Jon Anza zergatik desagertu zen argitzeko eskatu diote Frantziako Estatuari

Jon Anza euskal militante zena omendu dute Urruñan. Desagertu zenetik 15 urte iragan diren egunean, adierazi dute bake prozesua ez dela bukatuko «egia jakin arte» Okzitaniako Tolosako gorputegian haren gorputza aurkitu aitzin gertatu zitzaionaz

Jon Anza 15 urte desagertu dela eta, omenduko dute
Jon Anzaren kasua oroitzeko agerraldia, goizean, Urruñan. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
Urruña
2024ko apirilaren 18a
13:45
Entzun

2009ko apirilaren 18an, duela 15 urte hain zuzen, Jon Anza euskal militanteak trena hartu zuen Baionatik Okzitaniako Tolosara joateko. Desagerturik egon zen hilabete luzeetan, nahiz familiak eta abokatuak ikerketak abiarazi auzitegi eta poliziei. Kasik urte bat berantago jakinarazi zuen Frantziako Poliziak Jon Anzaren gorpua atzeman zutela Tolosako Purpaneko gorputegian. Galdera franko egon dira zintzilik geroztik: zergatik ez dira ikerketak bururaino eraman jakiteko zer gertatu zitzaion Anzari? Zergatik momentu berean arma bat ahantzirik ihes joan ziren Guardia Zibil batzuk Tolosan ziren? Anzari gertatu zitzaiona ez zaio argitu familiari, eta Frantziako eta Espainiako estatuetan zerbait «dakitenei» egia jakinaraztea eskatzen diote haren lagunek. Militante zenari omenaldia antolatu zioten ostegunean Urruñan.

Jon Anzaren lagunen taldeko Jokin Etxebarriak hala adierazi du ostegun goizean, Urruñako (Lapurdi) herriko etxe aitzinean senide, abokatu, auzapez eta lagunek egin duten agerraldian: «15 urteren ondoren, gertatu zenari buruzko egia jakin gabe jarraitzen dugu». Bidenabar, senideei «babesik sentikorrenak» adierazi dizkie: «Badakigulako 15 urte horietan egiaren bila segitzen dutela oraindik eta zer sufrimendu ekartzen duen horrek».

Filipe Aramendi ere mintzatu da Urruñako auzapez gisa, Anza bertan bizi baitzen desagertu zen garaian. Anzaren askazi eta lagunei bere «agurrik beroenak» emanez hasi du mintzaldia. Euskal Herria «bake prozesu batean sartua» dela erran du, baina prozesu hori ez dela bukatuko «gatazkaren ondorio guziak konponduak izan arte». Euskal militante batzuen desagerpenak ondorio horietarik zirela gehitu du. Jon Anzarena, baita Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, Jose Migel Etxeberria Naparra edo Jean-Louis Larre Popo «eta beste hainbeste» militanterenak ere. «Desagerpen horien inguruan zer gertatu den jakiteko galdeari, beti erantzunik gabe gara». Galde horri erantzutea eta «dakizkitenei argitasunak» ematea galdetu zien Aramendik. Desagerpen horiek «politikoak» direla adierazi du, eta, Frantziako eta Espainiako estatuak «gatazka horretan sartuak» zirenez, Anzaren familiak eta lagunek «dituzten galderei erantzuteko garaia» dutela adierazi du.

«Nahirik ez» gauzen argitzeko

Anzaren senideen abokatu Maritxu Paulus Basurkok Frantziako eta Europako auzibideetan egin saiakerak oroitarazi ditu. 2009ko maiatzean salaketa jarri zuten Baionako Auzitegian desagerpenari buruz. «Inkesta horren ondorioz ez zuten Jon aurkitu». 2010eko martxoaren 11n, «bat-batean», Poliziaren dei bat ukan zuen abokatuak errateko gorputza atzeman zutela Okzitania Tolosako Purpaneko gorputegian.

Hortik, «instrukzio bat ireki» zen Tolosako Auzitegian. «Instrukzio horrek ez zituen erantzun gure galderak», erran du Paulus-Basurkok. Urrunago joanez, «egin ditugun eskaera kasik denei» uko egin zaie, eta «ez dugu sentitu nahirik gauzak argitzeko», erran du abokatuak. 15 urte berantago, uko horrek eragin «haserre» horrekin jarraitzen dutela erran du, jakinik Anne Kayanakys orduko Baionako prokuradoreak erran zuela ikerketa eginen zutela «elementu guziak argitzeko». 2013ko ekainean bururatu zuten ikerketa, eta erantzunik ez zen jin. «Ez zen egin behar zen indarrik elementuen argitzeko», salatu du abokatuak. Auzia geroztik artxibatua da.

