Jose Antonio Aduriz hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil da. Euskaltzaindiak berak atzo jakinarazi zuen albistea, eta hark egindako lanaren hainbat goraipamen jaso ditu. Aduriz Oiartzunen jaio zen, 1949an, Gipuzkoan. Euskal Filologiako ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Frantziskotarra eta Jakin taldeko kidea zen, eta UZEIn eman zuen lan ibilbidearen zatirik handiena.
Euskaltzaindiak nabarmendu dituen goraipamenen artean, Andres Urrutia euskaltzainburuarena dago: «Aduriz ohorezkoaren heriotzaren unean, bi hitz datozkit burura: leialtasuna eta apaltasuna. Asko zor dio Euskaltzaindiak, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak bereziki. Langile fina eta asperrezina zen Jose Antonio, euskal lexikografiaren habe gotorra».
Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburu eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak ere Adurizen ekarpenaren neurria nabarmendu nahi izan du: «Euskaltzaindiaren Hiztegia aurrera eramateko ardura izan zuen euskaltzaina izan zen Aduriz; haren isileko lanari esker gaude gaur gauden tokian».
1991ko urtarrilaren 31n euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta 2018ko apirilaren 27an ohorezko euskaltzain.
Batzorde askotan egin zuen lan Euskaltzaindian. Erakundeak zerrendatu egin ditu, Adurizen heriotzaren berri emateko argitaratu dituen oharretan: «Besteak beste, honako hauetan: Lexiko Irizpideen batzordean, Egungo Euskeraren Bilketa Sistematikoaren batzordean, Hiztegi Batuko lantaldean eta Euskaltzaindiaren Hiztegiko lantaldean».