Jone Berriozabal izango da EAJren Araba Buru Batzarreko lehendakaria

Arabako zuzendaritza berritzeko prozesuan, Gorka Urtarani gailendu zaio. Araban alderdia zuzenduko duen lehen emakumea izango da.

Jone Berriozabal.  ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jone Berriozabal. ENDIKA PORTILLO / FOKU
joxerra senar
2024ko azaroaren 19a
09:31
Entzun

Datorren larunbatean Gasteizko Landaburu Etxean egingo den batzarrean, Jone Berriozabal hautatuko dute Arabako Buru Batzarreko presidente. Azken orduetan jakin denez, batzar horretan parte hartuko duten 27 hautagairen babesa jaso du; Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiak, berriz, hamahiru boto izango ditu.

Lurraldeetako zuzendaritzak berritzeko barne prozesuan murgilduta dago EAJ. Gaur egungo zuzendaritzaren hautagaia da Berriozabal, baina, beste lehiakiderik izatea espero ez bazuten ere, Gorka Urtaranek aurre egin dio. Batzoki batzuetan nagusitu bada ere, azkenik Berriozabalek irabazi du, behin betiko garaipena lortzeko 32 ordezkari lortzetik hurren baitago.

Berriozabal (Durango, Bizkaia, 1982) Zuzenbideko lizentziaduna da. Gaur egun, Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua da, eta kargua utzi beharko du alderdiaren lurraldeko zuzendaritzaren lema hartzeko. Halaber, 2008tik 2020ra bitartean legebiltzarkide izan zen, eta 2016-2020 legealdian, Autogobernu Lantaldeko buru. Iragan legealdian, berriz, Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuordea izan zen. Euskalduna da.

Alderdian, Jose Antonio Suso egungo Araba Buru Batzarreko lehendakariaren gertuko pertsona da, eta haren lekukoa hartuko du larunbatetik aurrera. Lurraldeko hainbat alderdikidek publikoki adierazi diote babesa, hala nola Ramiro Gonzalezek eta Joseba Diez Antxustegik.

Alderdi barruko bi ildoen arteko tentsioa islatu du lehiak, eta horiek bideratzea izango da haren zeregin nagusietakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.