Jimenezen lekukoa jokoan

Maiatzeko bozetarako PSNren presidentegaia aukeratzeko primarioak egingo dituzte gaur.Amanda Acedo kritikoa eta Maria Txibite sektore ofizialeko kidea lehiatuko dira

edurne begiristain
2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur dute eguna Nafarroako 5.514 militante zein jarraitzaile sozialistek maiatzeko bozetarako presidentegaia aukeratzeko. Bi izenen artean hautatu beharko dute gaurko primarioetan: Maria Txibite (Cintruenigo, 1978) eta Amanda Acedo (Torres del Rio, 1959). Biak ala biak lehiatuko dira 2015eko foru hauteskundeetarako zerrendaburu izateko. Bi proiektu izango dira aurrez aurre: sektore ofizialaren ordezkari da Txibite, eta kritikoarena Acedo. Bietako bat garaile irtengo da gaurko barne hauteskundeetatik: horretarako, 54 gune izango dira zabalik Nafarroan botoa emateko,10:00etatik 20:00etara.

Asteotan ibili dira bi hautagaiak kanpaina egiten, eta,gaurko bozketaren bezperan, pozik agertu dira izandako parte hartzearekin. Txibite izan da Nafarroako sozialisten abalik gehien jaso dituen izena. Atzo azaldu zuenez, bere proiektuarekiko atxikimenduak handituz joan dira hilabeteotan, eta horiei esker hainbat arlotarako gidalerroak zehaztu ditu honezkero. Gaurko bozketan, «politikak aldatzeko» gehiengo nahikoa izateko esperantza du Txibitek. Acedorentzat, berriz, «oso aberasgarria» izan da kanpaina, etagaurko irabazlea bata ala bestea izan, primarioek alderdian «ilusioa» pizteko balio izango dutela uste du. Hala, «masiboki» botoa ematera joatekodei egin die afiliatu eta militanteei, horrek «PSN indartuko» duelakoan.

PSNren lidergoa noren esku geratuko den dago jokoan gaurko bozketan.Noiz, eta alderdia aspaldiko egoerarik kaskarrenean dagoen honetan. Azken urteotan UPNri emandako babes politikoak eta PSOEk Barcina gobernutik kentzeko zentsura mozioari betoa jartzeak liskarrak sortu ditu alderdi barruan zein boto-emaileen artean. Azken hauteskundeetako emaitza txarrek, gainera, ez dute lagundu giroa baretzen. Erronkaren jakitun, «aldaketak» iragarri dituzte bi hautagaiek.

Txibitek Roberto Jimenezen zuzendaritza taldean pisua izan duten bi pertsonaren babes politikoa dauka: bata Elena Torres Ongizate kontseilari ohia da, eta bestea Javier Remirez eleduna. Txibitek «sinesgarritasuna», «koherentzia», «gardentasuna», eta, batez ere, «politikan berreskuratu beharreko etika publikoa» aldarrikatu ditu herritarren konfiantza berreskuratzeko. «Esaten duguna bete behar dugu. Konfiantza ez da hitzekin irabazten, ekintzekin baizik», esan izan du. 36 urte ditu, eta soziologian lizentziaduna da. Nafarroako Parlamentuan hautetsia izan zen 2007tik 2011rako legealdian. Eta egun, Espainiako Senatuan dihardu.

Acedo, berriz, Roberto Jimenezen zuzendaritzarekin kritiko azaldu den sektoreko ordezkarietako bat da. 2008an, alderdiko idazkari nagusi izateko lehiatu zenJimenezekin, eta, 2011n, Manuel Campillo Tuterako hautetsiaren alde egin zuen. Babes horren eraginez, zerrendetatik kanpo geratu zen iragan hauteskundeetan. Gaur irabaziz gero, PSNko idazkari nagusi izateko aurkeztuko dela aurreratu du. «Militantzian» oinarritutako hautagaitza agindu du Acedok. BERRIAk asteon egin dion elkarrizketan azaldu duenez, gaur garaile irteten bada barne aldaketak egingo ditu alderdian, PSN «parte hartzaileagoa» izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.