Oihana Teyseyre Koskarat.

Joko politikoen menpe

2023ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Iritzi publikoarentzat onargarriak eta baliozkoak diren ideia eta kontzeptuen multzoari Overtonen leihoa deitzen zaio erretorikan. Ideia erradikalagoak hedatu ahala, iritzi publikoarentzat onargarria denaren kurtsorea mugituz doa: lehenago muturrekotzat jo zitekeen posizio bat moderatu gisa agertzen da ideia are erradikalago batek tokia hartzen badio; Overtonen leihoa zabaldu dela erraten da horrela.

Bada, Asilo eta Immigrazio Lege proiektua da horren adibide garbia. Frantziako Gobernuak erabat bereganatu du eskuin muturraren diskurtsoa, eta Frantziako Senatuak are kezkagarriago egin du lege proiektua. Finean, Asanbleako lege batzordeetan, Senatuaren bertsioa leundu dute, baina, hala ere, zenbait neurri atxiki. Eta, jadaneko, iritzi publikoarentzat onartezinagoa bilakatu da Paperak denentzat aldarria, adibidez, Atzerritarrak kanpora baino.

1980tik, immigrazioari buruzko 29 lege izan dira Frantzian, gero eta gogorragoak. Hauteskunde batetik bestera, alderdi bateko eta besteko hautagaien eztabaiden erdigunean izan da immigrazioaren gaia. Jokaleku politikoan eta hedabide nagusietan, herritarren «kezka iturri» gisa aurkezten dute anitzek. Aldi berean, terrorismoaren kontrako neurriak indartu ahala, eskuineko eta eskuin muturreko alderdiek immigrazioa «problema» gisa plantatu dute, eta, hala, migrazioa terrorismoarekin lotu.

Migratzaileak terroristak edo delitugileak diren ideia zabaldu dute eskuin muturrak eta eskuinak, eta, orain, Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninek nahasketa horren inguruko lausotasuna atxikitzen du lege horren bidez. Erraterako, egunero Frantziako Estatutik kanporatuak izan diren «paperik gabeko delitugileen» zerrenda argitaratzen du X sare sozialean, eta bakoitzak egin dituen delituak zerrendatzen.

Lege proposamena aurkeztu zuenean gauzak argi utzi zituen, dena den: «Zintzoekin zintzoak izanen gara; gaiztoekin, aldiz, gaiztoak». Izan ere, «delituak egin dituzten etorkinak Frantziatik kanpo ezarri» nahi dituela erran zuen Barne ministroak. Eskuin muturrari egindako keinutzat jo dute anitzek. Denbora berean, eta oreka politiko jakin bat atxikitzeko asmoz, «lan egitera datozenak lagundu» nahi dituela adierazi zuen, ezkerreko sektore baten aspaldiko galdeari erantzunez. Etorkinak laguntzeko elkarteek, ordea, argi utzi dute lege proposamenak ez duela nehola ere hobetuko paperik ez duten langileen egoera, baldintzak oraindik biziki zorrotzak baitira.

Hala, lege proposamen hori erronka handia da Frantziako Gobernuarentzat, eta, bereziki, Darmaninentzat. Bihartik aitzina, Frantziako Asanblean berriz eztabaidatuko dute testua, Senatuan eta lege batzordeetan izandako aldaketekin. Ikusteko dago lege proiektuaren onesteaz —edo atzera botatzeaz— gain, eztabaida publikoak zer emanen duen mamiaren ikuspegitik. Ea zenbat zabaltzen duten Overtonen leihoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.