Jon Casenave hizkuntzalaria euskaltzain oso izendatu dute

Euskaltzaindiak Gasteizen egin duen osoko bilkuran izendatu dute euskaltzain oso, gehiengoz. Beñat Oihartzabalen hutsunea beteko du.

Jon Casenave. GARI GARAIALDE / FOKU
Jon Casenave hizkuntzalaria. GARI GARAIALDE / FOKU
edurne begiristain
2024ko ekainaren 29a
12:03
Entzun

Jon Casenave hizkuntzalaria euskaltzain oso izendatu du gaur Euskaltzaindiak. Beñat Oihartzabalek euskaltzain oso izateari utzi zion martxoan —orain, euskaltzain emeritua da—, eta orduan zabaldu zuten haren lekua hartzeko hautagaiak aurkezteko epea. Euskaltzainek Jon Casenave baino ez zuten aurkeztu. Euskararen Akademiak gaur izendatu du Casenave euskaltzain berria, Gasteizko Goiuri jauregian egin duen osoko bilkuran. Gehiengo osoz aukeratu dute.

Lehuntzen (Lapurdi) jaio zen Jon Casenave, 1957an. Euskal Ikasketetan doktorea da —Bordele Montaigne Unibertsitatean—, eta Bordele-Montaigne Unibertsitateko irakasle emeritua. Iker laborategiko kidea ere bada, eta Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2003ko urtarrilaren 31n. Euskaltzaindiaren Hiztegigintza batzordeko kide (1987-1989) eta Literatura Ikerketako batzordekide izan da (1993-2017).

Dozenaka ikerketa artikulu idatzi ditu Casenavek, eta liburu andana ere bai:besteak beste, De l'article de presse à l'essai littéraire (2002, UNED); Euskal literaturaren historiaren historia (2012, Utriusque Vasconiae);  eta Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda? (2021, Euskaltzaindia).

1918tik gaurdaino, ehun euskaltzain oso izendatu ditu Euskaltzaindiak. Gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta 11 euskaltzain emerituz osatua da Euskaltzaindia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.