horrek «zerbitzua eta lan baldintzak hobetzeko» balio izan baitu.
Pandemian zehar Santa Marina ospitaleak adinekoen artan rol garrantzitsua izan duela ere nabarmendu dute, eta adierazi hori ez zela posible izango erietxea berritu izan ez balitz. Gutunak azpimarra egiten du erietxeak gizartearentzat duen garrantzian, eta hori «Sabasen lidergoari esker» lortu dutela diote. Azken urteetako lorpenak eskertu dizkiote: «Une zailetan bakarrik utzi ez gaituen lider bat izan dugu, eta gure eskariak entzuten eta konpontzen jakin du».