Jose Diego Yllanes aske utzi dute, Nagore Laffage hil zuenetik hamar urtera

Baldintzapeko askatasuna ezarri dio zaintzako epaileak, eta fiskalak ez du helegiterik jarri. Lanean da Yllanes, Madrilgo klinika pribatu batean

Nagore Laffageren omenezko elkarretaratzea, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Orain arte, lotara itzuli behar zuen kartzelara. Hemendik aurrera, ezta hori ere. Jose Diego Yllanes iruindarra behin-behinean aske utzi du espetxe zaintzako epaileak, Nagore Laffage gazte irundarra hil zuenetik hamar urte betetzear direla.

2008ko uztailaren 7an hil zuen Laffage, Iruñeko sanferminetan. Biktima 20 urteko Erizaintza ikaslea zen; haren hiltzailea, berriz, Nafarroako Unibertsitate Klinikan lan egiten zuen 27 urteko psikiatra egoiliarra. Gizonezkoaren etxera igo ziren biak, baina Laffagek sexu harremanak izateari uko egin zionean, Yllanesek bortizki eraso zion. Horren ondoren, gorpua plastikozko poltsa batean sartu, eta Erroibarko baso batean ezkutatu zuen.

Zinpekoen epaimahai batek epaitu zuen Yllanes, baina ez zuen premeditaziorik antzeman eta, homizidioa leporatuta, hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri zion. Laffageren familiak helegitea jarri zuen, erailketa gisa har zezaten, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen eskaria aintzat hartu.

Martxoaren 7az geroztik baldintzapean aske dago Yllanes, Abc egunkariak jakinarazi duenez. Aurreko hilabeteetan ere kalera irteteko aukera izan du; lotara bueltatzen zen kartzelara. Orain, hilean behin joan behar du espetxe zaintzako erakundera. Abc-ren arabera, espetxe zaintzako epaileak hartu zuen erabaki hori, eta, fiskalak ez duenez helegiterik jarri, irmoa da epaia. Lana ere badu Yllanesek, abenduan jakinarazi baitzuten psikiatra postua duela Madrilgo klinika pribatu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.