1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzeko egun berezia da gaurkoa Gasteizen. Duela 49 urte, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzarra egiten ari ziren langileen aurka modu basatian oldartu zen Polizia Armatua. Tiroka sartu ziren, eta bost langile hil eta ehunka lagun zauritu zituzten. Aurtengo urteurrenean, San Frantzisko eliza memoria gune izendatu dute ofizialki, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu baita. Memoria osatzeko beste urrats bat izan zela aitortu zuten Martxoak 3 elkarteak eta sindikatuek, baina gogorarazi dute oraindik bide luzea geratzen dela egia, justizia eta erreparazioa lortzeko. Eta erakundeei gogorarazi diete «premiazkoa» dela behar diren neurriak hartzea biktimek eskubide guztiak bermatuak izan ditzaten.
«1976ko sarraskia gogoratu, erantzuleen inpunitatea salatu eta biktimen eskubideak aldarrikatu behar ditugu», nabarmendu du Leire Manzanosek, Martxoak 3 elkartearen izenean, hildakoen omenez Zaramaga auzoko oroitarrian atzo arratsaldean egindako ekitaldian. Eta gogorarazi du gertatutakoaren memoria «bizi-bizirik» dagoela Gasteizen: «Ez ditugu ahazteko ez sarraskiaren biktimak eta ez krimenaren erantzuleak».
Izan ere, gogorarazi dute Espainiaren zigorgabetasun ereduak bere horretan segitzen duela, Francisco Franco diktadorea «ohean» hil zela 50 urte pasatu badira ere. «Hemen ondo dakigu frankismoa ez zela egun hartan amaitu; diktaduraren erreforma ez zen izan ez baketsua, ez eredugarria». 1976ko sarraskiak ongi erakusten dute hori, hain justu ere, martxoaren 3ko hilketak «errepresio sistema baten izozmendiaren punta» baino ez baitziren izan, adierazi dutenez.

«Espainiaren zigorgabetasun ereduak hamarkadak daramatza estatuaren indarkeriaren milaka biktima diskriminatzen», salatu dute. Horregatik, biktima horientzako ere egia, justizia eta erreparazioa eskatu dute beste behin. «Horiek gabe, hemen ez dago demokraziarik ospatzerik». Eta erakundeei neurriak hartzeko eskatu diete, biktima guztien eskubideak bermatzeko eta haien «diskriminazio jasanezina» amaitzeko.
Martxoak 3 elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek gorazarre egin diete Romualdo Barrosori, Francisco Aznarri, Pedro Martinez Ociori, Jose Castillori eta Bienvenido Peredari, haien omenez jarritako oroitarrian. Aurreskua dantzatu diete, eta lore eskaintza egin. Ehunka lagunek «herriak ez du barkatuko» oihukatu duten bitartean. «Gure omenaldirik onena gaur eta hemen justizia sozialaren alde borrokatzen jarraitzea dela aldarrikatu nahi dugu», azpimarratu dute. Eta gogoan izan dituzte, halaber, sarraski hura salatzeko Bartzelonan eta Basaurin (Bizkaia) hildakoak ere. Zaramaga auzoko plaza esanguratsua oroimenerako eta aldarrikapenerako topaleku bilakatu baita egun osoz.
Plazatik bertatik abiatuta manifestazioa egin dute iluntzean, Faxismoaren aurrean antolatu, eskubide sozialak borrokatu lelopean. Milaka pertsonak hartu dituzte Gasteiz erdiguneko kaleak. Katedral Berrian amaitu dute protesta, 1976ko hileta jendetsuak gogoan hartuta. Bide horretan, Gasteiz etorbidea ere zeharkatu dute; Martxoaren 3ko memoriaren mapan «esanahi handiko» tokia da hura ere, gogorarazi dutenez, «egun hartako errepresioaren lekuko» izan baitzen. «Jeneralisimoaren etorbidea» deitzen zen orduan. «Goizetik Polizia armatua gogor oldartu zen inguru horretan, Los Angeles elizan deituta zegoen batzar batera joan besterik egin nahi ez zuten oinezkoak eta langileak joz eta tirokatuz».
19:30 inguru zirela, martxa Gasteizko hiribidetik zihoala, istiluak izan dira Ertzaintzaren eta protestan ari zirenetako batzuen artean. Zenbait lagunek edukiontziak errepide erdira bultzatu eta botilak jaurti dituzte, eta poliziak oldartu egin zaizkie. Iaz ere manifestazioaren aurka jo zuen Poliziak.
Memoria gune
Goizean, berriz, hildako langileak omentzeko egiten diren lore eskaintzetan izan da Fernando Martinez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikoaren estatu idazkaria, Maider Etxeberria Gasteizko alkatearekin eta Marisol Garmendia EAEko ordezkariarekin batera. Martinezek ere loreak eskaini dizkie, eta pozgarritzat jo du eliza eta 1976ko martxoaren 3ko «gertaera lazgarriak» memoria gune izendatu izana.
Martinezek gehitu du pauso horrekin «ahaztezin» bihurtu dela eliza «Gasteizko, Euskadiko eta Espainiako langileentzat». Haren esanetan, «langileen ongizatea eta baldintzak hobetzeko borroka legitimoaren sinbolo dira gertakari lazgarri horiek». Gogoan hartu du eliza hura eremu sozial bat zela, eta bertan biltzen zirela modu iraunkorrean langileak, hilabete haietako grebak antolatzeko. Aldi berean, Martinezek uste du «diktadorearen heriotzaren ondotik oraindik praktika horiek zituzten polizien jazarpenaren sinbolo ere» badela. «Diktaduraren zapalkuntzaren aurkako erresistentziaren erreferente bat da, une hartan ez baitzegoen eskubide politikorik eta sindikalik, eta langileek eliza hura erabiltzen baitzuten elkarrekin euren aspirazio eta borrokei buruz aritzeko».
Eusko Jaurlaritzaren izenean Maria Jesus San Jose Justizia sailburuak eta Ibone Bengoetxea Otaolea lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburuak egin dute lore eskaintza. San Josek gogoratu du lan eskubideak defendatzen ari zirela hildako bost langileak. «Gizartea duintzeko» egin zuten lana eskertu du, eta gogoratu du «gaurko gizarte demokratikoa eraikitzen hil zirela».
Arabako EAJren ordezkaritza zabal bat ere izan da Zaramagan, eta lore eskaintza egin dute Martxoaren 3ko oroitarrian. Jone Berriozabal Araba Buru Batzarreko presidentea buru, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, eta udaleko eta batzar nagusietako EAJren hautetsiak egon dira. Berriozabalek «memoria, justizia eta erreparazioa» eskatu ditu biktimentzat, eta baita gertatutakoa berriro gerta ez dadin bermatzea ere. Gogoratu du oroimenezkoa martxan jartzeko urratsak egin direla jada, eta dena ongi bidean datorren urterako martxan egotea espero dutela.
Otegi: «Lotuta geratu zena askatu behar da»
Bestalde, EH Bilduk ekitaldi jendetsua egin du San Frantzisko elizaren ondoan, eta Arnaldo Otegi idazkari nagusiak hitza hartu du. Duela 49 urte Poliziak hildako bost langileen argazkiak oholtza gainean zirela mintzatu da Otegi, eta senideen aurrean. Bost langileen memoria aldarrikatu du, eta Martxoaren 3ko borrokaren bidez langileriak lortutako eskubideak gogora ekarri. «Gaur egun ez genuke eskubiderik izango herrien eta langile mugimenduaren borrokarik gabe».

«Gaur 49 urte bete dira Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik, eta aurten 50 dira Francisco Franco hil zela, baina frankismoak hor dirau», adierazi du Otegik, eta orduko «irakaspenak» ez ahazteko deia egin. Izan ere, haren ustez, gaur ere «bi pultsu daude jokoan», langile klasearena eta nazionala, eta korapilo bi horiek askatzeko lanean jarraitzea funtsezkoa da. «Trantsizioa ez zen demokratikoa izan, eta orduan lotuta geratu zena askatzea falta dugu», ohartarazi du.
Gaur egun bezala, 1976ko martxoaren 3ko borroka «aldaketa politiko eta sozialaren» aldekoa izan zela gogoratu du Otegik. Eta esan du orduan bezala orain ere ezinbestekoa dela «nazio askapenaren» alde eta «politika sozialista eta progresisten» alde borrokatzea. Martxoaren 3ko borroka eredugarritzat jo du EH Bilduko idazkari nagusiak, eta bide horri segitzeko deia egin: «Herri honen esperantza Martxoaren 3an loratutako esperantza izango da».
Ekitaldi politikoaren ostean, lore eskaintza egin du EH Bilduk biktimen aldeko oroitarrian. Otegirekin batera, koalizioaren ordezkaritza zabala izan da Gasteizen; besteak beste, Pello Otxandiano, Arkaitz Rodriguez, Rocio Vitero eta Eva Lopez de Arroiabe izan dira.
Oroitarria, lorez lepo
Biktimen aldeko oroitarria lorez bete da goizean goizetik. Alderdi eta sindikatuek, nork bere aldetik, loreak utzi dituzte bost langileen omenez, eta egindako adierazpenetan gogoan izan dituzte 1976ko biktimak eta haien borroka. Sumarreko legebiltzarkide Jon Hernandezek, adibidez, adierazi du Martxoaren 3a langileen borrokaren eredu dela, eta haiei esker dituztela gaur egun langileek eskubideak. «Borrokarik gabe ez digu inork ezer oparituko», erantsi du.
Podemosi dagokionez, David Rodriguez Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Garbiñe Ruiz udaleko bozeramaileak parte hartu dute omenaldian, alderdiko hainbat kargu eta militanterekin batera. Ruizek nabarmendu du bost langileak gasteiztarren oroimen kolektiboaren parte direla, eta salatu du sarraskiaren erantzuleak oraindik ez dituztela zigortu.
Arabako PSE-EEko presidente Cristina Gonzalezek ere gogoan izan du gaurko egunez duela 49 urte hil zituzten langileak euren eskubideen alde borrokatu zirela. Eskubideetan atzera egiteko arriskuaz ohartarazi du Gonzalezek, eta ezinbestekotzat jo du gaur egun ere langileen eskubideen alde borrokatzea.
Sekretu Ofizialen Legea
Eliza memoria gune izendatzea «ongi etorria» dela nabarmendu du Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideak, Euskadi Irratian. Dena den, gogora ekarri du Espainiako Estatuari bide luzea geratzen zaiola egia, justizia eta erreparazioa osatzeko. Besteak beste, ez da Sekretu Ofizialen Legea indargabetu, eta, horregatik, estatuko aparatuen egun hartako informazioa argitaratu gabe dago oraindik. Gainera, aldizkari ofizialean sarraskiari 1976ko martxoaren 3ko gertakaria deitzen zaio, eta eguna identifikatzeko modu hori ez dute egokitzat jo, «kaltetuen birbiktimizazioa» sustatzen baitu.
Egun osoan, erakunde, sindikatu eta alderdietako ordezkariak loreak eskaintzen ari dira. Dena den, Martxoak 3 elkarteak Justizia aldarrikatzen duen mezua jarri du toki horretan, eta udaleko zerbitzuek ezabatu egin dute goizean bertan. Txio batean, elkarteak salatu egin du euren aldarrikapena ezabatu nahi izatea: «Gure aldarrikapena ez da inoiz ezabatuko, memoria dugulako». Gainera, memoriaren aldeko pankartak eta bestelako mezuak ere kendu egin dituzte.
#Martxoak3 Hoy Zaramaga ha amanecido con la reivindicación de #JUSTICIA en las baldosas que fueron testigo de la masacre. Ha sido borrada del suelo, pero nunca desaparecerá de nuestra #M3MORIA.
— Martxoak 3 #M3MORIA (@Martxoak3) March 3, 2025
Gure aldarrikapena ez da inoiz ezabatuko, #M3MORIA dugulako #JUSTIZIApic.twitter.com/OyCrSH7j5Z
Gaurko urratsa
Espainiako Aldizkari Ofizialak, 2022ko Memoria Demokratikoaren Legearen babes juridikoaren pean, memoria gune gisa izendatu du gaur. Izendapen horrek behartzen du tokia oroimenerako gune gisa identifikatzera, behar bezalako azalpenak ematera, seinaleak jartzera eta haren iraupena bermatzeko neurriak hartzera.
Gainera, Martxoaren 3ko sarraskiari buruzko txostenak lantzeko agintzen zaie Gasteizko Udalari, Euskal Herriko Unibertsitateari, Gogora institutuari, Valentin de Foronda Gizarte Historiarako Institutuari eta Espainiako Historia Akademiari. Fernando Martinezek zehaztu du sei hilabete inguru izango dituztela txosten horiek egiteko.
Hamar urte dira San Frantzisko eliza abandonatu zutela, eta Memoria Gara elkarteak eta beste eragile batzuek salatu dute eraikina eta haren ondarea galtzeko arriskua dagoela. Berez, behin memoria gune izendatu eta gero, tokia zaintzera behartzen du legeak. Berriki, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak adierazi du hura eraberritzea lehentasuntzat joko duela Eusko Jaurlaritzak.