Nola ikasi euskara «gaztelaniaz» hitz egiten dizutenean

Ruth Mary Pizarro Cuellarrek, Celeste Aguerok, Laura Penagos Rodriguezek eta Ruba Hassanek hitza hartu dute, Euskal Herrira etorri zirenetik euskararekin zer harreman izan duten azaltzeko.

Pizarro, Aguero, Penagos eta Hassan, gaur, Gasteizen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Pizarro, Aguero, Penagos eta Hassan, gaur, Gasteizen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
arantxa iraola
2024ko urriaren 10a
18:30
Entzun

Laura Penagos Rodriguez Kolonbian jaioa da, eta 2008tik bizi da Euskal Herrian. Celeste Aguero Argentinakoa da, eta 2018an heldu zen. Ruth Mary Pizarro Cuellar 2023an ailegatu zen, Bolivia sorterria utzita, eta Sirian jaioa da Ruba Hassan, baina 2014tik Euskal Herria du bizileku. Laurak migratzaile izateak batzen ditu, andre izateak. Euskararekin zer hartu-eman duten azaltzeko eskuzabaltasunak ere batu ditu gaur Ongi etorri euskararen mundura jardunaldian.

Nahiak eta ezinak agerian utzi dituzte. Hassan: «Nik hasieran ez nuen beste asmorik: euskara ikastea». Baina errealitate soziolinguistikoa gailendu zen. «Gaztelaniaz aurretik ikasi nuen». Bere euskalduntze prozesua motel doala sentitzen du. Jendeak kanpotik etorrikoekiko duen jarrerak horretan eragina duela uste du. «Jendeak gaztelaniaz hitz egin izan dit. Agian, euskaraz hitz egin balidate, gehiago ikasiko nukeen». Gogorra egin zaio, usu, euskaldunek berari gaztelaniaz hitz egiteko duten joera hori, eta «arbuio» moduan ere bizi izan du. Era berean, euskara ikasteko ate zabalagoak ere nahi lituzke: «Ikastea oso garestia da».

«Jendeak gaztelaniaz hitz egin izan dit. Agian, euskaraz hitz egin balidate, gehiago ikasiko nuen»

RUBEN HASSANMigratzailea

Era berean, inguruko beste migratzaile askoren artean, «ezjakintasun erabatekoa» ikusi du Hassanek, hizkuntza badenik ere ez dakite askok. Badaki, esaterako, zenbaitek euskararen berri izan dutela umeak eskolarako matrikulatzeko bidea egin dutenean. Hor zer hobetua badela argi du. «Behintzat, aukera eman behar zaio jendeari, ikasi nahi badu ikasteko».

Penagos da lauren artean euskaraz jori mintzatzen den bakarra. Astia izan du: «Orain dela hamasei urte ailegatu nintzen Euskal Herrira, zehazki Nafarroara». Borondatea ere izan du, irmoa, errealitate soziolinguistikoa ere beretzat ere arazo izan delako. «Ez da erraza. Iruñera ailegatu nintzen, eta kalean oso gutxi entzuten da hemengo hizkuntza. Erronka handia izan da Euskal Herrian euskara ikastea. Zer paradoxa». Euskararen irakaskuntza doakoa ez izatea ere kritikatu du Penagosek ere. «Zergatik ordaindu behar dugu hemengo hizkuntza ikasteko?».

«Kalean oso gutxi entzuten da hemengo hizkuntza. Erronka handia izan da Euskal Herrian euskara ikastea. Zer paradoxa»

LAURA PENAGOS RODRIGUEZMigratzailea

Euskara nahiko joria du Aguerok ere. Ikasten ari da. Gogotsu ari da, baina onartu du ingurukoek usu egiten dizkioten galderak eta iritziak ez direla batere erosoak. «Bertako askorena aitakeria eta amakeria jarrera da». Maiz egiten diote galdera: «Zer moduz euskararekin, aurrera ari zara, ezta?». Asmoa ona dela uste du, baina «presioa» ere badagoela, migratzaileek pairatu behar dituzten beste askori erantsia. «Askotan jendea ez da konturatzen zuritasuna bera presio bat dela».

«Bertako askorena aitakeria eta amakeria jarrera da. Askotan jendea ez da konturatzen zuritasuna bera presio bat dela»

CELESTE AGUEROMigratzailea

Migratzaileen «prekariotasunari» ere erreparatu behar zaiola argi du. Gogoan du euskaltegian sei migratzaile batera hasi zirela euskara ikasten, eta berak bakarrik egin zuela aurrera. «Arazoa ez zen euskara, bizitzaren prekariotasuna baizik, hizkuntza bat ikastea testuinguru horietan». Era berean, uste du garrantzitsua dela ikasgeletako paretetatik kanpo ere euskara hedatzea. Eta «emozioei» tokia egin behar zaie hor. «Harreraren sorburua izan behar du adiskidetasunak».

«Zenbait tokitan sartu, eta denak euskaraz, eta, esaten den eran, gu hodeietan»

RUTH MARY PIZARRO CUELLARMigratzailea

Aurrez Euskal Herrian izana zen Pizarro. Orain, berriz itzuli berria da, iaz. Eta zailtasunez jositako errealitate bat erakutsi du, beste hizkuntza bat ikasteko zirrikitu gutxi uzten dituena. «Guretzat zaila da: alokairua pagatu behar dugu, argia... Oso zaila da». Baina, bide batez, nahi luke. «Garrantzitsua da, euskarak ateak zabaltzen ditu». Eroso sentitzeko bide ezinbestekoa dela sentitu du zenbaitetan. «Zenbait tokitan sartu, eta denak euskaraz, eta, esaten den eran, gu hodeietan». Hizkuntzaren aldagaira begira bakarrik ez, harrera on baten falta ikusten du beste alor askotara begira ere. Oraintxe paper kontuak argitu nahian dabil, eta erantzunak falta zaizkio. «Galdera asko ditugu, eta erantzunik ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.