Jimenezek dimisioa eskatu dio Barcinari, eta hark, berriz, parte hartze handiagoa

PSNk «lehentasunezko solaskide» izateari utzi diola esan dio UPNri; «aurrerapauso txiki bat» nabaritu du Barcinak

UPNko Yolanda Barcina, Oskar Arizkuren eta Carlos Garcia Adanero eta PSNko Maria Txibite, Roman Felones eta Roberto Jimenez, atzo. J. MANTEROLA/ ARP.
joxerra senar
Iruñea
2013ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Batek arre, besteak so. Roberto Jimenezek Nafarroako lehendakariaren dimisioa exijitzen du, Barcinak uste du UPNren eta PSNren arteko harremanetan «aurrerapauso txiki bat» eman dela. Batek Madrildik datozen erreformak ez babesteko exijitzen dio UPNri, besteak Nafarroan egonkortasuna lortzeko parte hartze handiagoa eskatzen dio PSNri. Ia bi orduz bilduta egon ziren atzo UPNko eta PSNko ordezkaritzak Nafarroako Parlamentuan, eta, kazetarien aurrean egindako adierazpenen arabera, bi bilera desberdinetan egon zirela irudi zuen. Edo, gutxienez, hori irudikatu zuten Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak eta Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak.

Barcinak telefono dei batenbitartez kanporatu zuen gobernutik Roberto Jimenez iazko ekainaren 14an. Gobernu hausturaren ondotik, UPNk ez du gehiengo nahikorik parlamentuan bere politikak aurrera ateratzeko. Urte hasierarekin batera, Nafarroako Kutxaren eskandaluek kolokan jarri dute Barcinaren lidergoa. Dieten auziagatik, epaileak Miguel Sanz, Alvaro Miranda eta Enrique Maia inputatu ditu, baina Barcinak trago txar hori saihestea lortu du oraingoz. Ezegonkortasun politikoaren erdian, iragan astean telefono dei baten bidez negoziatzeko eskaera egin zion Jimenezi.

Atzo bildu ziren, 12:30ean. UPNren taldean, Barcinarekin batera, Oscar Arizkuren idazkari nagusia, Carlos Garcia Adanero Parlamentuko eleduna eta Juan Luis Sanchez Muniain gobernuko eleduna zeuden; PSNko taldean, berriz, Roberto Jimenez, Juan Jose Lizarbe Ekonomia gaietarako idazkaria, Santos Cerdan Antolamendu idazkaria, Roman Felones presidentea eta Maria Txibite senataria. Jimenezen ustez, bi buruzagien arteko giroa «zuzena» izan zen. Barcinaren arabera, espero bezala ,«adeitsua» izan zen, «nahiz eta tentsio uneak izan».

Komunikabideen aurrean, krisiari eta langabezi handiari irtenbide bat emateko beharra adierazteko orduan bat egin zuten UPNk eta PSNk. Hortik aurrera, Roberto Jimenezek parlamentuan sortu berri den Enpleguaren Mahaian proposamenak egiteko galdegin zion Barcinari. Mahai horretan plazaratuko dituzte parlamentuko alderdi guztiek euren proposamenak, eta ekainaren 11rako ondorioak kaleratzea espero da. Gobernuko lehendakariari, berriz, orain presa sartu zaio, nahiz eta krisia hasi zenetik lauzpabost urte iragan diren. «58.000 langabeek ezin digute itxaron. Lehenbailehen jarri behar ditugu bat egin ditzakegun neurriak. Ez da itxaron behar neurriak hartzeko».

Komunikabideen aurrean, bi eztenkada sartu dizkio Barcinak PSNri. Batetik, legealdi honetan gobernuak egin asmo dituen planen eta neurrien zerrenda bat aurkeztu die sozialistei eta komunikabideei. Jimenezen arabera,neurriok «izendatzera mugatu da». Haatik, kazetarien aurrean Barcinak azaldu du PSNrekin bat egin dezaketen neurriak «bilatu» dituztela eta iragan urrian PSNk enplegu eta ekonomia arloan iragan urrian aurkeztutako proposamenak jaso dituztela. Horri lotuta, aurrerago etorri da Barcinaren bigarren eztenkada: «PSNk parte hartze handiagoa edukitzea nahiko nuke. Rubalcabaren hitzak nire egin nahi nituzke. Iruñean berriki esan zuen gobernuko presidenteari zegokiola parte hartze handiena hartzea, baina benetako arazoei aurre egiteko akordiorik lortu ezean, porrota alderdi guztiona da».

Gorren arteko solasaldia irudikatu dute, komunikabideen aurrean gutxienez. Roberto Jimenezen arabera, Nafarroako egungo krisi instituzionalaren arduraduna UPN eta Yolanda Barcina dira. «Nafarroako Gobernua ahul dago, presidenteak hala nahi izan duelako. Gobernu hausturaz haratago, akordio bat genuen hitzartuta, eta haren edukia sistematikoki ez dute bete». Hori horrela, Roberto Jimenezek berretsi du ez dutela Barcinarengan konfiantzarik, eta, horregatik, aurrez aurre dimititzeko eskatu dio. Eskaera hori nola egin duen galdetu diote Roberto Jimenezi kazetariek: «Normal-normal, bestetan bezala. Ez duzu gure konfiantzarik. Ez duzu akordiorik bete. Eta konfiantzarik ez duzunez, dimititu ezazu».

Ohiko erantzuna erabili du Barcinak ere kazetarien aurrean. «Herritarren arazoak edozein erresumin pertsonalen gainetik jarri behar dira». Arazo pertsonalak albo batera uzteko galdegin dio Jimenezi. Dena den, kazetarien aurrean Barcinak nahiago izan du Sanchez Muniainek erantzutea gai horri. «Hauteskundeek eta parlamentuak ematen diote zilegitasuna presidente bati, eta parlamentuak berak bere mekanismoak ditu».

Garai politiko berria

Roberto Jimenezen esanetan, Nafarroan «garai politiko berri bat hasi da, eta politika egiteko modu berri bat eskatzen du». UPNri ohartarazi dio «lehentasunezko solaskide» izateari utzi diola. «Ez da posible sozialistekin bi aldeko erdi-akordio bat nahi izatea, Madrilen lan erreformak eta menpekotasunean zein sendagaietan murrizketak onartzen diren bitartean». Bazterketarik gabeko elkarrizketa politikoaren alde azaldu bada ere, aldaketa «arduratsu eta aurrerakoi bat» sustatzeko blokea osatu nahi duela adierazi du, baina Bildu gabe. «Hain zaila da ulertzea hitz egiteak ez duela derrigorrez esan nahi akordiorik hitzartuko dela?».

UPNk, ordea, ez du gustuko PSNren jokabide hori. «Bildu ez da konponbidea, arazoaren parte da». Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak asteon egindako proposamena bere argudioa sendotzeko baliatu du: «Bilduk ekonomia suspertzeko neurrien aurka egon ohi da. Komunikabideetako lerroburuak irakurri besterik ez dago. Urkullu jaunak, langabeziaren arazoari aurre egiteko orduan, Bildu baztertu du».

Hauteskundeak aurreratuko ote diren galdetuta, Jimenezek erantzun du lehentasuna Enplegu Mahaiak duela orain: «Ikusiko dugu zer gertatzen den». Bere burua ezegonkortasunaren erantzule ikusten duen galdetu zaio, berriz, Barcinari: «Herritarren arazoei konponbideak bilatzearen arduradun sentitzen naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.