Espainiako Gobernuaren osaketa. Barne ministro ohia. Jorge Fernandez Diaz

Joan da beste Barne ministro bat

Jorge Fernandez Diazek ez du segituko Barne ministro karguan, Mariano Rajoy presidenteak hala erabakita. Bost urteotan polizia bidea soilik erabili du. Katalan independentisten aurkako amarru bila ere aritu da.

Jorge Fernandez Diaz, 2014ko martxoan, Fiteron, Guardia Zibilaren kuartel berriko lehen jarria jartzen. IÑIGO URIZ / ARP.
enekoitz esnaola
2016ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Mariano Rajoyrena izan da ETArekin hitz egin ez duen Espainiako gobernu bakarra. Hura Moncloara heldu baino bi hilabete lehenago esan zuen ETAk jarduera armatua betiko utzi zuela, baina presidentea ez da mugitu. Eta gustura haren Barne ministro Jorge Fernandez Diaz (Valladolid, Espainia, 1950), Rafa Larreina Amaiurreko diputatu ohiak (2011-2015) dioenez: «PPk izan du errazen gatazkaren ondorioak ixteko. Fernandez Diazek mugitu duen bakarra Polizia izan da, ikuspegi hori baitu, ez bakearena». Ez du, ordea, karguan segituko, atzo jakin zenez.

2011ko abenduaren 22an jaso zuen Barne Ministerioko kartera, eta, lau egun barru, Antonio Basagoiti EAEko PPren orduko presidentea hartu zuen, Madrilen. «Lehen eskutik» jakin nahi zuen ETAren erabakiaz geroztik Euskal Herrian zegoen «giro politikoa». Basagoitik eta biek zioten «ona» zela ETAk indarkeria utzi izana. Baina «ETA desagertzeko exijentziari eutsi» beharra zegoela ere bazioten. Eta horixe izan da Barne Ministerioaren politika azken bost urte hauetan. «Rajoyrena egin du: ezer ez egin, ea gauzak usteltzen ziren», salatu du Larreinak. Horrek azalpen politiko bat ere izan du Amaiurreko diputatu ohiarentzat: «[Jaime] Mayor Orejak esaten zuen arazoa ez zela ETA, ETA osteko egoera baizik, proiektu independentistak indarra hartzeagatik. Rajoyk eta Fernandez Diazek gatazkaren ondorioak ezdituzte konponbidean jarri, eta blokeo egoera bat sortu dute».

Emilio Olabarria EAJko diputatu izandakoak ere (1986-1996, 2004-2015) txarretsi du Barne ministro ohiak Euskal Herriarekiko izandako jarrera: «Urteetan ETAren indarkeria izan ondoren, gure herri hau prozesu konplexu batean dago orain, zauriak sendatu nahian, eta euskal instituzioak eta gizartea lanean dabiltza. Fernandez Diazek, ordea, bide horretan ez du deus egin, eta, gainera, trabak jarri ditu. Adiskidetze prozesuei mespretxua baizik ez die adierazi». Olabarriaren iritzian, ez du sinisten bizikidetzan. «Buruan garaipen militarra dauka».

ETAk duela bi urte eta erdi pasa iragarri zuen hasi zuela armagabetzea, baina, harekin prozesua burutzeko nolabaiteko elkarlanean aritu beharrean, Barne Ministerioak, Guardia Zibila buru izanik, bestelako estrategia erabili du. Fernandez Diazek «ETAren konpartsa» izatea egotzi zien nazioarteko egiaztatzaileei, eta ohar bat zuzendu: «Hau da gobernuaren politika: ez dugu negoziatuko, terroristekin ez delako negoziatzen; terroristak garaitu egiten dira». Duela ia hiru aste Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin hartu-emanean, Paris ondoan ETAren arma ugari atzeman zuen, eta «garaiturik dago ETA. Gainera, operazio honek publizitatea egiteko bidea moztu dio», zioen artean Espainiako Barne ministro zenak. «ETAri heriotza agiria izenpetzea baino ez zaio falta; hots, desegin dela jakinaraztea». Orduan, «bestelakoa» izan omen liteke espetxe politika. Ordea, EPPK-ko kideei beti exijitu die barkamena, eta argitu gabeko hilketetan Poliziarekin kolaboratzea. «Ezker abertzalearen legez kanporatzea zela-eta PPri esan nion bake prozesua hamar urte atzeratu zuela. Fernandez Diaz beste hainbeste luzatzen aritu da orain», dio Larreinak.

