Jon Urien Zarauzko alkate ohia absolbitu dute, fiskalak haren aurkako akusazioak erretiratuta

Kenari Orberi bi urteko espetxe zigorra ezarri diote, aldeek akordio bat itxi ostean.

Gipuzkoako Auzitegia, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Gipuzkoako Auzitegia, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko irailaren 18a
12:30
Entzun

Fiskaltzak atzera egin du, eta erretiratu egin du Zarauzko alkate ohi Jon Urienen kontrako prebarikazio akusazioa. Hala, Donostiako Auzitegiko Hirugarren Epaitegiak absolbitu egin du Gipuzkoako Auzitegian egiten ari ziren epaiketan. Zarautz Lur konpainia publikoko kudeatzaile ohi Kenari Orberi, berriz, bi urteko espetxe zigorra ezarri diote, aldeek akordio bat egin ostean.

Epaiketa astelehenean hasi eta gaur amaitzekoa zen, baina, akordio bat erdiesteko aukera zela medio, epaimahaiak hura atzeratzea erabaki zuen. Hain zuzen, gaur berrekin diote epaiketari, eta bi auzipetuek hartu dute hitza, fiskalaren galderei erantzuteko. Horren ostean aurkeztu du bere proposamena fiskalak, eta Urienen kontrako zigor eskaerak bertan behera utzi; aurrez, hamazazpi urteko inhabilitazioa eskatu zuen. Fiskalak argudiatu du Urienek ez zeukala beste akusatuak egindakoen berri, eta ez dela baieztatu haren parte hartzerik.

Zarautz Lurreko kudeatzaile ohiaren kasuan, haren kontrako espetxe-zigor eskaera hamar urtetik bira murriztu du fiskalak, bost urteko inhabilitazioarekin. Hark aitortu egin du bere aurkako akusazioen zati bat; prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatzen zioten. Hala, fiskalak aringarriak ezartzeko eskatu du, horretarako argudiatuta kudeatzaile ohiak jada ordaindu dizkiola Zarauzko Udalari ordaindu beharreko 55.000 euroetatik 30.000.

Zarauzko Udalak 2005ean sortu zuen Zarautz Lur, udal zorua kudeatzeko konpainia. Eta fiskalaren arabera, 2006tik 2009ra bitarte, Orbek 175.000 euro inguruko ustezko irregulartasunak egin zituen haren kudeatzaile zela. Izatez, fiskala Urienek 2011n ezarritako salaketa baten ostean hasi zen auzia ikertzen. Lehenik Azpeitiko Epaitegira bideratu zuten kasua, eta 2013an lekuko gisa deklaratu zuen Urienek. Adierazpen haien ostean, epaileak hura ere inputatzea erabaki zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.