Jendetza bildu da Gatzaren etxe aurrean, bizi osoko zigorraren aurka

Herrizaingo Sailaren debekuen eta Ertzaintzaren jazarpenaren gainetik, ehunka lagun batu dira ZornotzanProzesua elkarrekin abiarazteko deia egin du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak

Gatzaren etxe aurrean batutako herritarrak eta ertzainak, aurrez aurre. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Zornotza
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Ia 31 urteko espetxealdiaren ondoren askatu berri duten Jose Mari Sagardui Gatza-ri omenaldirik ezingo zitzaiola egin ohartarazia zuen Herrizaingo Sailak, Gatza kaleratu ere egin aurretik. Harrerarik ere ezingo zitzaiola egin esan zuen, iragarrita zeuden ekitaldi guztiak espresuki debekatuta. Biziarteko zigorraren aurka antolatutako mobilizazioa ere debekatu zuten. Baita debeku horien aurka herritar talde batek Elkartasuna ez da delitua lelopean deitu zuen manifestazioa ere. Herritarrek egin nahi zituzten aldarri horiek guztiak, ordea, ezin izan zituzten isilarazi atzo Zornotzan. Jendetzak egin zion harrera preso ohiari bere presentziarekin. Bizi guztiko zigorra salatu, zigorra luzatu dieten presoei elkartasuna adierazi eta elkartasuna ez dela delitua aldarrikatu zuten.

Goizetik hasi zen herria jendez betetzen. Udaberriko jaia antolatuta zegoen, eta jai giroa izan zen nagusi Zornotzako kaleetan. Sagardui bera ere ibili zen ospakizunean, eta espetxetik atera bezain laster agindutako besarkada eta esker onak herrikideei banan-banan ematen aritu zen etengabe.

Ondoren, 17:30erako, jendez lepo bete zen Zelaieta plaza. Gatzaren etxe aurrean dagoen plazaBiziarteko zigorrik ez! zioten txartelak eskuetan zituzten ehunka eta ehunka lagunek bete zuten. Geldirik zeuden, preso ohiaren gurasoen etxera begira. Han zegoen Gatza, balkoian, txartel bera eskuetan zuela eta alboan emaztea, alaba eta gurasoak zituela.

«Gatza, gudari, herria zurekin!», oihukatu zuten plazan bildutakoek etengabe. Preso ohiaren etxe azpia ertzainez josia zegoen. Zortzi furgoneta pilatu ziren, eta ertzainak plazara sartzen hasi ziren. Jendetzak lurrean eserita jarraitzen zuten. Ertzainek zortzi lagun gutxienez lurretik arrastaka izkina batera eraman eta identifikatu zituzten, eta bat ez beste guztiak libre utzi. Bilboko emakume bat atxilotuta eraman zuten, eta ordu batzuk beranduago askatu. Astelehenean epaiketa azkarra egingo diote.

Tentsio uneak izan ziren eta inguruko etxebizitzetan hainbat lagun atera ziren balkoietara eltzeak kolpatuz protesta egitera.

18:00etan, azken agurra egin zuten Gatzak eta bere familiak balkoitik, eta etxera sartu ziren. Protestariak ere plazatik mugitzen hasi ziren, baina erabat joan gabe. Minutu batzuk geroago, preso ohia kalera atera zen, eta jende artean igaro zuen plaza agur eta besarkada artean, jendetza atzetik txalo eginaz segika zuela. Auto batean sartuta joan zen.

Presoak, prozesuan eragitera

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa ere Zornotzan egon zen atzo. Egitekoa zen ekitaldian irakurtzeko gutuna prest zuen, eta, ekitaldirik egin ez zen arren, helarazi zuen mezua. Gatzaren tinkotasunarekiko miresmena plazaratu, eta, euskal presoen izaeraren eredutzat jarri zuten: «Euskal Herriaren aurkako inposizio politikoaren pean aplikatzen diguten espetxe politika hiltzaile honen porrota ageri-agerian utzi dugu».

Espetxeetan Euskal Herriaren aldeko «borrokan jarraitzeko prest» daudela ohartarazi du kolektiboak; «borrokari lotuak garelako, gurean jarrera pertsonalak edo damuketa politikoak tokirik ez duelako; gure bizi osorako benetako zigor preziatua Euskal Estatuarenganako konpromiso zintzoa baita». Hortaz, konponbide prozesua bultzatzeko nahia azaldu du. «Askatasuna ekarri behar duen demokraziarako prozesuari hauspoa emanen diogu».

Duela hiru egun arte kolektiboko kide izan duten Gatzari eskatu diote mezua zabaltzeko: «Herritarrei esaiezu bizi osorako espetxe zigorra edota politika krudel guztien gainetik, kolektibo honek eutsi egingo duela; eragin egingo dugula gure herri honek demokraziarako bidea egin eta Euskal Estatuak ametsetik errealitatera jauzia eman dezan». Hartarako, kanpokoen zein barrukoen elkarlana aldarrikatu du: «Elkarrekin egin dezagun indar prozesu demokratiko bati abia emateko, demokraziarako bidea egiteko, injerentziarik gabe, gure herri honen etorkizuna geurea izan dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.