Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuaren gorpua Donostiako Errekaldeko beilategian da gaur. Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza zabala izan da beilategian. Hileta, berriz, bihar egingo diote, Orion, sorterrian (Gipuzkoa).
Bizikletan zebilela auto batek jota hil zen Perona, astearte iluntzean, Zamorako Peleas de Abajo herrian (Espainia). Eider Mendoza ahaldun nagusiak eta Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak Peronarenganako esker on hitzak baino ez dituzte izan, samina agertzearekin batera. Mendozak gaur beilategian azaldu du «pertsona aparta eta profesional ezin hobea» izan zela, eta Peronarekin bidea egitea «ohorea» izan dela: «Beti nola lagundu pentsatzen ari zen, gauzak hobetzen, Gipuzkoa hobe bat uzteko, Euskadi hobe bat uzteko. Oso tristatuta gaude galera garrantzitsu honekin». Mendoza atzo Zamoran izan zen, senideak babesten, eta gaur beilategian izan da: «Gaur haiekin egoteko eguna da, alargunarekin, seme-alabekin, gurasoekin eta anaiarekin: haientzat geratzen da hutsunerik handiena».
Eusko Jaurlaritzaren izenean, beilategian izan da Maria Ubarretxena, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, eta Noel d'Anjou, Ogasun eta Finantza sailburua. Ubarretxenak doluminak helarazi dizkio sendiari: «Pertsona zoragarri bat galdu dugu, zerbitzu publikoa emateko gogo handia zuena, lagun bat, lankide ezin hobe bat».
Gaur beilategian izango da, eta bihar egingo diote azken agurra Orion, haren jaioterrian (Gipuzkoa). Elizkizuna San Nikolas elizan izango da, 18:00etan.
Ikurrin bat masta erdira egongo da bihar Gipuzkoako Foru Aldundian, dolu keinu gisa. Gobernu bilerak egiten dituzten batzar aretoan ere xingola beltza jarriko zaio ikurrin bati.