«Jendearen bizi beharretara egokituz egin behar da Gipuzkoa Arigune»

Gipuzkoan «edonork, edonorekin eta edonoiz» euskaraz jarduteko bidea abian da; Gipuzkoako Foru Aldundia eta Taupa dira egitasmoko bi eragile nagusiak, eta egitasmoa aurkezteko hitza hartu dute Garbiñe Mendizabalek, Jasone Mendizabalek eta Mikel Ozaitak.

Jasone Mendizabal, Mikel Ozaita eta Garbiñe Mendizabal, Badalabeko atarian. GORKA RUBIO / FOKU
Jasone Mendizabal, Mikel Ozaita eta Garbiñe Mendizabal, Badalabeko atarian. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko apirilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bila ibiltzeko propio sortutako eremua da Badalab hizkuntza berrikuntza laborategia, oraindik ireki ez diren xendetan bidea egiten hastekoa. Errenterian du egoitzan (Gipuzkoa), eta hantxe egin dira Gipuzkoa Arigune abiarazi ahal izateko bilera garrantzitsu ugari, bilaketa etengabean. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Taupa euskaltzaleen mugimendua dira egitasmoaren sustatzaile nagusiak, eta Soziolinguistika Klusterra eta Badalab hizkuntza berrikuntza laborategia kide dituzte lanketan. Otsailaren 7an aurkeztu zuten, Donostian; Gipuzkoan «edonork, edonorekin eta edonoiz» euskaraz jarduteko bidea izan nahi duela esan zuten. Badalaben bertan elkartu dira proiektuari buruzko elkarrizketarako Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Garbiñe Mendizabal Mendizabal (Tolosa, Gipuzkoa, 1961), Taupako koordinatzaile nagusi Jasone Mendizabal Altuna (Arrasate, Gipuzkoa, 1968) eta Gipuzkoa Ariguneren koordinatzaile Mikel Ozaita Azpirotz (Ibarra, Gipuzkoa, 1982).

Gipuzkoa Ariguneren aurkezpenean kontatu zenuten: Pello Jauregi ikertzailearen galdera bat izan zen egitasmo honen abiaburua: «Zergatik ez Gipuzkoa arigune?». Zerk bultzatu zintuzten erronkan murgiltzera?

G. MENDIZABAL: Markel Olano diputatu nagusiak onartu zuen, eta gure bizkar gainean jarri zuen: «Hau nola egin dezakegu?». Orduan hasi ginen Soziolinguistika Klusterrarekin, Aldahitz metodologia zeukatelako, eta haiekin hitzarmen bat geneukalako. Hor, bilera luzeen ondoren, garai hartako Topaguneari eskatu genion laguntza, elkarrizketa batzuk izan genituen, eta hor hasi zen elkarlana. Hasieran esango nuke ilusio handiz hartu genuela Gipuzkoa Arigune, baina benetan hasi ginenean: «Eta hau nola egiten da?».

J. MENDIZABAL: Klusterrarekin eginiko aurrelanketan egon ziren kontrasteak gizarte eragileekin ere, eta ikasketa hori ez zen alferrik izan: agerian geratu zen lan multidiziplinar bat egin behar zela. Gero, arigunearen ideia Euskaralditik eratorria da, eta Euskaraldiaren koordinazioa orduko Topagunetik eramaten genuenez, bada koherentzia hori ere garrantzitsua izan zen. Erronka handi bat da, baina ausardiaz ekin genion denok, eta ilusioz. 

M. OZAITA: Oso probokatzailea da; Gipuzkoa Arigune asmo handiko egitasmoa da, eta lilura eragin dezake, baina lurreratu egin behar da. Sei hilabete pasatu genituen proiektua definitzen; txikitik hastea erabaki zen, hor ikaspenak jaso, eta asmo handiagoko proiektu bat garatzeko ibilbidea egitea, eta pausoak eman ahala ikusiko dugu asmoa egingarria den, partzialki egingarria den, edo dena delakoa.