Paulus-Basurkoren ustez, «norbaitek, noizbait, beste elementu» bat ekartzea da gelditzen den aukera bakarra, auzibidea «berriz irekiarazteko». Nornahi izan daiteke, dioenez; parte hartu zuen polizia bat, administrazioetako agente bat edota Jon Anzarekin desagertze garaian harremana izan zuen herritar bat. Anzaren zaku eta puskak ere ez baitira berriz atzemanak izan.

Jokin Etxebarriak familiak eta lagunek «egia jakiteko duten eskubidea» entzunarazi nahi izan die Frantziako eta Espainiako arduradunei. Besteak beste, orduan Frantziako Barne ministro eta ondotik Justizia ministro izan zen Michele Alliot-Marieren erantzukizuna aipatu du. «Ikerketari etengabeko oztopoak ekarri zizkion», adierazi du; are gehiago, «ez ikertzeko erabaki politikoa erabatekoa izan da Frantziako Estatuaren aldetik». Galdera zuzena egin zuen Etxebarriak: «Frantziako Estatuak zer du ezkutatzeko Jonen auzian?».

Anzaren desagerpen garaiko testuingurua ere gogoratu zuen. «Testuinguru errepresibo gordina» bezala definitu du. Zenbait militante politiko eta preso ohiren «bahiketak» gertatu zirela erran du Etxebarriak, Hego zein Ipar Euskal Herrian. Kasurako, «Juan Mari Mujika iheslaria, Donapaleu (Nafarroa Beherea) inguruan, beren burua Espainiako polizia bezala aurkeztu zuten batzuek bahitu zuten, eta gero askatu». Urte haietan, Frantziako eta Espainiako gobernuek «politika antiterroristaren baitan» hitzarmen batzuk adostu zituzten Etxebarriak gehitu duenez. Horietarik bat zen «Guardia Zibilari Frantziako estatuan era librean ibiltzen» uztea. Ezker abertzalea «estrategia aldaketarako gogoeta betean» zegoen garaiak ziren. Espainiako estatuak estrategia aldaketa hori «oztopatzeko» egin saiakerak jakinak direla erran du Etxebarriak. Ondorioz, Anzaren kasua «estatuek Euskal Herrian ziklo berri baten irekitzea oztopatzeko bultzaturiko estrategiaren parte» izan dela.

Euskal Herrian bakera buruz joateko azken urteetan izan diren urratsak zerrendatu ditu Etxebarriak. Aipatu militanteen desagertzeak argitu gabe direnez, «garaia da Frantziako Estatuak bake prozesuan dagozkion ardurak har ditzan», gehitu du. «Bake justu eta iraunkorraren bidean bi estatuek eragindako biktima guziek ere egia, aitortza eta erreparazioa» merezi dutela erranez bukatu du.

Jon Anzari omenaldia egin diote ostegun arrastirian, Urruñako hilerrian.

