Jon Alonsori eman diote prentsa idatziko Argia saria

'Naparra. Kasu irekia' ikerketa liburuagatik saritu dute. Auziaz jakin nahi duenarentzat «erreferentziazko» lana dela azpimarratu dute

Jon Alonso, Argia sarietako prentsa idatziko irabazlea. ARGIA.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Jon Alonsori eman diote prentsa idatziko aurtengo Argia saria, Naparra. Kasu irekia ikerketa liburuagatik. 2020an 40 urte bete ziren Joxe Migel Etxeberria Naparra desagerrarazi zutenetik, eta senideek oraindik ere ez dute topatu haren arrastorik.

Argia-koen arabera, Alonsok ondutako liburuak auziaz dakigun guztia bildu du, eta, aurrerantzean, kasuaz jakin edo ikertu nahi duenarentzat «ezinbesteko erreferentzia» izango da.

Sarien arduradunek nabarmendu zuten nahiz eta auzia argitu ez duen lanik garrantzitsuenetariko bat egin duela: «Ahanzturaren zingiran usteltzen ez utzi, irakurlea auzi korapilatsuaren harian ongi eta argi eramanez». Desagerpenak utzitako lorratza azpimarratu zuten, eta gogorarazi auziaren muina argitzeko dagoela oraindik. «Naparraren familiak sufritzen jarraitzen du».

Prentsa idatziko irabazlearen berri emanda, itxi dute aurtengo Argia sarien banaketa. COVID-19a dela eta, ez dute ekitaldirik egin ahal izan, eta webgunean eman dute sarituen berri. Alonsoz gain, Hondar ahoak telesailak irabazi zuen ikus-entzunezkoen saria; Zaldibar Argituk kanpainarik onenarena; Zubiak saioak irratikoa, eta Euskal Encodings proiektuak Internetekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.