Joan Mari Torrealdai beka sortu dute, ikerketarako

Torrealdaik landu zituen esparruetako ikerketak ez etetea du helburu. Usurbilgo Udalak eta Jakinek lau urterako hitzarmen bat sinatu dute

Usurbilgo Potxoenea etxean aurkeztu dute beka. USURBILGO UDALA.
inaut matauko rada
Usurbil
2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Joan Mari Torrealdai idazle eta ikerlaria hil eta bi urtera, Usurbilgo Udalak eta Jakin fundazioak Joan Mari Torrealdai beka aurkeztu zuten atzo, Usurbilgo Potxoenea etxean (Gipuzkoa). Bi erakundeen arteko hitzarmenarekin, Torrealdaik bere bizitzan landutako esparruak ikertzen jarraitzea bultzatu nahi dute. Hala azaldu zuen Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak: «Ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan aritu zen Torrealdai bere bizitzan. Egoerak aztertu, eta etorkizunerako bideak planteatzen zituen, eta beka honek hari hori ez eteteko bitartekoa izan nahi du».

Usurbilgo Udala izan zen Jakini Torrealdairen «izena eta izana» uztartuko zituen egitasmo bat abiatzeko gogoa transmititu ziona, eta, bi erakundeek adierazi duten moduan, «azkar batean» adostu zuten bekaren sorrera, elkarren arteko «konplizitateak eta konfiantzak» horretarako bidea emanda. Izan ere, bi erakundeen arteko elkarlana bekaren sorrera baino lehenagokoa da. 2017tik hona, Jakin jardunaldiak ari dira antolatzen Usurbilen, Udako Euskal Unibertsitatearekin batera. Alkateak adierazi du ez dela kasualitatea Jakin jardunaldiak Usurbilen egitea, «Torrealdaik Usurbilen utzitako arrastoaren erakusgarri baizik».

2022. urtean emango dute lehenengoz Joan Mari Torrealdai beka, eta Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean izango da bekadunak landu beharko duen gaia, Haritz Azurmendi Jakineko teknikariak adierazi duen moduan.

Izen ematea

Banaka edo taldean parte hartu daiteke, eta [email protected] helbide elektronikora bidali behar da bekaren eskakizuna. Urriaren 24a izango da eskaerak bidaltzeko azken eguna. Hemezortzi hilabete izango dituzte ikerketa egiteko, eta bekadunak 14.000 euro jasoko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.