Jone Amezaga. Atxilotzeko arriskuan dagoen gaztea

«Jendearen konpromisoari esker biziko naiz libre»

BERRIA.
2014ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Abokatuaren deiak ezustean harrapatu zuen Jone Amezaga (Errigoiti, 1990), etxerako bidean zihoala. Bigarren deiaren ostean, berriz, berehalako erabaki bat hartzera derrigortuta ikusi zuen bere burua. Asteburuan libre bizitzeko hautua egin du, eta, dioenez, hori posible izango da herritarren konpromisoei esker; orain arte jasotako babesa eskertzeko hitzik ez duela esan du Amezagak. 18 egun egingo ditu ezkutuan, eta bizi den egoerari buruz mintzo da.

Azaroaren 25eko sententziaren berri izan zenuenean, zer sentitu zenuen? Eta hurrengo orduetan?

Abokatuak telefonoz deitu zidanean, justu, autoa hartzekotan nintzen; praktiketatik etxera bueltan, eguerdian. Sustoa hartu nuen. Ez nuen espero albiste hori justu momentu horretan. Telefonoz deika hasi nintzen: etxekoei, lagunei... albistea emateko. Bi ordura, etxean bazkaltzen ari nintzela jakin nuen atxilotzeko agindua eman zutela. Ezustean harrapatu ninduen; arraroa izan zen. Dagoeneko pentsatzen hasia nintzen 10 egunean zer egin behar nuen: unibertsitateko kontuak lotu, hau, bestea... Neure burua zelanbait antolatzen hasita nengoen, eta, bat-batean, atxilotzeko aginduaren berri jakin nuenean, egoera kaotikoa bihurtu zen; zer egin behar nuen ez nekien, eta urduri jarri nintzen. Horrela pasatu nituen lehen ordu horiek.

Berehalako atxiloketa saihestu nahian, ezkutura jo behar izan duzu. Nola igaro dituzu egun hauek?

Hasieran ez nuen uste hain luze joko zukeenik. Egoera ez da erraza: ezkutuan zenbat egun eman beharko ditudan ez jakiteak, kalean zer dagoen ez ikusteak... Jendearekin egoteko gogoa daukat, baina ezin. Familiarekin, lagunekin egon nahi dut, eta une oro haiengan pentsatzen dut: zertan ibiliko ote diren... Nik ere han egon nahi dut, pankartak egiten bada ere, baina ezin dut. Bestalde, egun hauek urduri ere pasatu izan ditut, kanpoan zer gertatzen ari den jakin gabe. Dena den, saiatzen naiz denbora hala moduz pasatzen.

Hainbat izan dira Jone Libre mugimenduaren barnean zabaldu diren elkartasun eta babes adierazpenak. Horren berri izan al duzu?

Bai, zorionez, izan dut bideo eta argazkiak ikusteko aukera, eta sekulakoa da, benetan, Gernika-Lumon eta Busturialdean jendea egiten ari den guztia.

Zer sentitzen duzu Gernikako eta Busturialdeko bizilagun askok eta askok zu libre nahi zaituztela jakinda?

Bada, poztasuna. Poztasun handia sentitu dut zenbat jende mugitu den ikusita: komertzioak, tabernak, kirolariak, musikariak... Jende asko eta ezberdina mugitu da. Horregatik, esker ona baino ez dut haiekiko; erasoen aurrean jendeak elkartasuna erakutsi duelako eta konpromisoak hartzeko prestasuna erakutsi duelako. Egia esateko, ez dut hitzik sentitzen dudana adierazteko. Berotasuna bai, berotasun handia eta esker ona, benetan.

Elkartasun mezuek eskualdeko, herrialdeko eta Euskal Herriko mugak gainditu dituzte? Zer adierazten dizu horrek?

Hainbeste eta hainbeste garela epaiketa politikoen aurka gauden herritarrak; eta, aipatu legez, Euskal Herriko mugak ere gainditzen ditu desadostasun horrek. Azken batean, elkartasun eta babesa hortik sortzen da: hainbeste garelako nahikoa dela, eta epaiketa politikoak amaitu beharra dagoela. Hortik sortzen da enpatia, babestu nahia eta elkartasun adierazpena; ez dugulako eraso bat ere gehiago onartu nahi. Eta herritar modura, eraso horien kontra agertzen gara, gure konpromisoak hartuz. Hori da elkartasun uholde horrek adierazten duena. «Herri honetan libre izatearen hautua egin dut, eta libre bizitzera noa».

Zure kontrako atxilotzeko agindua eman duten arren, mezu hori zabaldu nahi izan duzu. Nola izango da posible zu libre bizitzea?

Egunotan gernikarrek eta ingurukoek hartu dituzten konpromisoei esker izango da posible ni libre bizi ahal izatea. Konpromiso horrek egingo duelako herri hau denontzat libre, eta ni ere herri libre horretan bizitzen saiatuko naiz. Asteburuan Gernika-Lumo eremu libre bilakatzeko mezua zabaldu dute, herria bera herritarrentzat askatasun gune izan dadin.

Zer esango zenieke herritarrei, politikariei...?

Orain arte egin duten lana sekulakoa izan dela, eta herri libre horretan sinesten jarraitu behar dugula. Ni atxilotuta banaramate ere, herri libre hori eraikitzeko konpromisoak aurrera jarrai dezala eskatuko nuke, egunez egun, benetako herri libre bihurtu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.