Alardea

Jose Antonio Santano Irungo alkateak harrera egin dio alarde parekideari

Txalo artean abiatu da alardea, eta, lehenbiziko aldiz, gizon bat atera den kantinera

Jose Antonio Santano Irungo udaletxeko balkoian, gaur. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Irati Urdalleta Lete
2023ko ekainaren 30a
11:13
Entzun

Historian lehenbiziko aldiz, alarde parekideari harrera egin dio Jose Antonio Santano Irungo alkateak. San Joan plaza beteta dagoela, udaletxeko balkoian udal gobernua dago Santanorekin batera, eta udaletxean daude EAJren GBBko zenbait kide ere. Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta ere bertan dago.

Prentsaurrekoa egin dute Santanok, eta udaleko PSE-EEko, EAJko eta PPko ordezkariek. «Urratsak egin beharko genituzke, kalean normala dena horrela izan dadin Irungo Udalean. Bi alarde ditugu, eta alardea ulertzeko bi modu», esan du alkateak. Udalak datozen urteetan alarde parekideari eta baztertzaileari harrera egiteko «konpromiso instituzionala» duela esan du. «Gure lehentasuna izan da bizikidetza eta errespetua ez zedila hondatu inola ere. Uste dugu lortu dugula. Gaur urrats bat eman dugu. Gaur, Irungo gizartea islatzen duen biribil bat ixteko urratsa egin dugu», borobildu du.

Horrekin batera, gehitu du alarde parekideari eta baztertzaileari harrera egitea «errespetu sozialeko» kontua dela, eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi adierazi die hori ulertu behar dutela. Hala, «normaltasun sozial eta instituzionala» eskatu ditu, festa bera delako protagonista.

Maddalen Iriartek adierazi du «poztekoa» dela Santanok harrera egitea: «Berandu dator, ordea». Oihana Briones Irungo Udaleko EH Bilduko bozeramaileak, berriz, esan du «garaia» dela «alardea udalak antolatu dezan».

Alarde parekidea, berriz, txalo artean abiatu da. San Joan plaza bete dute, eta, lehenbiziko aldiz gizon bat atera da aldiz kantinera: Antxon Jauregi Vidal. «Amets bat» betetzen ari dela esan du, eta «normaltasun osoz» bizi duela. Aitortu du «negar batean» igo duela San Martzial kalea, «hunkituta eta zoriontsu». Brionesek eman duhiriko bandera.

Emakumeek alardean parte hartzeko duen eskubidea aldarrikatu dute parte hartzaile guztiek oihu artean: «Emakumeak alardean», zioten. Inoizko jendetsuena izan da aurtengo alarde parekidea. Jeneralaren esanetan, 1.900 partaide inguru izan dira goizeko desfilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.