«Espetxe frontean» ere bai

«ETAren espetxe frontearen» aurka ere aritu da. 2013an, Herrira-ren kontrako operazioa egin zuten —hemezortzi atxiloketa—, eta, geroztik, Xake, Mate eta Pastor, 28 lagun atzemanda: EPPK-ko bitartekariak, presoen abokatuak, Etxerat-eko kideak edota medikuak. Dirua ere atzeman zuen Guardia Zibilak Mateoperazioan: iazko urtarrileko Bilboko manifestazioaren ondoren, 70.000-90.000 euro, jendeak bere borondatez Sareri emandakoak.

Larreinaren ustez, «politikari baldarra da». Esaterako, duela bi urte Xakeoperazioan atxiloketak gertatu baino lehen ohar bidez iragarri zituen Barne Ministerioak; hamabi minutu lehenago. Katalunian politikari independentisten aurka egiteko «Polizia politikoa» erabili izana leporatu izan diote. Nabarmen geratu zen behin: Daniel de Alfonso Kataluniako Iruzurraren Kontrako Bulegoko presidenteari esan zion independentistak ataka zailean jartzeko amarruren bat prestatu beharra zutela. Grabazioak lekuko; aurten atera dira argitara. Elkarrizketa hori 2014ko urrikoa da, Kataluniako kontsulta baino hilabete lehenagokoa. Olabarriak «estatuko botere ilunak» erabili izana egotzi dio. Larreinak uste du Europako beste edozein herrialdetan hori egindako ministro batek berehala aurkeztuko lukeela dimisioa. Beste behin, Bankia auziko kide garrantzitsu bat hartu zuen bere bulegoan: Rodrigo Rato, Jose Maria Aznarren (PP) gobernuko presidenteorde ohi izana. Orduantxe soilik azaldu zen EAEko PP Fernandez Diazekiko pixka bat kritiko; «gardentasuna» eskatu zion Laura Garridok.

Barne ministro ohiak ez ditu maite abertzaleak. «Behin, Kongresuan torturari buruz aritu nintzaion, eta erantzun zidan harentzat nik esandakoa entzutea zela tortura», kontatu du Onintza Enbeita Amaiurreko diputatu izandakoak. Larreinak azaldu du koalizio independentistak galdera bat egitean «urduri» jartzen zela ministroa.

Josu Uribetxeberria kasua

Maite, Eliza katolikoa maite du. Esana da: «Espainia, kristaua izango da edo ez da izango», «konbikzioa dut Jainkoa Kongresuan ere badela»... Olabarriak atera dio puntarik: «Oso kristaua dela dio, baina etorkinak itsasertzean tiroka hartu zituen haren poliziak». 2013an galdetu zioten zein izan zuen ordu arteko une politikorik txarrena, eta erantzun zuen, «dudarik gabe», preso bat aske utzi beharra izan zela. Hilzorian zen preso hura: Josu Uribetxeberria.

Segurtasunaz ere badu kritikarik EAJko kideak: «Herritarren Segurtasunerako Legea egin du PPk, mozal legea, baina ez da konstituzionala, nire ustez. Bestalde, Euskadiko Poliziaintegrala, Ertzaintza, zahartzen ari da, PPren gobernuak ez du uzten ertzain berriak sartzen, eta Fernandez Diazi esan nion Euskadiko segurtasuna kolokan egon daitekeela. Erasanik ez hari. Erabat da jakobinoa».

Aita militarra zuen, eta haren destino bategatik Valladoliden jaio zen ministro ohia. Dena dela, bizia Bartzelonan egin izan du —Kongresura PPtik handik aurkeztu zen azkeneko bozetan ere—. Baina Fitero (Nafarroa) ere ondo ezagutzen du, aita zena han sortu baitzen. Sendia tarteka joaten da hara. PPkoa 2014ko martxoan Guardia Zibilaren Fiteroko kuartel berriaren lehen harria jartzen izan zen, ondoan, besteak beste, apaiz bat eta Yolanda Barcina Nafarroako orduko lehendakaria zituela.

Joan da beste Barne ministro bat. Utzi du. Iritsi da beste bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.