Jose Angel Otsoa de Eribe hil da, espetxetik irten eta lau hilabetera

Euskal presoa baldintzapean aske zegoen, joan den ekainetik. Hirugarren gradua onartu zioten, gaixotasun larria zuelako. Espetxetik irten eta gutxira hil den hirugarrena da, aurten

Ni Zu Bi dinamikak gaixorik dauden presoen alde Bilbon egindako mobilizazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Atzo goizaldean hil zen Jose Angel Otsoa de Eribe presoa, gaixotasun larri baten ondorioz, hirugarren gradua jaso eta lau hilabetera. Urkabustaizko (Araba) presoa 2000. urtean kartzelatu zuten, Mexikon atxilotu ondotik, eta 2016an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Otsoa de Eribek minbizi larria zuen 2015eko apiriletik, eta urtebete baino gehiago behar izan zuten gaixotasuna atzemateko. Gaixotasuna atzemanda ere, Otsoa de Eribek preso jarraitu zuen, joan den ekainera arte. Hirugarren gradua lortzeko aurkeztu zituen eskariak baztertu zizkioten, osasuna hobera egiten ari zitzaiola argudiatuta.

Aurtengo ekainean, gaitza zabaldu egin zitzaiola jakin zuen Otsoa de Eribek, eta, orduan, eskaria onartu zion Castelloko espetxeko (Herrialde Katalanak) zuzendaritzak. Hirugarren gradua eman zion hilabete horretan, espetxe araudiaren 104.4 artikuluari jarraituz. Artikulu horrek dio «osasun txostenen arabera gaixotasun sendaezinak dituzten presoak» hirugarren gradua izan dezaketela, «duintasun pertsonalagatik». Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak baldintzapean aske utzi zuen, eta uztailaren 5ean irten zen espetxetik. Hirugarren gradua aitortu eta hiru astera.

Etxerat-ek ohar bidez baieztatu du Otsoa de Eriberen heriotza. «Samina» agertu du, eta elkartasuna adierazi die presoaren senideei. «Gogora ekarri nahi dugu, mediku txostenek Jose Angelen egoera larriaz ohartarazi bazuten ere, 2018ko irailean Espetxe Zaintzak gradu aldaketa ukatu ziola egoerari jaramonik egin gabe. Salbuespeneko espetxe politikaren menpe egonik, presoak ez zuen inongo aukerarik izan hirugarren gradua jaso eta baldintzapean aske irteteko».

Gomez eta Maizkurrena

Gaixotasun larri baten ondorioz aurten hil den hirugarren euskal presoa da Otsoa de Eribe. Urtarrilean, Oier Gomez zendu zen, Baionako ospitalean, espetxetik irten eta bederatzi hilabetera. 2017ko urtarrilean diagnostikatu zioten Ewingen sarkoma, eta buruan eta aldakan metastasia aurkitu zioten. Haren gaitza «sendaezina» zela eta hilzorian zegoela adierazi zuten orduan medikuek. Oso larri egonda ere, DPS segurtasun handiko erregimenean izan zuten preso Meauxeko espetxean (Frantzia), iazko apirilera arte.

Juan Mari Maizkurrena ere gaixotasun larri baten ondorioz hil zen, joan den urtarrilean. 2017ko ekainean eten zioten espetxe zigorra, osasun egoera larrian zegoelako, eta Dueñasko espetxetik (Palentzia, Espainia) irten zen hilabete hartan.

Etxerat-ek salaketa egin du: «Gaixotasun larri eta sendaezinak pairatzen dituzten muturreko egoerak ongi adierazten du euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe politikaren ankerkeria: gradu progresioari eta askatasunari ukazioak; osasun arretaren gabeziak; medikuen asistentziarik eza eta tratamenduak jasotzeko baldintza eskasak. Egoera horiekin guztiekin, gaindiezinak dira gaixotasun larrien jarraipena egiteko eta behar duten arreta jasotzeko oztopoak».

Azaldu duenez, hogei dira egun gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoak. «Espetxean mantentzeak beren gaixotasunak larriagotzea eta muturrera eramatea ekartzen du; jarraipen medikurik gabe, heriotzara eramaten dituzte».

Sarek Otsoa de Eriberekiko «ardura zutenen gizatasun falta» salatu du, eta Espainiari leporatu dio espetxeak «zigorrerako eta mendekurako» erabiltzea. «[2016an] Zigorraren hiru laurdenak beteak zituela jakitun izanda ere, eta larriki gaixo egonda ere, Jose Angel espetxean mantentzea erabaki zuten, bere egoerak guztiz okerrera egin eta atzera-bueltarik gabea bilakatu artean. Espetxe politikaren ohiko legediaren arabera, Jose Angelek eskubidea zuen bere gaitza etxean pasatzeko, eta baldintza duinetan, aukera guztiekin, eta bere senide eta konfiantzazko medikuen babesarekin artatua izateko».

Sarek egoera hau amaitzeko exijitu dio Espainiako Gobernuari; «horretarako, larriki gaixo diren presoak aske utziz, beste preso batek Jose Angeli gertatutakoa jasan ez dezan». Madrili «gorrotoa eta mendekua» albo batera uzteko eskatu dio, eta «gizatasunez eta arduraz» jokatzera deitu du. Egoera salatzeko manifestazioa antolatu du Sarek, larunbat honetarako, Gasteizen. Artium paretik abiatuko da mobilizazioa, (17:00).

Sortuk ere Otsoa de Eriberen heriotza salatu du ohar bidez, eta laguntza eta babesa eskaini dizkio presoaren sendiari. Sorturen esanetan, «premiazkoa da gaixorik larri dauden presoak lehenbailehen aske uztea», eta nabarmendu du kartzelaldia luzatzeak presoen bizi itxaropena murrizten duela. «Azken urteetan euskal preso politikoen kopurua jaitsi bada ere, nabarmen hazi da gaixotasunen bat dutenen kopurua».

Otsoa de Eriberen heriotza salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du Sortuk. «Amaiera hau bestelakoa izan zitekeen. Ezin da berriro gertatu. Ezin dugu utzi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.