Astearte gauean Jokin Perona hil zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun diputatua. Bizikletaz zebilen Zamorako Peleas de Abajo herrian (Espainia), auto batek harrapatu du, eta hil egin da. 21:15ean gertatu da istripua; ibilgailuak Perona eta harekin zihoan 10 urteko semea jo ditu, baina mutikoa ondo dago.
Guardia Zibilak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko, eta aurreratu du autoaren gidariak negatibo eman duela alkoholemia kontrolean. Peleas de Abajoko alkateak, berriz, hiru eguneko dolua ezarri du herrian. Hangoa da Peronaren emaztea. Hileta ostiralean egingo diote, Orion, sorterrian.
Orion jaioa zen, 1978. urtean; jeltzalea zen, enpresen zuzendaritzan lizentziatua, eta 2015. urtean sartu zen Gipuzkoako Foru Aldundian, Ogasuneko zuzendari nagusi izateko. 2020. urtetik zen Ogasun eta Finantza diputatua, eta, azken urteetan, TicketBai sistemaren sustatzaile nagusietako bat izan da. Aurrez, bankuetan lan egindakoa zen, nagusiki Kutxan.
Doluminak
Azken orduetan askok izan dute Perona gogoan. Sare sozialen bidez, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak doluminak helarazi dizkio haren familiari. «Lagun eta lankidea. Leiala, argia, zintzoa, maitagarria. Euskadi osoak zerbitzari publiko handi bat galdu du. Goian bego, Jokin», idatzi du. Mendoza Zamorara joan da, familiarekin egotera. Peronaren gorpua hiri horretako beilatoki batean dago.
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du gertatutakoa «kolpe gogorra» dela, eta doluminak helarazi dizkio familiari. Imanol Pradales lehendakariak, berriz, Peronarekin egindako azken agerraldi publikoaren argazkia partekatu du sare sozialetan, familiari «maitasuna eta hurbiltasuna» helaraziz. «Jokin Perona, pertsona osoa eta gizon maitatua. Gipuzkoarren eta Euskadi osoaren zerbitzura. Nire eta Eusko Jaurlaritzaren doluminak Jokin Peronaren familia, lagun eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren kide guztiei», borobildu du.
Joan den ostegunean egin zuen Azpeitian (Gipuzkoa) Peronak azken ekitaldia, Pradalesekin eta beste agintari batzuekin batera Gipuzkoako Eguna ospatzeko.
Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok ere sare sozialen bidez helarazi dizkio doluminak sendiari. «Arlo pertsonalean, lankide eta gobernukide bat galtzeaz gain, lagun handi bat ere galdu dut, eta haren falta sumatuko dut», gehitu du. Esan du «ohorea» izan dela Peronarekin proiektuak eta ideiak partekatzea.
Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak, berriz, adierazi du Perona «gertuko gizon, langile bikain eta pertsona maitagarria» izan dela, eta «bihotz-bihotzez» doluminak igorri dizkie familia, lagun eta alderdikideei.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrenak adierazpen bat argitaratu du, azaltzeko «jota» utzi dituela Peronaren heriotzak. Haren kudeaketa defendatu du: «Aurrekoek eraikitakoari arreta jartzen ikusi izan dugu (...); guztion diru publikoak zuhurki eta, aldi berean, ausarki gobernatu ditu». Azpimarratu du euskarari emandako garrantzia: «Euskadin euskara biziberritzeko egin den apustu politiko handi horren ispilu eta akuilu izan dugu Jokin, zerbitzu publikoan euskaraz egiteko eta zabaltzeko erabakia benetan hartuz Ogasun diputatu izanik».euskara biziberritzeko konpromisoa