«Gipuzkoa Arigune asmo handiko egitasmoa da, eta lilura eragin dezake, baina lurreratu egin behar da»

 MIKEL OZAITAGipuzkoa Ariguneren koordinatzailea

G. MENDIZABAL: Ez da kasualitatea, Euskaraldiaren formulazio soziolinguistikoan eta kultura soziolinguistiko berri baten definizioan erabakigarria izen zen Pello Jauregiren ekarpena, eta Gipuzkoa Arigunen ere, besteak beste, horixe bultzatu nahi dugu: kultura soziolinguistiko berri bat, koherentea Euskaraldian proposatzen den horrekin.  

Eta nola egiten da hori? Gipuzkoako hiru tokitan martxan da proiektua: Donostiako Añorga auzoan, Aian eta Antzuolan. Zer egin duzue horietan?

M. OZAITA: Ardatzetako bat ikuspegi komunitarioa da. Horrek esan nahi du herritarrekin, orpoz orpo, eta jendearen bizi beharretara eta bizimoduetara egokituz egin behar dela Gipuzkoa Arigune, eta enpatia lan handi batekin. Euskaltzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatu behar dugu, baina besteen tokian ere jarri behar dugu, eta ikusi behar dugu haien premiak zein diren, eta horiek ere aintzat hartu. Hau da proposamen teorikoa, martxan dagoena, eta ja ibilbidetxo bat egin duena. Aipatu dut ikuspegi komunitarioa, eta bestetik daude antolakuntza kolektiboa eta adostasun zabala: hau herrietara eraman aurretik kontraste lan indartsu bat egin genuen; Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiekin egon ginen, adibidez, eta jaso genuen feedbacka ona izan zen. 

«Hau herrietara eraman aurretik kontraste lan indartsu bat egin genuen, eta jaso genuen feedbacka ona izan zen»

MIKEL OZAITA Gipuzkoa Ariguneren koordinatzailea

J. MENDIZABAL: Kasu guztietan. 

M. OZAITA: Hori azpimarratzekoa da. Gero, euskalgintzako eragileekin ere egon ginen, hainbat eta hainbat eragilerekin. Euskalgintzatik kanpoko jende batekin ere bai, unibertsitateko jendearekin... Eta behin hiru herriak aukeratu genituenean...

Zeren arabera egin zen aukeraketa?

M. OZAITA: Nahi genuen gune seguru modukoak izatea, esperimentatzeko ez izatea handiegiak, ez izatea konplikatuegiak. Kontrastean jaso genuen feedbacka izan zen komeni zela herri bizitza ere: adibidez, eskola bat izatea gutxienez. Herrietan lehenik eta behin udal gobernuei aurkeztu genien Gipuzkoa Arigune. Abiatu edo ez, argi genuen herriak erabakiko zuela. Pausoz pauso joango ginen, eta, ezezkoa bazen, erretiratzeko prest geunden, beste herri batera joateko. Kasu honetan, ordea, denen babesa jaso dugu. 

Zer egin duzue abiarazi duzuen tokietan egitasmoaren berri emateko? 

M. OZAITA: Lortu dugu hiru herrietan aurkezpen zabalak egitea, eta askotariko jendeak parte hartzea.

J. MENDIZABAL: Bai, eta jendeak parte hartu du, jendea hurbildu da.

M. OZAITA: Gero, lortu dugu herri bakoitzean hamar-hamabost lagun inplikatzea proiektuan, gehi alderdietako ordezkariak, eta udal ordezkariak. 

Ulermenaren unibertsalizazioaren bidean urratsak egitea da azken helburua; besteak beste, Aldahitzek asmatutako metodologiak erabilita horretarako. Nola egiten da hori?

G. MENDIZABAL: Ez da bakarrik ez dakienak ikastea edo ulertzea; paradigma aldaketaz asko hitz egiten da, eta helburua da kultura soziolinguistiko berri bat izatea, herritarrak ere horretan janztea, eta norbera dagoen lekutik pixka bat mugitzea hizkuntza kontuetan. 

«Helburua da kultura soziolinguistiko berri bat izatea, herritarrak ere horretan janztea, eta norbera dagoen lekutik pixka bat mugitzea hizkuntza kontuetan»

GARBIÑE MENDIZABAL Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Politikako zuzendaria

J. MENDIZABAL: Bakoitza urrats bat harago joatea.

M. OZAITA: Guk bermatzen badugu parekoak gutxienez euskara ulertuko duela, elkarrizketa beharbada elebiduna ere izan liteke, eta behintzat zuk estres linguistiko gutxiago daukazu, eta bermea daukazu parekoak ulertuko dizula; eta, gainera, horretan lagunduko duen testuinguru bat baldin badago...

Eta zein urrats ari egiten zarete propio bide horretan aurrera egiteko?

M. OZAITA: Azterketa komunitarioarekin hasi gara herri bakoitzean, eta egin dugu ulermenaren eta erabileraren mapa: herritarrek dakite beste inork baino hobeto zer gertatzen den herri bakoitzean. Azterketa komunitarioa egin, eta ekintza planak zehazten ari gara, bi urterako planetan. Lehen pausoa izan da gune antolatuetatik, jendea biltzen den tokietatik abiatzea. Hor, Taupan egin genuen Batera Jauzi prozesuan identifikatu genuen gauza bat zen hizkuntzak eragindako minak eta frustrazioak ere aintzat hartu behar direla, eta horregatik aipatu dut lehen enpatiaren kontu hori. Baina jendea biltzen den gune horietatik abiatu nahi dugu bidea, gero zabaltzeko.

«Lehentasunetako bat da hizkuntza kudeaketaren arloan akordio berriak hartzera bultzatzea elkarteak, horretan laguntzea»

 JASONE MENDIZABALTaupako koordinatzaile nagusia

J. MENDIZABAL: Jasota dagoen lehentasunetako bat da hizkuntza kudeaketaren arloan akordio berriak hartzera bultzatzea elkarteak, horretan laguntzea. Hor, tokian tokira joanda, hainbat motatako erabakiak hartu beharko dira.

Helburuetako bat da Aldahitzek ematen dituen tresnez baliatzea; esaterako, euskararik ez dakitenak trebatzen hasi ahal izateko oinarrizko ulermenean. Baina euskalduntze-alfabetatze sare konbentzionala ere hor dago.

M. OZAITA: Bai, gure proiektua osagarria izatea proposatzen dugu. Ohiko euskalduntze eta alfabetatzea hor dago, eta badakigu zer emaitza lortzen dituen, eta osagarria da.

J. MENDIZABAL: Ulermena. Gutxienez hori bermatuta, aukera asko zabal dakizkioke erabilerari. Ulermena gutxieneko bat da, asko laguntzen duena.

«Ulermena. Gutxienez hori bermatuta, aukera asko zabal dakizkioke erabilerari. Ulermena gutxieneko bat da, asko laguntzen duena»

JASONE MENDIZABALTaupako koordinatzaile nagusia
(ID_14727219) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-02-28, Errenteria. Jasone Mendizabal (Taupa), Mikel Ozaita (Taupa) eta Garbiñe Mendizabal (...
Jasone Mendizabal, Garbiñe Mendizabal eta Mikel Ozaita elkarrizketan. GORKA RUBIO / FOKU
 
Aipatu duzue herrialdeko talde politiko guztiek begi onez hartu dutela egitasmoa, eta abian den espazioetan ere harrera ona izan duela. Baina hizkuntzaren atzeraldiari buruzko albisteak hor dira. Oldarraldiari buruzko berriak ere eguneroko kontua dira. Olatu atzerakoi horrek izan dezakeen eraginari buruzko kezkarik baduzue?

M. OZAITA: Guk gure esku dagoena egin behar dugu, eta hortik abiatu behar dugu. Egitasmo hau ausarta da, berritzailea da, eta esperimentala. Ikusiko dugu. Merezi du saiatzea, eta Gipuzkoak horretarako baldintza egokienak dauzka. Gainera, presarik gabe ari gara. Komunikazio aldetik ere, 2023ko uztailean hasi ginen, eta has gintezkeen 2023ko uztailean bertan etxafuegoak botatzen...

Baina su motelaren aldeko hautua egin duzue...

M. OZAITA: Su motelean gabiltza, egin ahala komunikatuz. Aurkezpena ere, antzera joan da: ja behin hiru tokitan bidea egin ahala, momentu egokia iruditu zaigu. Zure galderari erantzunez, ez da galdera erraza. Komunitatean ere sinistu behar dugu. Guk aipatzen dugu globalizazioaren kontu hori badagoela, orain faxismoa ere gero eta gertuago daukagu, eta horrek zipriztintzen ditu gazteak, sare sozialak. Arduraz jokatu behar da, eta gure hizkuntza komunitateak tresna indartsu zenbait ez ditu izango, baina ikuspegi komunitarioa, indar komunitarioa eta lankidetza, baditu. Euskarak aurrera egin badu, ikastolak sortu zirenean-eta, hortik egin du, eta horri eutsi behar diogu. Euskararen kontrakoak Gipuzkoan oraintxe %3 dira. Jendea euskaltzalea da, eta, oro har, euskararen alde dago: artikulatu dezagun hori, eta eman ditzagun pausoak elkarrekin. Gainera, ikusi dugu babes politikoa badagoela. Ilusioa ere sortzen du gaiak.

«Ilusio puntu bat ere behar du jendeak, eta uste dut gure ardura dela ilusio hori piztea, motibazio hori, eta zerbait egin dezakegula adieraztea»

GARBIÑE MENDIZABALGipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Politikako zuzendaria

G. MENDIZABAL: Mezu katastrofista horiek... Niri oldarraldia hitza ez zait gustatzen batere. Ilusio puntu bat ere behar du jendeak, eta uste dut gure ardura dela ilusio hori piztea, motibazio hori, eta zerbait egin dezakegula adieraztea. Epaileek egin dute berena, eta guk egin behar dugu gurea. Hor konbentzituta gaude, eta hor aurrera egin behar dugu, eta beste kontuak, Mikelek esan duen bezala, beste bide batzuetatik egin beharko dira, eta hor ere ez gaude geldirik. 

J. MENDIZABAL: Komunitatean igual orain arte ez da nahikoa inbertitu, eta nik poza daukat orain hau egiten ari garelako Gipuzkoan. Gainera, oraindik oso txikia da Gipuzkoa Arigune, bere denbora behar du ilusio hori hedatzen ikusteko. Epe luzerako lana da hau.

G. MENDIZABAL: Bai, eta kultura soziolinguistiko horretan pedagogia handia egin behar da herritarrekin, eta orokorrean ere bai: alderdi politikoetan, epaileen artean, EHUn, beste unibertsitateetan, enpresetan... Honek lanbro handi bat izan behar du, eta horrek igual ahalbidetu ditzake beste gauza asko. Ilusioa hori da, behintzat.

Ulermenean jarri duzue helburu behinena. Euskalgintzaren Kontseiluak berak ezagutzaren unibertsalizaziorako oinarriak jartzean du ipinia helburua. Bateragarriak dira bi helburuak?

J. MENDIZABAL: Zalantzarik gabe. Nik Kontseiluko zuzendaritza batzordean parte hartzen dut, eta horretan gabiltza. Bi ardatz ikusten ditugu, euskararen unibertsalizazioa eta erabilerarako gune erosoak bermatzea, eta oso koherentea da hemen esaten ari garenarekin. Izan ere, horiek dira iparrak, baina beste gauza bat da ipar horiek denak batera ezin ditugula lortu, eta ezagutzaren unibertsalizazioa, gaur egun, Euskal Herriko parametroetan, arrisku handiko saltoa da, ikaragarria; orduan, irudikatu ditzagun koskak urratsez urrats, eta hau da, nolabait ere, formulazio bat. Horregatik lehen nabarmendu dut: bermatu dezagun hori gutxienez. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.