Ehunka pertsona elkartu dira gaur eguerdian Azpeitiko plazan (Gipuzkoa), herritar talde batek deituta, Nagore Alkorta alkateak Corrugadosen irekieraren auzian eginiko kudeaketa babesteko eta hari sostengua adierazteko. Alkortak, hunkituta, eskerrak eman dizkie bertara joandakoei: «Gaur, Azpeitiko herriak hitz egin du. Herriaren hitzaren gainetik ez dago ezer. Egon seguru guk eutsi egingo diogula. Gure proiektua Azpeitia da; beraz, hel diezaiogun batzen gaituen horri, eta jarrai dezagun Azpeitia hobeago bat egiten».
Amaia San Vicentek ere hartu du hitza, mobilizaziora deitu duen taldearen izenean: «Nagore jarri dute jopuntuan, baina herritar asko ere minduta sentitu gara. Horrek ekarri gaitu herriko plaza honetara, Nagore babestera eta Corrugados auzian izan duen jarrera gure egitera». Izan ere, uste dute, «gezurraren aurrean, argumentuak» erabili dituela Alkortak: «Irainaren aurrean, errespetua; interes politiko eta ekonomikoen aurrean, zintzotasuna eta herriaren zaintza».
Eskerrik asko! pic.twitter.com/IlPDau8jgq
— Nagore Alkorta (@alkorta_nagore) May 29, 2021
Azken egunetan eztabaida politikoa zabaldu da Corrugadosek Azpeitiko lantegia zabaltzeko aukeraren harira. Alkortaren azalpena da CL taldeak ez duela aurkeztu proiektu ekonomiko sendorik, eta ezinezkoa zela lantegia oraingo lursailean irekitzea, 2013ko hirigintza planak debekatzen duelako hor industria jarduerarik kokatzea.
Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak ukatu egin du udalaren tesi nagusia: udalak ez zuela nahikoa informazio proiektuari buruz. Azaldu zuenez, martxoaren 11n Corrugadosen jabe Cristian Lay taldeko ordezkariek bilera bat izan zuten Azpeitiko Udalarekin, Jaurlaritzarekin eta aldundiarekin, eta hor informazio zehatza eman zien bere asmoei buruz.