Krisia Nafarroan

Jimenezek ez du dimisioa emateko asmorik, «erantzukizunagatik»

PSNko buruzagiaren ustez, «kafkarra» da krisia sozialistek ordaindu behar izatea, eta Elena Valencianok haren jokabidea txalotu duRubalcabarekin bildu da Jimenez, eta biek Barcina egin dute egoeraren erantzule

joxerra senar
Iruñea
2014ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Eta hemen ez da ezer gertatu. Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia eta Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia Ferrazen bildu ziren atzo, Madrilen. Bileran bertan elkarri esandakoak, jakina, ez zituzten jakinarazi; baina, prentsa ohar baten bidez, PSOEk irudikatu nahi izan zuen bere babesa duela azken asteetan Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioaren bandera astindu duen liderrak: Jimenezek. Asteazken gauean PSOEk PSNko zuzendaritzari kargu hartu eta gero, oharrean bi buruzagi sozialistek krisiaren erantzukizun osoa Barcinaren gain utzi nahi izan dute, eta maiatzaren 25erako bozak aurreratzeko eskatu diote. Bilera aurretik, Jimenezek iragarri du ez duela dimisioa emateko asmorik, «erantzukizunagatik».

Rubalcabarekin bilera egin aurretik, SER irrati kateari eskainitako elkarrizketan Jimenezek onartu du «une batzuetan» kargua uzteko aukera pasatu zaiola burutik, baina bi arrazoirengatik erabaki duela atzera egitea: «Batetik, beti egin izan dut erantzukizun ariketa, nahiz eta gauza batzuk gustuko ez izan». Bestetik, haren ustez, «egoera kafkarra da,Nafarroako Gobernuari eragiten dion krisi bat sozialistek ordaindu behar izatea gauzak aldatzen saiatzeagatik».

Ez du zehaztu, ordea, Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiaren salaketaren ondotik urratsak gaizki neurtu eta gehiegi aurreratu ote zen edo PSOEko zuzendaritza federalak atzera egitea erabaki duen. Jimenezen esanetan, hasiera-hasieratik «eskutik helduta» joan dira, baina kanpotik jasotako presioak eta «Bilduren gaiak» erabaki dute azken erabakia. Hala ere, hori esanda, ez du ukatu ikuspuntu desberdinak dituztela Sarasatek eta Ferrazek. «PSNko zuzendaritzan pentsatzen genuen beharrezko zela zentsura mozio bat aurrera ateratzea Barcina gobernutik kentzeko, egoera jasanezina baita, eta zuzendaritza federalak ulertzen du ezin direla Bilduren botoak erabili mozio hori sustatzeko. Ebrotik behera Bildu ez da hemen bezala ikusten». PSNko buruaren esanetan, «tristeena» da Barcinak beste hamabost hilabete dituela aurrean, eta «Nafarroako gizartearentzat hamabost hilabeteok alferrikakoak izango dira».

Rubalcabak ez du hitz egin afera honetan; bai Elena Valenciano Europako Legebiltzarrerako hautagai sozialistak. Krisia lehertu zenean, Valencianok elkarrizketa batean esan zuen hura ez dela Bildurekin joango «ezta kalearen bestaldera ere, eta are gutxiago abentura politiko batean». Orain Valencianok azpimarratu du «erantzukizun handiz» jokatu duela PSNk. Haren ustez, PSOEk «bere lana» egin du eta «nafarren interesen eta boto-emaileen alde egin du». Hala, orain, Barcina kritikatu du. «Haren gobernua Bilduk blokeatuta eta blindatuta dauka», argudiatu du, eta interes pertsonalak nafarren beharren gainetik jartzea leporatu dio.

Bestelako ikuspuntua azaldudu Amanda Acedo PSNko Tafallako zinegotzi eta parlamentari ohiak. Acedok eta beste hainbat kargu sozialistek osteguneko lurralde batzordean PSNko zuzendaritzaren dimisioa eskatu zuten. Hark esan duenez, «oso krisi sakonean» dago alderdia. «Programa eta proiektua berregokitu behar ditugu herritarren artean gutxieneko sinesgarritasuna berreskuratzeko. Oraintxe, lurpean dago». Hurrengo hautagaia aukeratzeko prozesuan militanteei eta PSNren gertuko pertsonei aukera emateko eskatu du.

Barcinak, jaramonik ez

Nievesek lehen agerraldia egin ondoren, Barcina estu eta larri ibili zen; dena den, kosta ahala kosta egoerari aurre egin zion. Orain, PSOEk atzera egin eta PSNk zentsura mozioa ez aurkezteko aginduari men eginda, gobernuburuak ez du atzera egingo. Alderdi sozialistatik heldu zaizkion kritikei entzungor egin die. PSNk behin eta berriz dio hark orain solaskide politiko izateari utzi diola, baina kritika hori dela-eta Barcinak lasai jokatzeko eskatu die sozialistei: «Unean uneko adierazpenak izan dira adierazpenok. Beste une batean esan zuten ez zutela PPrekin edo Bildurekin hitz egingo. Itxaron dezagun. Lurralde honetan akordioaklortu behar ditugu, eta itunekin jarraitu».

Denen ahotan dabil Bildu, eta haren eledunetako Maiorga Ramirezek «lotsagarritzat» jo du PSNk «herritarrei hitza emateko beharrari traizio egin izana». Nafarroatik kanpoko interesak lehenestea «onartezina» dela uste du. PSNrenganako konfiantza «lurpean» dagoela ere esan du. «Herritarrei iseka egin diete. Nafarroan aldaketa politikoa nahi duen inor ezingo da PSN alderdiaz fidatu, eta erantzukizun politiko horri hauteskundeetan erantzun beharko diote.

Aralar-NaBaiko Xabi Lasaren irudiko, «alternatiba izateari utzi dio PSNk». Pello artzainaren ipuinarekin alderatu du gertatutakoa: «Ez gaitu ezustean harrapatu. Lehen aldia balitz, tragedia izango zen; baina, orain, ia komedia bat da».

Geroa Baiko Manu Aierdiren ustez, berriro etsipena eragin dute sozialistek Nafarroan. «Ez dira gai nafarren interesak alderdiaren interes aurretik jartzeko». Ausardia politiko falta egotzi die.

Ezkerrako Jose Miguel Nuinen aburuz, PSNren erabakia «erratua» eta «etsigarria» izan da.«Zer eredu federal du PSOEk, baldin eta beti Nafarroako eskuinaren aurrean aldaketa eragozten badu? Hori ez da federalismoa, hori zentralismoa da».

PPN «pozik» azaldu da PSOEk hartutako erabakiarekin. Eloy Villanueva parlamentariaren irudiko, Nafarroak ez du orain hauteskunderik behar. «Herritarrek lau urtero aukeratzen dute eta ikusiko dugu zer gertatzen den PSNrekin datorren urtean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.