Jon Casenave hizkuntzalari baionarra euskaltzain oso izateko hautagai aurkeztu dute euskaltzainek gaur Baionako herriko etxean egin duten osoko bilkuran. Beñat Oihartzabalek euskaltzain oso izateari utzi zion martxoan —orain euskaltzain emeritua da—, eta orduan zabaldu zuten haren lekua hartzeko hautagaiak aurkezteko epea. Euskaltzainek Jon Casenave baino ez dute aurkeztu. Euskaltzain osoen eta emerituen gehiengoak hala erabakitzen badu, ekainean Gasteizen egingo duten osoko bilkuran euskaltzain oso izendatuko dute hizkuntzalari baionarra.
Casenave (Baiona, 1957) Euskal Ikasketetan doktorea da, eta Bordeleko (Okzitania) Montaigne unibertsitateko irakasle emeritua. 2003tik euskaltzain urgazlea da, eta Euskaltzaindiko hiztegigintza eta literatura ikerketako batzordeetan aritua da. Euskal literaturaren historiaz ikertu du, besteak beste.
Horrez gain, ohorezko euskaltzain ugari izendatu ditu Euskaltzaindiak gaur: Joxe Austin Arrieta idazlea, Roman Berriozabal ikertzailea, Philippe Chareyre historialaria, Jose Ramon Etxebarria ingeniaria, Natxo de Felipe musikaria, Joakin Gorrotxategi hizkuntzalaria, Juanito Gallastegi apaiza, Xabier Garagorri irakaslea, Libe Goñi irakaslea, Bernardo Ibarra idazlea, Jose Karrera artista, Mariasun Landa idazlea, Amaia Lasa poeta, Mikel Lasa poeta, Iñaki Martinez de Luna soziolinguista, Jose Mari Espartza idazlea, Pello Mariñelarena euskaltzalea, Xabier Olarra itzultzailea, Mentxu Peña euskaltzalea, Xabier Rico bertsolaria eta Iñaki Sarriugarte irakaslea. Izendatu berri dituzten ohorezko euskaltzainak hamazazpi gizon eta lau emakume dira.
Gainera, euskaltzain urgazle izendatu dituzte Katixa Agirre idazlea, Patri Arburua euskaltzalea, Miren Basurto irakaslea, Miel A. Elustondo kazetaria, Fermin Erbiti kazetaria, Inma Errea idazlea, Fernando Rey itzultzailea, Ekaitz Santazilia irakaslea eta Patxi Zubizarreta idazlea.