Adierazpen polemikoak egin berri ditu Gasteizko alkate Javier Marotok, etorkinak hizpide. «Batez ere laguntza publikoetatik bizi dira, eta ez dute inolako interesik lan egiteko edo integratzeko». Ez da tankerako hitzak esaten dituen lehen aldia. Kritiko hartu ditu oposizioak, baita etorkinen eta etorkinen babeserako elkarteek ere. Kira Arabako errefuxiatuen eta etorkinen koordinakundeko federazioko presidentea da Mireya Perea (Charala, Kolonbia, 1961). Errefuxiatua da, eta 1997tik bizi da Gasteizen. «Ez zen nire desioa immigrantea izatea. Kolonbiako gatazka politiko eta armatuak behartu ninduen: bizia salbatzeko». Arbuioz mintzo da alkatearen adierazpenei buruz. Oro har, hala ere, gizarte osoan antzeko jarrerak ohikoak direla dio: «Hipokrisia izugarria da».
Zuen talaiatik, nola hartu dituzue Marotoren hitzak?
Mingarria da alkate batek hain hitz arrazistak esatea, izugarri xenofoboak. Biztanleek erreferentetzat badute, eta ordezkari izateko hautatu badute, tankera horretako adierazpenak egitea izugarria da, nahasmendua baitakar; jendearen sumin arrazista pizten dute Marotok eginiko adierazpenek. Bestela ere, alkateak Kiran ari garen elkarteoi min handia egin digu: esate baterako, gure egoitza kendu egin zigun.
Diru laguntzen harira egin ditu etorkinei inguruko kritikak...
Hemen gorriak eta beltzak ikusten ari diren etorkinei, zer janik ez dutela eta gizarte laguntzak ematen dizkietelako, esaten ari dira lapurrak direla. Alkatearen adierazpenen harira, hedabideetan-eta jende askori piztu zaio orain furfuria arrazista, eta esaten ari dira laguntzak jasotzen ari diren horiek guztiek preso egon beharko luketela. Lapurrak direla diote: gaizkileak. Eta zergatik ez da begiratzen hainbat herrialdetan lehengaiak lortzeko zenbat gatazka sortzen ari diren? Miseria eta pobrezia uzten dituzte herrialde horietan. Baina horri buruzko galderarik ez du egiten jendeak; hori ahaztu egiten da, ez delako ulertu nahi herrialde askotan jendea premia gorrian bizi dela, eta multinazional handiak, aldiz, hango aberastasuna hartzen ari direla.
Kalean esaten dena jaso duela dio. Are aztoragarriagoa, ezta?
Nola esan ditzake alkate batek halako hitz larriak, eta gero, gainera, erantsi kalean entzundakoak esaten ari dela? Baina zer alkate klase da hau? Ostatuetan entzun dituen txutxu-mutxuak kontatzen hasi behar du orduan? Edo kalean jasotako zabarkeriak? Kalean gauza asko esaten dira.
Gizartean ere, oro har, ohikoak dira jarrera xenofoboak?
Integratzeko mezua ematen digute. Nik ustel usaina hartzen diot horri. Izan ere, horrek zer esan nahi du? Integratu, non? Hemen beti hartzen gaituzte-eta bigarren mailakotzat. Ez dituzte gure ikasketak aintzakotzat hartzen, eta bazterrekotzat hartzen gaituzte. Nik, esaterako, bi urte daramatzat lanik gabe, eta, duintasunagatik, ez dut zentimo bat ere eskatzeko asmorik, badakidalako historia, eta badakidalako zer min egin zuten espainiarrek Kolonbian eta Hego Amerikan. Oihu egingo dut agian kalean, eta ederra litzateke etorkin guztiek batera, oihu egitea, jendeak ikusteko, gu, gatozenok, ez garela lapurrak.
Elkartasun aztarnarik ez du gizarte honek? Ez duzu antzeman?
Desertuaren erdian jarri, eta landaretxo baten bila ibili behar da; halakoxea da Arabako gizartea. 17 urte daramatzat hemen, eta, bai, sorbaldan ukitu batzuk ematen dizkizu jendeak, baina, buelta eman orduko, marmarrean hasten dira berehala. Ehun pertsonatik bost dira erdi solidarioak... Baina horraino, ez gehiago. Hortik aurrera, dudatan hasten dira.
Immigrazioa. Instituzioen jarrera. Mireya Perea. Kira elkarteko presidentea
«Jendearen sumin arrazista pizten dute Marotok eginiko adierazpenek»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu