Atzo aurreratu zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta gaur berretsi du Bingen Zupiria bozeramaileak: maiatzaren 9an Espainiako Gobernuak alarma egoera luzatzen ez badu, Jaurlaritzak berak ezarriko ditu neurriak. Iragarritako dekretu horrek mugimendua, gaueko ordutegiak eta biltze eskubidea arautu ahalko dituela adierazi du Zupiriak. Alarma egoera luzatu ezean, ostiralean aurkeztuko du dekretua Jaurlaritzak, datorren astelehenean, maiatzak 10, indarrean sartzeko: dena den, Zupiriak ez du dekretuaren beste nondik norakorik aurreratu.
«Datozen hilabeteetan neurriak hartzen jarraitu beharko dugula aurreikusi dute. Datorren uda ez da normala izango. Hilabete hauetan guztietan ikusi dugu mugimendua, biltze eskubidea eta gaueko ordutegiak arautzea eraginkorra dela». Horrela azaldu du Zupiriak Jaurlaritzaren helburua neurriak jartzea dela, autonomia estatutuak jasotako konpetentzien barruan betiere. Neurri horien berme juridikoaz galdetzean, «ahalik eta babes handiena» izaten ahaleginduko direla adierazi du.
Jaurlaritzako bozeramaileak ez du aurreratu nahi izan dekretu berriaren informaziorik, eta ez du Jaurlaritzaren iritzirik jakinarazi Espainiako Ministroen kontseiluak onartutako dekretu berriaren inguruan. Dekretu horretan baimendu dute Auzitegi Gorenera jotzea «babes juridiko bila» ezarritako neurri murriztaileren bat bertan behera uzten badu auzitegiak.
Dena den, gogorarazi du Urkulluk Pedro Sanchez Espainiako presidenteari zera eskatu ziola: alarma egoera estatu osoan luzatzea. Datozen asteetako egoera kudeatzea «zaila» izango dela aitortu du, baina osasunaren eta ekonomiaren arteko oreka bilatzen saiatuko direla.