Kronologia

  • 2009-04-18. Jon Anzak trena hartu zuen Baionan, Okzitania Tolosarantz. Neskalagunak lagundu zuen geltokiraino eta Anza bizirik ikusi duen azken pertsona da gertukoetan. Mutiko laguna bi egun berantago itzultzekoa zela erran zuen. 
  • 2009-04-24. Hamarnaka lagunek Baionatik Tolosara Anzak egin bide bera egin zuten denetan jendeari galdetuz zerbait ikusi zutenez. Tolosako komunikabideekin harremanetan jarri zen beste lagun talde bat.
  • 2009-04-29. Geroago jakin zen, egun horretan, 23:00ak aldera, Tolosako polizia auto batek pertsona bat aurkitu zuela alditxarturik Estrasburgoko etorbidean, jatetxe baten lili-aska bati kontra. Jon Anza zitekeena ospitalera eraman zuten sokorriek. Baionako prokuradoreak eta poliziak onartu zuten, gero, gertakari horren herexa idatzi bat bazela.
  • 2009-05-04. Jon Anzaren pasaportea objektuen zerbitzura eramana izan zen.
  • 2009-05-11. Purpaneko ospitaleak autoritate polizial eta juridikoei identifikatu gabeko pertsona bat hartu zuela jakinarazi zien eta hura nor zen jakiteko ikerketa eskatu zuen. Bertan hil zen Anza. Heriotza egiaztatu zuen medikuak gorputegira eramateko manatu zuen, gorputza norena zen jakin arte auzitegi medikuak kontrako iritzia zuelarik.
  • 2009-05-15. Anzaren familiak argitara eman zuen desagerpena. Zuen osasun ahularen berri eman zuen eta Baionako auzitegian salaketa jarri. Anne Kayanakys bertako prokuradorea maiatzaren 18an hasi zen ikertzen.
  • 2009-05-20. ETA erakundeak agiria plazaratu zuen, Anza etakidea zela —eta poliziak bazekiela— adieraziz; Tolosarako bidaia beste kide batzuekin biltzeko egin zuela baina ez zela hitzordura agertu. Frantziako eta Espainiako gobernuei egotzi zien ETAk Anzaren desagertzearen erantzukizuna. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako orduko Barne ministroak erran zuen ETArentzat zeraman diruarekin ihes egin zuela Anzak.
  • 2009-10-02.Gara egunkariak artikulu batean argitaratu zuen iturri batzuen arabera, Anza, Espainiako polizia agente batzuek atzeman eta galdekatu zutela, bertan hil zela eta Frantziako eremu baten lurperatu zuketela. Abenduan, Le Monde egunkari frantsesak desagerpenari buruzko artikulua atera zuen eta oihartzuna izan zuen Parisko prentsan. 2010eko otsailean, Jacques Massey frantses kazetariak liburu batean Espainiako polizia zerbitzuen balizko inplikazioa aipatu zuen.
  • 2010-03-11. Okzitania Tolosatik jakinarazi zuten, Purpaneko ospitaleko gorputegian, gorputz bat bazutela hamar hilabete haietan, eta Jon Anzarena izan zitekeela. 2009ko maiatzaren 11tik, hil zenetik, han zen, nor zen argitzeko zain. Alta, urtea bazuen Kayanakys prokuradoreak Anza ikertzeko lanak abiatuak zituela. Halaber, Parisko auzitegi antiterroristak ere ikerketa bat abiatu zuen.
  • 2010-03-12. Kayanakys prokuradoreak, orduko Baionako polizia judizialeko buru Patrick Leonard ondoan zuela, prentsa agerraldia egin zuen Purpanen atzeman gorputza Anzarena zela errateko. Egun osoan gorputza ikusteko baimena galdetzen ibili ondoan, familiari onartu zitzaion, hondarrean.
  • 2010-03-15. Jon Anzaren gorputzaren autopsia Tolosako Rangueil ospitalean egin zuten, konfiantzazko medikurik gabe.
  • 2010-03-22. Anzaren familia parte zibil bezala jarri zen auzibidean.
  • 2010-06-17. Anzaren familiak Michele Alliot-Marie orduko justizia ministroari argibideak emateko eskatu zion. Erantzunik ez zuten jaso.
  • 2013-07-12. Miryam Viargues Jon Anzaren desagerpenaren inguruko ikerketaz arduratzen zen Tolosako epaileak kasua ixteko agindua eman zuen, afera horretan anomaliak bazeudela onartu zuen arren. Familiak helegitea jarri zion erabaki horri.
  • 2013-07-14. Tolosako auzitegiak familiaren helegitea errefusatu zuen.
  • 2014-04. Anzaren familiak Frantziako estatuaren aurkako salaketa ezarri zuen Parisko auzitegian, ikerketan izandako gabezien erantzule gisa.
  • 2015-04-01. Familiak jarri salaketaren auzia iragan zen Parisen. Parisko Afera Zibileko auzitegiak ebatzi zuen poliziak eta fiskaltzak ez zutela akats larririk egin, baina ikerketan hutsune batzuk izan zirela aitortu zuen. Familiaren kalte-ordain eskaera errefusatu zuen.
  • 2024-04-18. Jon Anza omendu dute familia eta lagunek Urruñan, eta estatuei gertatu dena argitzea eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.