Jendetza bildu du Sorionekuak mugimenduak Iruñean, euskararen alde

'Euskara, nafar guztiona' lelopean, festa egin dute egunean zehar, eta manifestazioa arratsaldean.

Manifestazioaren burua, Antoniutti parketik abiatzen. BERRIA
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 10a
18:01
Entzun

«Batzuek pentsatzen dutenaren kontrara, euskara ez da inondik heldu: euskara hemen zen, euskara hemen da. Eta izango da». Jendetzak txalo zaparrada batekin hartu ditu Saioa Cresporen hitzak, manifestazioaren bukaeran. Tuterako Argia ikastolako zuzendariak (Nafarroa) mezu argia eta zorrotza bidali die euskara «toponimia hutsa» edo «museoetan gordetzeko pieza» izatera mugatu nahi dutenei: «Euskara da gure bizitza blaitzen duen ezinbesteko elementua [...]. Euskara parkeetan eta kalean baitago, tabernetan, gure arteko solasaldietan, eskolan, kirolean, kulturan, aisialdian; finean, gure egunerokoan dago, gure bizitzan».

Euskara, miretsi bainoago, erabili egin behar dela eta horretarako aukerak eta baliabideak behar direla aldarrikatu dute milaka lagunek Iruñeko kaleetan, Sorionekuak egitasmoak deituta. Zehazki, 10.000 pertsona batu dira deialdira, antolatzaileen esanetan. Gaurkoa, ordea, manifestazioa baino gehiago izan da: egun osoz, Iruñea festaren koloreez margotu dute sorionekuek.

Goizetik, jai giroa nagusi izan da Taconera parkearen eta Basotxo kalearen ingurumarietan. Horixe izan da sorionekuen elkargunea, eta ekitaldi ugari izan dira goizez eta arratsaldez: dantzaldiak, txarangak, Irulegiko eskuak egiteko tailerrak, kale animazioa, Iruñea Kantuz, Txantreako erraldoi eta buruhandien konpartsa... Salmenta postuak ere paratu dituzte hainbat tokitan, eta erruz saldu dira Irulegiko Eskuaren logoa daramaten elastikoak eta jertseak. Crespok bere hitzaldian esan bezala, euskararen herriak erakustaldia egin du hiriaren bihotzean.

Eguneko ekitaldi nagusia, baina, arratsaldeko manifestazioa izan da. Antoniutti parketik abiatu da mobilizazioa, txarangaren doinu artean. Ume talde batek urratu du bidea, Sorionekuak egitasmoaren banderola zeramatela. Atzean, manifestazioaren lelo nagusia zuen pankartari eusten zioten manifestuaren sinatzaileek: Euskara, nafar guztiona irakur zitekeen, eta horren gibeletik, milaka lagun batu dira euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Hamaika doinu eta kolore

Ibilbide motzeko manifestazioa izan da gaurkoa: Antoniuttiko patinaje pistatik, Gaztelugibeleko kalea hartu dute manifestariek, eta, Pio XII.aren etorbidea zeharkatuta, Taconeraraino eta Basotxo kaleko gune nagusiraino joan dira bueltan. Ibilbide motzekoa, baina alaia eta koloretsua. Zenbaitetan, sanferminetako kalejira jendetsu bat zirudien, ohiko manifestazioa bainoago. Izan ere, txarangaren doinuez gain, mobilizazioa kolorez jantzi dute momotxorroek, hartzak, jentilek eta euskal mitologiako beste zenbait pertsonaiak.

Beste talde batzuek ere bat egin dute sorionekuen deialdiarekin, eta bakoitzak bere aldarrikapen propioak eraman ditu festara: «Gora aniztasuna!» irakurtzen zen EH 11 Kolore ekinbidearen pankartan; Hordago taldeak, berriz, zonifikazioaren aurkako eta euskararen ofizialtasunaren aldeko mezua nabarmendu du.

Basotxo kalera iritsita, hitza hartu du Crespok, Sorionekuak manifestuaren sinatzaileen izenean. Euskara «kanpotik ekarritako» elementu gisara tratatzen duten diskurtsoak arbuiatu ditu Tuterako ikastolako zuzendariak: «Nafarroa euskara da, eta euskara, Nafarroa», laburbildu du. «Abestian esaten zen bezala, Nafarroa euskararik gabe ez da arraroa, sorionik gabe ez da arraroa: euskararik gabe, Nafarroa ez da». Horregatik, «eskubide berdintasuna» eskatu du euskaldunentzat: «Justizia soziala aldarrikatzen dugu: ez dugu besteek baino oztopo gehiago merezi». Hitzaldiaren amaieran, azpimarratu du euskararik gabeko Nafarroa bat ezin dela «ez ulertu, ez onartu, ezta gozatu ere», eta bertaratutako euskaltzale guztiak gonbidatu ditu «euskararen aldeko bidea batera egitera».

Gaurko deialdiak eragile ugariren babesa jaso du. Besteak beste, bat egin dute euskalgintzako eragile nagusiek —Kontseilua, Topagunea, Behatokia, EHE, AEK, IKA—, hezkuntzaren alorreko zenbait elkartek —Sortzen, Nafarroako Ikastolen Federazioa—, sindikatuek —LAB, ELA, Steilas, ESK—, alderdi politiko batzuek —EH Bildu, Geroa Bai— eta gazte erakunde ugarik —Gazte Euskaltzaleen Sarea, Ikama, Ernai—. Horiez gain, Nafarroako hainbat herritan ere ekitaldiak egin dituzte aurreko egunetan, Sorionekuak egitasmoarekin bat eginez: Berriozarren, Lekunberrin, Zangozan...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.