ZARAUTZ. Mario Onaindia fundazioaren sari banaketa egin zen atzo, Zarautzen (Gipuzkoa). Politikari sozialista horren heriotzaren urteurreneko ekitaldia egin zen han, beste behin, eta, euskal sozialisten zuzendaritzako kideekin batera, Joaquin Almunia PSOEko agintari ohia izan zen gonbidatuen artean, besteak beste. Aurtengo sari nagusia, berriz, Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohiak jaso zuen, Mario Onaindiaren alargun Esozi Leturiondoren eskutik —argazkian—.
Egungo egoera politikoaren azterketa egiteko baliatu zuen aukera Egigurenek. Esan zuen alderdi sozialista «indartsu» dagoela orain —Espainiako Gobernuan agintean—, eta hori baliatu behar dutela EAJri «presio handiagoa» egiteko. Jeltzaleek estatutu berriaren inguruan hartutako bidea «albo batera» utzi dezaten egin behar baita presioa Egigurenen ustez, estatus berri hori «Ibarretxe plana baino okerragoa» baita, eta «Katalunian bezala bukatzeko arriskua» ikusten baitu.
Jesus Egigurenek jaso du Mario Onaindia saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu