Gaurkoaren moduko egun batez, 1982ko azaroaren 24an, onartu zen Eusko Legebiltzarrean Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea, Euskararen Legea izenez ere ezaguna. Negoziazio eta eztabaida prozesu luze eta zail baten emaitza izan zen testu hura. Duela 40 urte onartutako arauak lege esparrua zedarritzen zuen, eta, beraz, euskararen normalizaziorako joko zelaiaren marrak ezartzen zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako.
Marraztutako joko zelai horren luze-zabaleraz, haren onurez eta ajeez, eta jokoak etorkizunean izan dezakeen bilakaeraz galdera batzuk egin dizkio BERRIAk zenbait euskaltzaleri eta adituri, lege horren 40. urteurrenaren karietara.
Ikusi gehiago:Analisia: '40 urteren ondoren'
1. Zeintzuk izan dira Euskararen Legeak ekarri dituen onurak edo ekarpenak?
2. Zein muga erakutsi ditu?
3. Zure ustez, beharrezkoa al da legea berritzea? Eta, hala balitz, zer-nolako edukiak jaso beharko lituzke?
MIREN AZKARATE
Hizkuntzalaria, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia
«Nahiko nuke legean esaten direnek bestelako berme juridikoa izatea»
1. «Legeak marko orokor bat ezarri zuen bizitzaren arlo guztietarako, eta hori hiztunen hizkuntz eskubideetan oinarritua dago. Horrek ematen du aukera eskubide horiek errespeta daitezen behar diren neurriak hartzeko: administrazioan, hedabideetan, irakaskuntzan, lan eremuan eta abarretan».
2. «Testuari berari nik ez diot mugarik ikusi. Beste gauza bat da testu hori praktikan jartzean nolako mugak izan ditugun guk: gizarteak, administrazioak, irakaskuntzak eta abarrek. Adibidez, herritarraren ikuspegitik, Ertzaintzan edo Osakidetzan euskaraz artatua izateko. Azken batean, kontuan hartu behar da belaunaldi oso baten zati handi bat euskaldundu behar izan dela, gauzak antolatzeko oraindik ere zailtasunak daudela eta abar. Edo zer aurreikuspen izan genezakeen, pentsatuz D eredua hedatzen baldin bazen horrek berarekin ekarriko zuela ez dakit zenbat hiztun sortzea, ingurune soziolinguistikoak duen garrantzia kontuan hartu gabe. Baina hori guztia ez da legeari dagokion zerbait, hiztun komunitate txiki batek lege hori praktikara eramatean aurkitzen dituen muga eta zailtasunak baizik».
3. «Legearen testu bera beharbada eguneratu liteke alorren batean: adibidez, hezkuntzaren alorrean aipatzen diren zenbait gauza, batez ere Hezkuntza Lege berria baldin badator. Baina, hala ere, ez dut uste nahitaez etorriko denik berritu beharra. Beldur naiz gauza horiek ukitzen hasiko bagina zenbaterainoko kontsentsua izango genukeen, edo ez ote litzatekeen okerrago izango. Nik nahiko nuke lege horretan esaten direnek beste berme juridiko bat izatea, baina ez dut uste hori lege batek eman dezakeenik: lege hori interpretatzen duten epaileek eman behar diote berme juridikoa, eta hori da azken urteotan ikusten ari garena zenbait epairekin. Hori da kezkagarriena, eta pentsarazten didana legea ukitzen hasiko bagina zenbait hauts harrotuko liratekeela, eta ez genukeela lortuko gaur egungoa bezain sendoa den legerik».
PAKO SUDUPE
Idazlea, Euskal Filologian doktorea
«Hutsuneak arlo askotan daude, baina okerrenak, ikus-entzunezkoetan»
1. «Hasteko, garrantzizko bat; Nafarroa Garaian ez bezala, zonifikaziorik ez onartzea. Printzipioz, berdin balio du Arabako Errioxarako, Enkarterrirako, Bizkaiko Ezkerralderako edo Urola Kosta edo Goierri edo Lea-Artibai bailaretarako. Egoera soziolinguistiko oso ezberdinak, baina lege bera.
Irakaskuntzan, administrazioan eta ikus-entzunezkoetan onurak ekarri ditu. Abiapuntua oso kaxkarra zen, eta, dudarik gabe, onuragarria izan da.
Historian inoiz ez bezala, lanpostu publiko batzuk lortzeko euskara maila batean jakitea ezarri du.
2. «Espainiako estatu zentralistarentzat, egoera soziolinguistikoa gorabehera, estatuaren hizkuntza ofizial bakarrak lurralde eskubideak ditu EAEn ere. Euskaraz ez jakitea ez da oztopo ez Urolan, ez Goierrin eta ez Lea-Artibain, erakunde publikoentzat. Hori estatuaren inposizioa da, autodeterminazioaren ukoa bezala.
Erakunde autonomikoetako agintarietara etorririk, bi printzipio nagusi ezarri dituzte: euskara eta gaztelera, biak gureak. Eta euskara eztabaida politikotik kanpo. Lurralde eskubideak gaztelaniak, eta hizkuntza eskubide pertsonalak euskarak, onenean. Desoreka oso nabarmena.
Eta arrazoi historiko-politiko-kulturalengatik, gaztelaniaz alfabetaturiko herri erdaldundu batetik abiaturik, emaitzak ezin oso onak izan. Gaztelaniaren aldeko errutinak pisu itzela du, eta epaileek ere hizkuntza politika egin izan dute, euskararen aurka».
3. «Benetan helburua izan balitz euskara unibertsal egitea EAEn eta haren erabilera normalizatzea, hamar urtean behin egokitzapenak izan behar zituen euskararen aldera, noski, eta ez da hala izan.
Hutsuneak eta gabeziak arlo sozial eta funtzional askotan daude, baina okerrenak ikus-entzunezkoetan daude, nire iritzian. ETB1 mirabe pobre bat da, ETB2ren ondoan».
ERRAMUN OSA
Euskaltzaindiko idazkariordea
«Ez dago adostasun politikorik, ezta legea berritzeko anbiziorik ere»
1. «Hasteko, komeni da testuingurua kontuan hartzea. Diktadura aldi luzea igaro berritan, non euskarari eta euskal hiztun-elkarteari debekuak, zigorrak eta trabak ezarri zitzaizkion, erreparazio kutsu batez erditu zen. Horrek askotarikoen arteko oinarrizko adostasun politikoa ahalbidetu zuen. Adostasun horretatik kanpo geratu ziren orduko eremu politikoko bi muturrak, zehaztugabea zela-eta euskara inposatzeko aukera irekitzen edo berreskuratutako herri erakundeak legitimatzen lagunduko zuelakoan. Bere dohainik handiena diseinuan datza, aukerak eta ateak ireki baitzituen, hizkuntza politikaren eremuan neurri ausartagoak har zitezen, bilakaera soziolinguistikoak aurrera egin ahala».
2. «Nire ustez, legea onartu zenean, ez genuen aurreikusi 40 urte geroago egoera honetara iritsiko ginenik. Legearen garapena, ordea, joan den mendeko 80ko hamarkadako giroak baldintzatu eta galgatu du. Batetik, indarkeriaren iraunkortasunak sakoneko arrakalak sortu zituen euskal gizartean, diktadura garaiko auzolanerako borondatea, hein handi batean, zartatuz. Era berean, herri erakundeak legitimatzeko/deslegitimatzeko dinamika politikoak eta instituzionalak isla izan du gizarte zibileko elkarte eta erakundeetan, eta horrek izugarri zangotrabatu du Euskararen Legearen garapena».
3. «Zorionez, beste abagune bat bizi dugu. Edozein gisaz, indarkeriaren arotik hegemoniaren arora igaro gara, bereziki abertzaleak diren bi familia politikoen artean, eta horrek ez dakarkio inolako onurarik hiztun-elkarte gutxiagotu bati. Euskara ez dago lehentasunen artean. Ez dago adostasun politikorik, ez eta, oraingoz, Euskararen Legea berritu dezakeen anbiziorik ere. Gizarte-dinamika oso ahulduta ageri da, eta euskalgintza deitzen den hori, hein handi batean, bere zilborrari begira bizi da, eta erdaraz mintzo diren erdaldunengana iristeko gero eta zailtasun ugariagoak ditu. Legea aldatu gabe ere, badira landu daitezkeenak: euskara lan-hizkuntza bilakatzea, kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak jagotea, aisialdiko esparrua euskalduntzea eta abar.».
MARI KARMEN GARMENDIA
Irakaslea, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia
«Nondik gentozen dakigularik, ekarpenak nabarmenak dira»
1. «Nondik gentozen dakigularik, onurak eta ekarpenak nabarmenak dira. Gomendagarria iruditzen zait Euskaltzaindiak 1977. urtean argitara eman zuen Euskararen Liburu Zuria irakurtzea, batez ere Koldo Mitxelenak idatzi zuen sarrera: Euskararen bide luze bezain malkarra. Hizkuntza normalizatzeko lanean ezkutuan eta baliabide murritzekin aritu ginenok ondo dakigu esaldi horrek zer esan nahi duen.
Legeak bere baitan duen zioen adierazpena astiro irakurtzeak argi egiten du diodana ulertu ahal izateko, zer esanik ez ondoren datorren guztia atalez atal aztertzen badugu».
2. «Norbanakoon hizkuntz portaerak sarritan uste dugun baino askoz eragin handiago du, bai normalizazioaren mesedetan, bai haren kaltetan. Legearen mugak guk geuk ipin ditzakegu geure jokabideekin».
3. «Legeak markatutako joko zelaia oraindik ez zaigu ez txikitxo, ez agor gertatzen. Txiki eta agor geratzen zaigunean ekin beharko zaio lege berriari. Garai hori iritsitakoan ere, guzti-guztiok gogoan izan beharko dugu Koldo Mitxelenak esan ziguna: 'Euskara ahulegia da armatzat hartzeko'».
EAEko Euskararen Legeak 40 urte
Joko zelaiaren luze-zabalaz
Gaur 40 urte onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legea. Eztabaida luze, sakon eta mamitsuen ondorio izan zen lege testua. Lau hamarkadaren ostean, legeari behar besteko zukua atera ez zaion iritziak badira aditu eta euskaltzaleen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu