Juneren Hegoak gobernuz kanpoko erakundea 2013an sortu zuten Errenterian (Gipuzkoa), eta hasieratik da hango boluntario Yolanda Martin (Errenteria, 1974). Zuzendaritzako kidea ere bada. Haurrak gaixo dituztelako edo hil egin zaizkielako zaurgarritasun egoeran dauden senideei laguntzen die elkarteak. «Oso egoera larriak daude: gaixotasun arraroak, ikerketarako diru gabezia, osasungintzan murrizketak...». Martinek nabarmendu du familiak direla elkartean aritzen direnen «motorra». Oraintxe, hogei familia zaintzen ari dira; azken zazpi urteotan 60 bat izan dira guztira www.junerenhegoak.org.
Eusko Jaurlaritzak erabilgarritasun publikoa aitortu dio Juneren Hegoak gobernuz kanpoko erakundeari. Horrek zer garrantzi du elkartearentzat?
Zazpi urte daramatzagu lanean, eta aitortza horrek esan nahi du kontuan hartzen gaituztela. Gainera, erabilgarritasun publikoa aitortzen zaien elkarteetako bazkideei edo laguntza ematen dutenei abantailak-edo ematen zaizkie. Esaterako, dohaintza bat egiten duten norbanakoek edo enpresekdesgrabatu egin ahal izango dute aitortza dela eta.
Bide batez, elkartearen zereginaren oihartzuna handitzeko balio dezake.
Bai, hori ere aitortzaren ondorio izan daiteke, eta Euskal Herri mailan pixka bat ezagunagoak izango gara. Halere, elkartea sortu genuenean eztabaidatu genuen noraino nahi genuen heldu, eta erabaki genuen batez ere Gipuzkoan egitea geure esku hartzea.
Bestalde, uste dut gizartea sentsibilizatzeko balio dezakeela. Egoera batzuk estalita geratzen dira, eta oso garrantzitsua da behar horien berri ematea, horiek zabaltzea, hedatzea. Euskal Herrian oso eskuzabalak gara, elkartasuna handia da, eta gu bezalako elkarte asko daude. Gu Bizipoza plataformako kide gara, eta plataforman, esango nuke, 35 elkarte baino gehiago daudela.
Dohaintzak egiten dituztenek horiek desgrabatu ahal izango dituzte hemendik aurrera. Zure ustez, baliagarria izan daiteke ekonomikoki baliabide gehiago edukitzeko orduan?
Ez dakit. Uste dut abantaila bat dela, baina ez dakit horren ondorioz bazkide edo laguntzaile gehiago edukiko ditugun. Pentsatzen dut jendea, agian, gehiago animatuko dela, motibazioa bat izan daitekeela. Dohaintzez eta bazkideez gain, erakunde publikoei diru laguntzak eskatzen dizkiegu. Horrela ateratzen dugu elkartea aurrera. Guk beti esaten dugu jasotzen dugun laguntza ez dela soilik ekonomikoa, boluntario asko baititugu, 50 baino gehiago —formakuntza ematen diegu—. Ideiak ere jasotzen ditugu, eta laguntzeko aukerak ematen dizkigute inguruko enpresek eta elkarteek. Jendearen inplikazioa da gure altxorrik preziatuena.
Zaurgarritasun egoeran dauden haurren senideei laguntzen diezue. Zein da elkartearen jarduera nagusia eginkizun horretan?
Gure jarduera nagusia familiei laguntzea da. Gainera, informatzeko ekinbideak egiten ditugu kalean, dirua biltzeko ekinaldiak, minbizia duten haurren bizitza hobetzeko ikerlanak sustatzeko beka, Juneren Hegoak eguna, beste elkarteekin aurrera eramaten ditugun proiektuak... Adibide bat: Errenteriako Mindara elkartearekin elkarlanean, aniztasun funtzionala duten haurren senideei egokitutako zinema planteatzen diegu. Halere, jarduera nagusia da familiei eskaintzen diegun arreta.
Boluntarioen bidezko arreta?
Hori aurrera eramateko, bi pertsona ditugu kontratatuak —ez daude lanaldi osoz—, iruditzen zaigulako arreta dela gure elkartearen ardatza. Batetik, ematen dugun laguntza ekonomikoa da, tratamenduak ordaintzeko. Tratamendu batzuk ezin dira Osakidetzaren bidez egin, eta kanpora joan behar izaten dute terapia bereziak jasotzera. Beraz, bidaiak eta egonaldiak ordain ditzakegu. Botikak erosteko laguntza ekonomikoa ere ematen da. Familia askoren zaurgarritasuna dator egoera ekonomiko larrian daudelako.
Bestetik, laguntza psikoemozionala ere ematen dugu. Errealitate jakin batzuei aurre egiteko, indartsu egon behar duzu, eta familia asko ez daude egoera horretan. Gainera, boluntarioen txandak antolatzen ditugu ospitaletara joateko, familiaren batek alaba edo semea ospitaleratuta daukanean. Egia esan, gauza asko egiten ditugu. Hori bai, familiak dira gure indargunea. Oso esker onekoak dira, eta, egoera larrian egon arren, beti daude laguntzeko prest.
Sare lana funtsezkoa da zeuen zereginean.
Bai. Hemen, Errenterian, hasieratik sumatu genuen elkartasun sare hori: norbanakoak, enpresak, udala... Tokatu izan zaigu beste norbaitek herrian ekinbideren bat aurrera eramatea, eta horren bidez lortutako diru guztia guri ematea. Oso hunkigarria da hori, eta indarra ematen digu aurrera jarraitzeko.
Zer-nolako harremana duzue erakunde publikoekin?
Oso ondo moldatzen gara haiekin. Errenteria ez da udalerri txikia, baina, tira, udala beti dago laguntzeko prest.
Oro har, elkarte gisa, zer egiten zaizue zailena?
Batzuetan ez gara iristen behar guztiak betetzera, eta, amorrua eman arren, bide berriak bilatzeko grina ematen dizu.
Zein erronka dituzue etorkizunera begira?
Ahalik eta laguntzarik onena ematea gure familiei, boluntario sarea sendotzea, eta ekinaldiak aurrera eramatea.
Koronabirusaren krisia zertan ari zaio eragiten elkartearen funtzionamenduari?
Beharren arabera, baina, orain, telefonoz dugu harremana familiekin. Gero, pixkanaka, hasiko gara aztertzen koronabirusak nola eragin dien gure familiei.
Yolanda Martin. Juneren Hegoak GKEko boluntarioa
«Jendearen inplikazioa da gure altxorrik preziatuena»
Eusko Jaurlaritzak erabilgarritasun publikoa aitortu dio zaurgarritasun egoeran dauden haurren senideak laguntzen dituen elkarteari. «Aintzat hartzen gaituztela esan nahi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu