Jokin Aranalde aske utzi dute

EIPK-ko mintzaidea, hilaren 17an Baiona inguruan atxilotu, eta Espainiaren esku utzi ondoren sartu zuten kartzelan.Gauez askatu dute Soto del Real kartzelatik, ordainetan bermerik eskatu gabe

Aitziber Laskibar Lizarribar Malen Aldalur
2014ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Hilaren 17an Frantziako Poliziak atxilotu eta Espainiakoaren esku utzi zuenetik, Madril inguruko Soto del Real espetxean zuten Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren (EIPK) mintzaidea, eta bart askatu dute, bermerik gabe. Presoak berak eman zion albistea atzo arratsean emazteari, espetxetik telefonoz deituta. Hamarrak aldera askatuko zutela jakinarazi zion.

Baiona inguruan atxilotu zuten Aranalde (Gaztelu, Gipuzkoa, 68 urte), Espainiako Auzitegi Nazionalak Frantziari iaz igorritakoeuroaginduaren harira. ETArilaguntza ematea leporatu, eta Espainiaren esku utzi zuen Frantziako Poliziak. Fernando Andreu epailearen aurrean deklaratu ostean, Soto del Real espetxean sartu zuten. Frantziak iazko irailetik zuen onartua euroagindu eskaera, baina Aranalde, «intsumisioa» egitea erabaki, eta ezkutatu egin zen. Zortzi hilabeteren ondoren, ekainaren 14an berreskuratu zuen ohiko bizimodua, Baionan euskal preso eta iheslarien eskubideen alde egindako manifestazioan agertuta.

Aurretik, iazko ekainean ere atxilotu zuten, Heletan (Lapurdi), EIPK-k Herria Dugu Arnas ekitaldia egin eta astebetera.

Preso gaixoen egoera larria

Preso gaixoak kalera lelopean, manifestazio bat egingo dute abuztuaren 9an Donostian, 17:00etan, gaixorik larri dauden euskal presoen eskubideen aldeko hainbat plataformak deituta.

Hiru dira osasun aldetik gaizki dauden preso gipuzkoarrak: Garikoitz Arruarte (Hernani), Ibon Fernandez Iradi (Lasarte-Oria) eta Aitzol Gogorza (Errenteria). Espetxe politikak lehen bezala jarraitzea eta «errealitate anker eta bidegabea larritu izana» salatu dute plataformetako ordezkariek, Donostiako agerraldian.

Gogorza 1999an atxilotu zuten, Frantzian, eta, gaixotasuna birsortu, eta laguntza psikiatriko espezializatua behar izan zuen. 2011n Espainiaratu egin zuten, eta urte berean obsesio konpultsibo aldi larriak izan zituen. Bi urte hauetan, sarritan eraman behar izan dute Bilboko Basurtuko ospitalera. «Askotan eraman izan dute erietxera, eta gurasoei ez diete abisatu», adierazi dioBERRIAri presoaren lagun batek: Garbiñe Herriondok.

Pozik dago Herriondo Errenteriako herritarrek emandako erantzunarekin. «Herrian sinadurak jasotzen ari gara, eta, egia esan, pentsamendu desberdineko jendeak sinatu du».

Fernandez Iradi 2003an atzeman zuten, eta 2011ko urtarrilaz geroztik zenbait sintoma neurologiko ditu. Bi urteren buruan jakin zuen esklerosi anizkoitza duela. Zigorra eteteko eskatu zuen Fernandez Iradik, eta Parisko epaitegiak onartu egin zuen. Baina ez dute aske utzi oraindik, ez diotelako eman Frantzian bizitzeko baimenik. Gipuzkoako preso gaixoen eskubideen aldeko herri plataformak jakinarazi du abokatuak eta fiskalak helegitea jarri dutela «zentzugabekeria juridikoa» konpontzeko.

Haren lagun Xabier Otaegik dio «oso garai latzak» pasatu izan dituztela. «Ibon ohean mugitu ezinik egon zen, eta ez zuen beharrezko laguntzarik jasotzen». Otaegik uste du nola dagoen ez jakitea dela okerrena, eta gaineratu du kartzelan bakarrik egoteak sortzen duen estres eta tentsio handiak «kalte» besterik ez diola egiten. Fernandez Iradiren lagunIxiar Arteagak esan du «sufrimendu eta egonezina» jasaten duen jende asko dagoela: «Presoen inguruan jende asko dago; denek sufritzen dute».

Arruarte ere 2003an atxilotu zuten, eta 2007an espondioartropatia diagnostikatu zioten. Plataformak salatu du gaixotasun degeneratibo larria duela; oso zaintza berezia eskatzen duen gaixotasuna da, eta ez du halako zaintzarik jasotzen kartzelan.

Haren lagun Usoa Barrutiabengoak uste du gaixorik larri dauden presoen inguruko kasuak errepikatu egiten direla. Kilometroak eta distantziak egiten zaizkio gogorrak, baina dio okerrena dela ez jakitea presoari benetan zer gertatzen zaion. «Gaixotasunari izen bat jartzen diote, baina, ez dizkiotenez behar beste proba egiten, ez dakizu benetan zer gertatzen zaion, eta ez zaude lasai». Gaineratu du «benetan gogorra» dela kartzelan gaixo egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.