Elizako sexu abusuak

Joan Paulo II.a, susmopean: pederastia estali izana leporatu diote

Ikerketa baten arabera, aita santuak babestu egin zituen abusatzaileak. Benedikto XVI.a akusatuen aulkian eseriko da, salaketa bertsuengatik

Ion Orzaiz.
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
«Ez zen konponbidearen parte izan, arazoaren parte baizik». Ekke Overbeek kazetari herbeheretarrak jopuntuan jarri du Joan Paulo II.a, Elizaren barruan izandako sexu abusuen auzian: Poloniako zerbitzu sekretuek desklasifikatutako agiriak ikertu ditu kazetariak, eta, haren arabera, dokumentazio horrek frogatzen du aita santuak estali egin zituela adingabeen aurkako sexu erasoak, bai Krakoviako gotzain zen garaian, baita Vatikanoan ere. «Krakoviako artzapezpiku zenean, Karol Wojtylak bazekien zenbait apaizek haurrez abusatzen zutela, eta zigorrari izkin egiten lagundu zien, beste elizbarruti batzuetara lekualdatuz». Handik urte batzuetara, Wojtyla aita santu izendatu zutenean, jokabide horri eutsi ziola gaineratu du Overbeekek NTR Herbeheretako telebista kate publikoko Nieuwsuur albistegian.

Eugeniusz Surgent apaiza izan zen Karol Wojtylak ustez babestu zituen abusatzaileetako bat: 1970eko hamarkadan, hiru urteko kartzela zigorra ezarri zioten, sei mutilez abusatzeagatik. Kartzelan zela, hartu-eman joria izan zuen Joan Paulo II.arekin gutun bidez, eta, zigorra konplitu ostean ere, apaiz lanari eutsi zion: besteak beste, umeei katekesia ematen. Adingabeen aurkako sexu-eraso salaketek ere ez zuten etenik izan, kasu ugari azaleratu baitziren 1980ko hamarkada osoan. Salaketa horiek, ordea, ez zuten aurrera egin. 77 urterekin hil zen Surgent, 2008an.

Ikusi gehiago:Argitara atera dituzte apaiz batek duela 60 urte Elgoibarren egin zituen sexu abusuak

Overbeeken arabera, 1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan gertatutako abusu ugariren berri izan zuen Joan Paulo II.ak, baina ez zuen ezer egin horiek geldiarazteko. Are, apaiz pederastak beste elizbarruti batzuetara, beren senideen etxera edo komentu batera bidali ohi zituen, kasuan-kasuan.

Jokabide horrek segida izan zuen Wojtyla aita santu izendatua izan ostean ere: Kristoren Legionarioen buru Marcial Maciel, Theodore McCarrick kardinal estatubatuarra eta Sodalicio de Vida Cristiana taldea sortu zuen Luis Figari perutarra inpunitate osoz aritu ziren urte horietan, baina Joan Paulo II.ak ez zuen zigor espedienterik zabaldu haien aurka. Joan Paulo II.a hil arte ez zituzten epaitu abusatzaile horietako batzuk. Frantzisko aita santuak apaizgotik kanporatu zituen McCarrik kardinala eta Fernando Karadima apaiza, besteak beste, eta horrek auzibidea erraztu zuen. Bostongo (AEB) abusuen kasuan, Bernard Law kardinalak dimisioa eman bai, baina Erromara joan zen justiziatik ihesi. Ez zen itzuli, eta estradizioa galarazi zuten bai Joan Paulo II.ak, bai Benedikto XVI.ak. 2017an hil zen.

Poloniako Elizak aho batez defenditu du 2014an kanonizatutako aita santua. Argudiatu dute «kontuz aztertu beharrekoak» direla Wojtyla agerian uzten duten agiriak, «erregimen komunistaren garaikoak» direlako. Are, Joan Paulo II.aren kanonizazioaren bultzatzaile Slawomir Oder bikarioak «deabruaren eskua» ikusi du aita santuaren aurkako akusazioen atzean.

Ratzinger, auzipetua

Heldu den urtean, epailearen aurrean deklaratu beharko du Benedikto XVI.a aita santu emerituak. Municheko (Alemania) gotzain zen garaian apaiz pederasta bat babestu izana egotzita. Aita santu bat akusatuen aulkian esertzen den lehen aldia izanen da. Peter Hullermann apaiza erruduntzat jo zuten 1980ko hamarkadan, adingabeei eginiko abusuengatik, eta Ratzingeren elizbarrutira lekualdatu zuten. Epaileek ebatzi beharko dute aita santu emeritua abusu horiek gordetzen saiatu zen ala ez. Edonola ere, Ratzinger ez litzateke kartzelan sartuko, adinagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.