Jon Urien Zarauzko alkate ohiaren aurkako epaiketa atzeratu egin da

Zarautz-Lur auziko ustezko irregulartasunak asteazkenean epaituko dituzte. Fiskalak hamazazpi urteko inhabilitazioa eskatu du EA eta Hamaikabateko kide ohiaren aurka, eta hamar urteko kartzela zigorra Kenari Orbe kudeatzailearentzat.

Etxebizitza berriak, Zarautzen. SORELOR
Etxebizitza berriak, Zarautzen. SORELOR
xabier martin
2024ko irailaren 16a
11:05
Entzun

Donostiako Auzitegiko Hirugarren Epaitegian egingo dute asteazkenean, Zarautz-Lur enpresa publikoaren auziko epaiketaren lehen jarduna. Gaur hastekoa zen epaiketa, baina 48 orduko tartea eman die epaileak aldeei akordio bat egiteko. Enpresa publiko horretan izandako ustezko irregulartasunak direla eta, hamazazpi urteko inhabilitazioa eskatu du fiskalak Jon Urien Zarauzko alkate ohiaren aurka, eta hamar urteko kartzela zigorra Zarautz-Lurreko kudeatzailearen aurka, Kenari Orberen aurka. Hura da inputatu nagusia: prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten dizkio fiskaltzak.

Urien alkate ohiak —EA eta Hamaikabateko kide ohia— fiskaltzara jo zuen 2011. urtean, Orbe salatzeko, eta horrekin batera abiatu zen gaurko epaiketara iritsi den ikerketa. Auziak hamahiru urte daramatza zabalik. Orbe Zarautz-Lurren kudeaketaz arduratzen zen, AGM Abogados enpresako —egungo BMP Abogados— ordezkari gisa, eta, 2006 eta 2009 bitartean, Zarautz-Lurren kudeaketan, 175.000 euro inguruko ustezko irregulartasunak egin zituen. Zarauzko Udalak 2005ean sortu zuen Zarautz-Lur, udal zorua kudeatzeko.

Irregulartasunak gertatu zirelako zantzu nahikoak ikusi zituen fiskalak Urienen salaketaren harira, eta Azpeitiko Epaitegira bideratu zuen kasua. 2013ko apirilean deklaratu zuen han Urienek, lekuko gisa. Baina deklarazio horren ondotik, epaileak Urien bera ere inputatzea erabaki zuen, argudiatuz haren sinadura beharrezkoa zela hainbat gastu egitea baimentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.