PSE-EEk eta EH Bilduk talka egin dute Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaritza kontseiluaren izendapenean. Kontseiluan, batetik, alderdi bakoitzeko lau legebiltzarkide egongo dira: Iñigo Iturrate (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu), Rodolfo Arez (PSE-EE) eta Carmelo Barrio (PP). Bestetik, independente gisa beste hiru kide izendatu dira. EAJk proposatuta, Mikel Manzisidor hamar urtez Unesco Etxeko zuzendari izandakoa; EH Bilduk proposatuta, Francisco Etxeberria Aranzadi elkarteko presidentea; eta PSEren ekimenez, Jesus Loza, Patxi Lopezen agintaldian Bizikidetza batzordeko burua.
Lozaren izendapenak eragin du polemika. Julen Arzuaga EH Bilduko eledunak salatu du ez duela baldintzarik betetzen independente izateko. «Meritu bakarra du PSEren kargu politikoak izatea». Koalizio abertzaleak gaineratu du ez duela karguak eskatzen duen ezagutza teknikorik edo izen on akademikorik: «Egiazko aditu bat hautatu beharrean, PSEk nahi izan du profil politikoa duen bat hautatzea, bere komisario bat».
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea «nahiko harrituta» agertu da, EH Bilduk hain gogor kritikatu duelako Lozaren izendapena. «Politikagintzan aritu izanak ez du inor bihurtzen pertsona baztertu». Haren esanetan, Lozak urte asko daramatza politikatik kanpo, eta «akordioaklortzeko lan handia» egin zuen Patxi Lopezen agintaldian, memoriaren, presoen eta biktimen arloan. Pastorren ustez, Lozak Langraiz bideko presoekin egindako lanak enbarazu egin diezaioke koalizio abertzaleari: «Lan egin zuen Langraizen birgizarteratzea onartu zuten ETAko preso horiekin. Beste preso batzuk ez dute urrats hori egin nahi izan edo ez diete utzi ematen».
Aresen izendapena
Iñigo Cabacas herri ekimenak,berriz, prentsa ohar bidez gogor salatu du PSE alderdiko kontseiluko kidea Rodolfo Ares izatea. «Izendapen hau guztiz ilogikoa eta mingarria dela adierazi nahi dugu». Taldeko kideek gogora ekarri dutenez, Iñigo Cabacas gazte bilbotarra hil zutenean, Rodolfo Ares Barne sailburu zen: «Beraz, arduradun politiko zuzena zen, eta prozesuaren hasiera-hasieratik oztopoak baino ez ditu jarri, eta inolaz ere ez da biktimen ondoan egon kasu honetan».
Hiru urte iragan dira hilketa hartatik, eta, orain arte, ez politikoki ez judizialki ez da kasua argitu. «Hala ere, oldarraldiaren arduradun politiko zuzena Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutuko kide izendatu dute inolako lotsarik gabe». Ekimeneko kideek salatu dute horrek erakusten duela «arduradun politiko askoren lotsa eta errespetu falta».
Atzo, gobernuko webgunetik herritarren galderei erantzun zien Jonan Fernandezek, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Elkarbizitzaren zuzendariak. Iraganean gertatutako giza eskubideen urraketa oro argitzea funtsezkotzat jo zuen, «edo, bederen, horretan ahalegintzea». Fernandezek azpimarratu zuen ez duela ondo ikusten gizarte osoari biktima izaera ematea: «Etorkizunari aurre egiteko bidelagun txarra da biktimismo kolektiboa». Biktimistotik aldentzeko deia egin zuen, hortaz.
Giza eskubideen urraketen biktima gisa lehen mailan jarri ditu terrorismoaren edo indarkeria politikoaren biktima «zuzenak». Gaineratu du, halaber,pertsona desagertuen inguruko plan bat aterako duela laster Eusko Jaurlaritzak, eta kasu horietan protokolo bat zehaztuko duela.
Jesus Loza Memoriaren Institutuko kide izendatu izana salatu du EH Bilduk
Arzuagak gaitzetsi du ez izatea independente, PSEren «komisarioa» delako.Pastorrek dio Lozaren lanak enbarazu egin diola koalizioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu