Jesus Mari Larrazabal, gizon «sutsua»

Gertukoek «ekitaldi xumea» eskainiko diote Larrazabal zenari, igandean. Zumaian egingo dute, politikari eta filosofoaren sorterrian. Hurkoek haren izaera eta ibilbide profesionala gogoratu dituzte BERRIAn.

Jesus Mari Larrazabal, ezkerrean, Sorturen legalizazioaren aldeko manifestazioan (2011). GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun

Ekainaren 29an urte bat beteko da Jesus Mari Larrazabal Antia politikari eta filosofoa (Zumaia, Gipuzkoa, 1948-Donostia, 2021) hil zenetik. Haren heriotzaren lehen urteurrenean, haren gertukoek «ekitaldi xume» bat eskaini nahi diote ILCLI Institutuaren sortaile eta zuzendari izan zenari, Zumaian, igande honetan. Larraitz Zubeldia Arruabarrena Larrazabalen ikasle eta lankide izan zen, eta dio ekitaldiaren xedea «ingurukoak elkartzea» eta haren figura gogoratzea dela. Zumaiako (Gipuzkoa) Zumaiena ikastetxeko aretoan egingo dute ekitaldia, 12:00etan, eta sarrera librea izango da. Lehenik eta behin, Ibon Koteron musikari eta Larrazabalen ikasle ohiak bi pieza interpretatuko ditu: Pablo Sorozabalen Gernika eta Joxan Artze eta Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak. Ondoren, bideo luze bat proiektatuko dute.

Larrazabalen ingurukoek gizon «sutsua» zela diote: «Dena barru-barrutik bizi zuen, oso intentso, bai onerako eta bai txarrerako. Izan ere, jende askok maite zuen, baina bere izaeragatik etsaiak ere izan zituen. Inor epel uzten ez duten horietakoa zen», definitu du Zubeldiak.

Frantzian egin zituen unibertsitate ikasketak Larrazabalek. 1972an joan zen Parisera. Ekonometriako promozioan lehena geratu zen, eta filosofiako ikasketetan logikan espezializatu zen. Amerikako Estatu Batuetan eta Frantzian bertan ikerketan aritzeko eta lan egiteko aukerak izan zituen, baina garbi zuen Euskal Herrira itzuli nahi zuela. «Euskal Herriarentzat kalitatezko euskal unibertsitate publiko bat nahi zuen Larrazabalek; horregatik itzuli zen. Argi zuen beti zer nahi zuen», dio Zubeldiak.

Deustuko Unibertsitatean jarduteko proposamenak izan bazituen ere, unibertsitate publikoa hobetsi zuen, eta UNEDen eta EHUn aritu zen. 1992. urtean lortu zuen EHUko Logikako katedra, eta hurrengo urteetan goi karguak izan zituen Filosofia Fakultatean. 1979tik eta 1983ra bitartean Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu izan zen, eta UNEDen eta EHUren egituraketan lagundu zuen. Hala ere, «berak nahi zuenetik urrun» zegoen sortu zen unibertsitate publikoa, eta hori aldatzeko ahaleginak egin zituen ahal zuen guztian. Dena den, askotan pareta bat aurkitzen zuen parean.

ILCLI Institutua

Logika, Kognizio, Hizkuntza eta Informaziorako Institutuaren sortzaile izan zen Larrazabal, eta urte asko eman zituen bertan ikerketan eta irakaskuntzan, baita zuzendaritzan ere. 1993an sortu zen institutua, eta ikerketa filosofikoa, zientifikoa eta teknikoa egiten dute, euskaraz eta ingelesez gehien bat. Zubeldiaren arabera, zorrotza bazen ere, asko laguntzen zien ikasle eta lankideei. Baliabide urriak zituzten, eta ikerlari gehienek modu prekarioan egiten zuten lan, Zubeldiaren esanetan: «Nahiz eta animatu egiten gintuen unibertsitateko ibilbidea jarraitzera, hasieratik garbi uzten zigun zein zen egoera, zaila eta luzea baita lan duina izan bitarterako bidea».

Politikan jaioa

Gazte zenetik hasi zen talde eta eragile politikoetan militatzen. Herri Gaztedi taldean ibili zen 1972. urtera arte. 1979tik eta 1983ra bitartean diputatu izan zen Gipuzkoako Aldundian, Herri Batasuna koalizioaren barruan. LAIA HBtik atera zenean, beste bide bat  hartu zuen Larrazabalek. 2009tik 2010eko ekainera arte Eusko Legebiltzarrean egon zen; Eusko Alkartasunako legebiltzarkide bakarra izan zen legealdi horretan, baina, bihotzeko arazoak zirela eta, kargua utzi behar izan zuen.

Kepa Korta Larrazabalen ikasle eta lankide ohiak 2018an Gogoa aldizkarian jasotakoaren arabera, euskal estatu baten sorrera izan zen haren jardun politikoa gidatu zuen helburua. Kortaren arabera, EAJri eta ezker abertzaleari estatu hitza baztertzea egozten zien Larrazabalek: «Estatuaren ordez autonomiaz hitz egiten dutenei nazionalista deitzen die Jesus Marik. Hitzetik hortzera, independentzia zerabilten askok ere estatu hitza baztertu izan dute maiz. Eta ernegatu egiten du horrek Jesus Mari. Euskal estatuaren sorrera izan da helburua beti Jesus Marirentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.