Joan Mari Torrealdai idazle eta ikerlaria hil eta bi urte eskasera, Usurbilgo Udalak eta Jakin aldizkariak Joan Mari Torrealdai beka aurkeztu dute gaur, Usurbilgo Potxoenea etxean. Bi erakundeen arteko hitzarmenarekin, Torrealdaik bere bizitzan landutako esparruak ikertzen jarraitzea bultzatu nahi dute. Hala azaldu du Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak: «Ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan aritu zen Torrealdai bere bizitzan. Egoerak aztertu, eta etorkizunerako bideak planteatzen zituen, eta beka honek hari hori ez eteteko bitartekoa izan nahi du».
Usurbilgo Udala izan zen Jakini Torrealdairen «izena eta izana» uztartuko zituen egitasmo bat abiatzeko gogoa transmititu ziona, eta, bi erakundeek adierazi duten moduan, «azkar batean» adostu zuten bekaren sorrera, elkarren arteko «konplizitateak eta konfiantzak» horretarako bidea emanda. Izan ere, bi erakundeen arteko elkarlana bekaren sorrera baino lehenagokoa da. 2017tik hona, Jakin jardunaldiak ari dira antolatzen Usurbilen, Udako Euskal Unibertsitatearekin batera. Alkateak adierazi du ez dela kasualitatea Jakin jardunaldiak Usurbilen egitea, «Torrealdaik Usurbilen utzitako arrastoaren erakusgarri baizik»; 1960ko hamarkadan eta 1977tik 2014ra arte, Jakin aldizkariaren zuzendari izan zen Torrealdai.
2022. urtean emango dute lehenengoz Joan Mari Torrealdai beka, eta Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean izango da bekadunak landu beharko duen gaia, Haritz Azurmendi Jakineko teknikariak adierazi duen moduan: «Gaur egun euskarazko kulturaren askotariko arloetan dauden zer eztabaidetatik, zer esperientzietatik atera daitezke etorkizunerako irakaspenak? Non daude etorkizun desiragarriago baten aztarnak gaur egungo euskal kulturan? Edo, alderantziz: nolakoa imajinatzen da gaur egun etorkizuneko euskal kultura desiragarri bat?», azaldu du Azurmendik.
Ikerketaren emaitzak hainbat formatakoak izan daitezkeela dio Azurmendik: izan liburua, ikus-entzunezko produktua, webgune bat edo erakusketa bat. Banaka edo taldean parte hartu daitekeela adierazi du, eta[email protected] helbide elektronikora bidali behar da bekaren eskakizuna. Urriaren 24a izango da eskaerak bidaltzeko azken eguna. Ikerketa proiektuak bost irizpide zehatzen arabera baloratuko dituzteJakinek aukeratutako epaimahaiko bost kideek, proiektuen egileak zeintzuk diren jakin gabe. Behin beka esleituta, hemezortzi hilabete izango dituzte ikerketa egiteko, eta 14.000 euro jasoko ditu bekaren irabazleak, Manex Torrealdaik, Joan Mari zenaren semeak, adierazi duen moduan, ikerlariak «lasaitasunez eta askatasunez» lan egin dezan.
Ondare oparoa
Torrealdaik Euskal Herriari utzi dion ondare intelektuala goratu du Lorea Agirre Jakin fundazioko zuzendariak. 24 liburu oso, 47 liburu zati eta 517 artikulu idatzi zituen Torrealdaik. Iraultzaz izan zen lehen liburua, eta Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta azkena, hil ostean publikatu zutena. Agirreren arabera, euskararen inguruko hainbat gai landu zituen Torrealdaik: euskalgintzaren izaera, estrategia, egituratzea eta helburua; zergatik eta zertarako izan euskaldun; euskara batuaren estatusa eta sozializazioaren beharra; liburugintzaren ikerketa; euskararen zentsura; eta euskarazko komunikabideak.