Monzon-Ganuza saria

Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Aiastuik jasoko dute II. Monzon-Ganuza saria

«Euskal Herriaren alde bizitza betea eman» dutelako saritu dituzte. Martxoaren 10ean Bergarako Seminarixoan egingo den ekitaldian jasoko dute saria.

unai etxenausia
2022ko otsailaren 7a
16:33
Entzun

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak 2022ko II. Monzon-Ganuza sariaren irabazleak ezagutarazi dituzte gaur, Bergarako Olaso Dorrean (Gipuzkoa) egindako prentsaurrekoan. Iratxe Esnaola Olaso Dorrea fundazioko lehendakariak eta Kristina Markina Bergarako Udaleko kultura zinegotziak eman dute sariaren berri. Jose Luis Elkoro Unamunok (Elgeta, Gipuzkoa, 1935) eta Mari Karmen Aiastui Agirrek (Bergara, Gipuzkoa, 1943) jaso dute bigarren aldi honetako saria. «Euskal Herriaren alde bizitza betea eman dute. Euskara min eta lehentasun, gure iraganarentzat etorkizun bat eraikitzeko lanean aritu dira beti», saria eman dutenen arabera. Martxoaren 10ean Bergarako Seminarixoan egingo den ekitaldian jasoko dute saria.

Euskal Herriari, haren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergararrak zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea du helburu Monzon-Ganuza sariak. Esnaolak eta Markinak argitu dute saria erabakitzerakoan kontuan izaten direla irabazleek Telesforo Monzonek eta Josefa Ganuzak zituzten baloreak izatea: «Herri honekiko maitasuna, euskarari eta kulturari emaniko lehentasuna, Nafarroaren garrantzia euskal historian edota batasunaren balioa», besteak beste.

Elkoro eta Aiastui, «egoera zailetan gehienetan, aberriaren alde hartu zuten konpromisoari leial» izan direla gaineratu dute Esnaolak eta Markinak. Gogoratu dute Bergarako ikastolaren sorreran izan zuten garrantzia: «Arriskuak onartuz, seme-alabentzat klandestinitatean egiten zen irakaskuntzaren alde eginez». Elkoro ere, lehenik, Alkartu Nai proiektuaren bultzatzaile eta kide izan zen. Gero, herriko alkate hautatu zuten, eta 1976ko Alkateen Mugimenduko kide ere izan zen.

Euskararen alde egin duten borroka aitortu nahi izan diete sariarekin. Esnaolak eta Markinak nabarmendu dute «euskara bihotzean eta ahoan» izan dutela beti. Horregatk, Elkorok eta Aiastuik «bete-betean» egiten dute bat Monzon-Ganuza sariarekin aitortu nahi diren baloreekin.

«Belaunaldien arteko zubi»

Esnaolak eta Markinak zehaztu dute ematen den saria sinbolikoa dela: «Monzon-Ganuza sariaren bidez, Euskal Herriari, haren kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dieten herritarrak omentzearekin batera, euskal artista berriak sustatzea ere bultzatzen da. Belaunaldien arteko zubi lana ere eraikiz».

Aditu artistikoen batzordeak hautatuko du aurtengo saria nork egingo duen, eta otsailaren 28an aurkeztuko dutela aurreratu dute. Joan den urtean egin zen lehen aldia, eta Libe Goñi Garatek jaso zuen saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.