Jesus Urra hil da, Batzarreren sortzaileetako bat

76 urterekin hil da. Ibilbide luzea egin du Nafarroako ezkerreko alderdietan. Batzarrek esan du Urrari esker gizartea hobea dela.

Urra, lehen planoan, Batzarreren prentsaurreko batean, 2008. urtean LANDER FDEZ. ARROYABE / ARGAZKI PRESS
Urra, lehen planoan, Batzarreren prentsaurreko batean, 2008. urtean LANDER FDEZ. ARROYABE / ARGAZKI PRESS
Kerman Garralda
2024ko azaroaren 28a
18:55
Entzun

Jesus Urra politikari nafarra zendu da bart, 76 urterekin. Nafarroako eragile politiko nabarmena izan da, bereziki ezkerrean. ETA Berri, UNAI, Auzolan eta EMK alderdietan parte hartu zuen. Azken alderdi horretatik Batzarre sortu zuen, «ezker euskaltzaletzat» jotzen zen alderdi bat, baina denborarekin ezker abertzaletik urrundu dena. Egun, Zurekin Nafarroa koalizioaren parte da. Euskal Herritarrok eta Nafarroa Bai koalizioetan ere parte hartu zuen iraganean.

Urra 1948. urtean jaio zen, Artatzan, Ameskoabarrenan (Nafarroa). Iruñeko seminarioan Giza Zientziak ikasi ostean, Parisera joan zen Soziologian trebatzera. Han hasi zen politikara hurbiltzen. Affna 36 elkarte memorialistaren bultzatzaileetako bat ere izan zen —1936ko Nafarroako errepresio faxistaren errealitatea ezagutarazteko eta belaunaldi berriei transmititzeko lan egin du elkarte horrek—..

Batzarrek nabarmendu du «hura gabe gaur gizartea txarragoa» litzatekeela. «Bizitza osoa Nafarroari lotuta, gizarte justu, aske eta baketsu batekin konprometitua». Alderdikideen esanetan, gutxiengoetan sinesten zuen, «baldin eta entzuten bazekiten eta gizartearen onenarekin bat egiten asmatzen bazuten». Era berean, ekintza politiko instituzionala eta ekintza soziala konbinatzen asmatu zuela esan dute. «Ikusi zuen bi gauzek bere funtzioa zutela eta aukeratu beharrik ez zegoela».

«Ezker erradikalaren» presentzia instituzionalaren alde egin zuela goraipatu dute, joera horren parte izan gabe. «Kontzientzia hori nahiko ezohikoa izan zen eta da ezkerreko lerroetan», gaineratu du Batzarrek. «Aniztasunaren defentsa bere jardun politiko eta sozialaren ezaugarrietako bat bihurtu zuen hamarkadetan. Adibidez, tradizio nazionalistekin nahastu ez zen euskalduntasun bat ere uztartu zuen». 

Azkenik, Urraren pentsamendu kritikoa goraipatu du Batzarrek. «Beti lagun izan zuen». Ideia guztiak galbahetik pasatzen zituela azaldu dute.

Azken urteetan politikako lehen lerrotik aldenduta zegoen. Haren lekukoa Joseba Ezeolazak hartu zuen. Ezeolazak, sare sozialen bidez, «aita politikoa» deitu dio. «Bazekien politika askotan eraginkortasunaren eta etikaren arteko tentsioan mugitzen zela», nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.