«Ezin da pankarta baten atzean eta gobernu barruan egon». Gobernu haustura Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiari leporatzen dio oraindik ere Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak.Parlamentuko foru erregimeneko batzordean, ordea, Barcinak ukatu egin du pertsonalizazio hori PSN zatitzeko taktika bat dela, eta leialtasun falta egotzi dio presidenteorde ohiari. Martxoaren 29ko greba orokorraren alde egitea, bere departamentuko erabakiak «amaierarik gabe atzeratzea»,udal maparen erreforma UPNrekin kontsultatu gabe aurkeztea eta bereziki kontuen fidagarritasuna zalantzan jartzea aurpegiratu dio Jimenezi. «Nafarroak ez zuen lehendakariorde hori zuen gobernua merezi».
Haren azalpenean, Roberto Jimenez agertu da hausturaren erantzule bakar gisa. Haren hitzetan, presidenteorde ohiak ondotxo zekien aurrekontu egoera zein zen. «Erakunde guztiak merkatuen begiradapean gauden honetan, jasanezina eta onartezina da lehen presidenteordeak iradokitzea Nafarroa zuloz eta iruzurtiz betetako txosna bat dela. Zinez, hain probokazio handia izan da, non harritu egiten nauen kargutik kentzeak ustekabean harrapatu izana Jimenez». Gobernu haustura lortzeko soka tenkatu nahi izan duela aipatu du.
PSNko idazkari nagusiaren aurka salaketa horiek guztiak egin ostean, Barcinak esan du PSNrekin gobernatzeko formulan «sinesten» duela. «Formulak porrot egin du, eta horren erantzukizuna neure gain hartzen dut, baina uste dut ez duela ezer onik ekartzen elkarri errua botatzeak».
Lizarberen ohartarazpena
Hitz egiteko bere txanda heldu denean, PSNko eledun Juan Jose Lizarbek bere ironia erabili du: «Honela laburbil daiteke UPNren estrategia: presidente gajoa, hain presidenteorde maltzurra izan du, ezen behartu egin duen gobernutik kentzera». Ironia hor amaitu da, hauxe erantsi baitu: «Hainbeste gauza larri eta iraingarri ezin daitezke esan bere zeregina prestu bete duen pertsona bati buruz. Ostiralero hanka sartzen duzu gero eta gehiago, eta horren arazoa da hanka atera behar dela». Koalizioan eta gutxiengoan gobernatzen ez jakitea aurpegiratu dio, eta gogora ekarri dio Miguel Sanzek esan berri duela etorkizunean UPNk ez duela gobernatuko Nafarroan. «Orandik ere ez duzu esaten egia; PSN gobernutik bota zenuen; ez duzu gero errurik inori bota nahi, baina kargutik kendu zenuenari botatzen diozu. Ez gara leloak».
Gobernu hausturaz gain, Barcinak kontuen gain ere hitz egin du. Ordubeteko diskurtso egin du, eta kontuen egongaiztasuna krisiari egotzi dio erabat. Emandako zifretan, ordea, agerian geratzen da zorpetzearen igoeraren atzean, defizita ez ezik, sozietate publikoak, itzalpeko bidesari finantzaketa eredua eta AHT daudela. Barcinaren arabera, kontuen egoera «argia» da. Era berean, iraganean aurrekontuetan gastua beti igotzeko prest izatea leporatu dio oposizioari: «Zer gertatuko zatekeen UPNk gobernatu izan ez balu? Ez dut imajinatu nahi».
Guztiz kontrakoa leporatu dio Bilduko Maiorga Ramirezek: «Nafarroako kontuak ez dira ez gardenak, ez argiak». Kontuen iluntasunaz baliatu izana leporatu dio, eta gogora ekarri dizkio iraganeko gehiegikeria guztiak. «UPN ezinbestekoa dela iruditzen zaizu? Uste duzu zure porrot politikoa eta gobernu haustura jada amaitu dela, eta espero duzu berriro hutsetik hastea? Gainbehera hasi besterik ez da egin, ez du bueltarik da». Barcinak esan du gaur egun gobernatzea herritarrei bere eskubideei uko egitea dela, eta Ramirezek kezkagarritzat jo du adierazpen hori. Ramirezek porrota onartzeko eta behingoz hauteskundeak aurreratzeko esan dio. Ramirezek argi utzi du irailetik aurrera kontuen gaineko ikerketa batzorde bat irekiko dela parlamentuan, eta hasieratik gaurdainoko kontuak ikertuko direla.
Patxi Zabaletak ere ezinbestekotzat jo du kontuak ikertzea, egungo egoeraren «zergatiak eta ondorioak» argitzeko asmoz. «Oso kezkatuta» agertu da zorpetze mailagatik. Bost urtez jarraian aurrekontuetan «nahita» ez asmatzea leporatu dio, eta aurtengo zifren gorabeherekin azalpen erabatekorik ez dela ematen deritzo: «Auzi honetan gakoa ez dira zifrak, baizik eta zuen sistema osoa ari dela huts egiten».
Jimenezen leialtasun faltari egotzi dio Barcinak gobernuaren haustura
Presidenteak azaldu du PSNk kontuen auzia Nafarroako Gobernutik irteteko aitzakia gisa baliatu duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu