Giza eskubideen aldeko aldarrikapen erraldoi batek hartu ditu gaur Bilboko kaleak, Sare Herritarrak deitutako manifestazio nazionalean. Gatazka politikoarekin lotuta, 142 euskal preso daude espetxean gaur egun. Salbuespen legeak indargabetu eta lege arrunta aplikatuz gero, gehienek kalera ateratzen hasiak behar lukete, gradu progresioa dela medio. Salbuespen horiek «behin betiko» eten daitezela eskatu dute gaurko manifestazioan. Sare Herritarrak deituta egin da. Casillatik abiatu da manifestazioa, 17:00etan, eta udaletxerainoko bidea egin du, Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza lelopean. 18:30 aldera iritsi dira bukaerara.
Manifestazioaren buruan hauek joan dira: Ane Muguruza estatu indarkeriaren biktima, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia, Garazi Hach Embarek giza eskubideen aldeko ekintzailea, Arantza Aldezabal EHUko irakaslea, Amaia Izko abokatua, Eva Ferreira Harrera elkarteko presidentea, Patxi Bisquert aktorea eta Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohia, besteak beste. Haiekin batera izan dira Sare Herritarreko eledun Bego Atxa eta Joseba Azkarraga. Rosa Rodero ETAren biktima ere lehen lerroan izatekoa zen, baina ezin izan da bertaratu, gaixo dagoelako.
❕Hasi da @sare_herritarra|k deitutako manifestazio nazionala Bilbon, txalo zaparrada artean. Euskal presoen kontrako salbuespen neurriak «behin betiko» amai daitezela eskatzeko, milaka herritarrek kaleak hartu dituzte. @berriapic.twitter.com/7C0isHO68K
— Olatz Silva Rodrigo (@olatz_silva) January 11, 2025
Hainbat alderdi eta gizarte eragilek deitu dute manifestazioan parte hartzera. Euskal Herriko alderdien artean, EH Bilduk eta EH Baik «masiboki» parte hartzera deitu dute, uste baitute euskal presoen auzia konpondu beharra dagoela bizikidetzan aurrera egiteko. Tartean ziren Arnaldo Otegi, Pello Otxandiano, Laura Aznal, eta Gorka Elejabarrieta, Xabi Larralde eta Nerea Peponnet. Sortuko Arkaitz Rodriguez eta EAko Eba Blanco ere bai.
Junts, ERC eta CUP alderdietako ordezkariak ere Bilbon izan dira; besteak beste, Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidente ohia eta Laura Borras legebiltzarreko presidente izandakoa. Mes Per Mallorca eta BNG alderdietako ordezkaritza bat ere egon da.
Euskal Herriko bi sindikatu nagusiek ere parte hartzeko deia egin dute. ELAk bat egin du manifestazioarekin, «giza eskubideen alde eta gatazkaren ondorioen behin betiko konponbidearen alde» egingo duelakoan. LABek ere parte hartzera deitu du. «Uste dugu Euskal Herriak konponbide bidezkoa eta demokratikoa behar duela gatazkari dagokionez. Horrekin lotuta, preso, iheslari eta deportatuek behingoz etxean egon behar dutela ere uste dugu, horixe baita bakerantz eta elkarbizitza bidezko eta demokratikorantz aurrera egiteko bidea».
Sindikatu horren esanetan, orain arte egindako urratsak mobilizazioei esker lortu dira, eta horregatik jotzen du garrantzitsutzat mobilizatzen segitzea. Era berean, irizten dio beharrezkoa dela neurriak hartzea preso ohiek lanerako sarbidea eta pentsioa eskuratzeko aukera izateko.
ANC eta Omnium Cultural-eko ordezkariak ere etorri dira Bilbora. Baita Kataluniako Abokatuen Koordinakundeko ordezkariak ere.
Atzetik joan dira senideak, presoak etxeratzearen aldeko banderolak eskuetan. Jendearen txalo zaparrada artean egin dute udaletxerainoko bidea.
Goizean goizetik hasi dira euskal presoen eskubideen aldeko aldarria zabaltzen. Zazpikaleetan trikitilariak, erraldoiak, buruhandiak eta dultzaineroak ibili dira kalez kale, euri apur bat egin arren. Helburua izan da «aldarrikapena eta festa uztartzea», antolatzaileen esanetan.