Duintasunez hiltzeko eskubidearen aldeko DHE elkarteak dudak izan ditu beti Eutanasiaren Legearen hainbat ezaugarriren harira. Legea onetsi berritan, agerian utzi zituzten zalantzak, eta berritu egin ditu orain elkartearen Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ordezkaritzaren lehendakari Concha Castellesek (Bilbo, 1960), legea indarrean denetik bi urte bete diren honetan. «Oso lege burokratikoa da; pertsona bati bidean lagundu nahi diozunean, erreparoa eta dena ematen du». Kontrolaren eta jardunbide onaren izenean jarritako urratsak zurruntasunarekin lotzen ditu: «Eta prozesu asko luzatu egiten dira».
Zein arazo ikusi dituzue, bereziki, igaro bi urteotan?
Ez da denbora tarte luzea ere. Zein da arazoa? Eutanasia eskari gutxi egon dira orain arte. Datuak inguruko beste herrialde batzuetakoekin alderatzen badira, gutxi dira. Horra: heriotza guztiak aintzat hartu eta eutanasia bidezkoak zenbat izan diren begiratzen bada, goi-goian Nafarroan dago: heriotzen %0,2 izan dira eutanasia bidez. EAEn, %0,1. Eutanasia legeak ezarriak dituzten inguruko herrialdeetan, portzentajeak %1-%4 artekoak dira... Horietatik argi urteetara gaude. Ulergarria ere bada; hasten ari den prozesu bat da hau guztia, eta ez da erraza. Gainera, gizartean gaiari buruzko gogoeta bat falta da oraindik. Ez da hitz egiten heriotzaz. Inork ez du hitz egin nahi izaten heriotzaz: osasun profesionalek ez dute nahi, seme-alabek ez dute nahi... Izugarria da heriotzaren inguruko tabuaren kultura. Eta gero jendeak, azkenean, gaizki pasatzen du; gaizki pasatzen dugu.
Beste aldera begiratu nahi horrek eragina du. Bestelako arazorik atzeman duzue?
Ez da gizartean hausnarketa faltadagoelako bakarrik. Sarbide arazoak daude, informazio falta... Gertatu egiten da oraindik; jendeak, esaterako, urteak daramatza prozesu onkologiko batean, eta, heriotza ordua iritsi, eta aldez aurreko borondateen agiria ere ez du egina. Arazoa da osasun arloko profesionalek ere sarri ez dutela errazten halakoetarako bidea. Ez da esaten: «Dena oker badoa, eta ez baduzu aurrera jarraitu nahi, hemen duzu lege hau».
Eske gutxi daudela esan duzu. Eskatzen duten denek ere ez dute gero beti onespena lortzen. Onartzen ez diren kasuei buruz zer esan daiteke?
Osakidetzak urtarrilean eman zituen azken datuak, adibidez. Horiei begira, zera esan behar da: gutxi dira onartzen ez diren kasuak: ehuneko oso txikia dira. Hala ere, txosten horretan ikusten da, adibidez, eske guztiak ez direla heltzen berme batzordera: eta denek heldu behar lukete. Ordura arte, 128 eske izan ziren guztira: 59 bakarrik heldu ziren batzordera. Batzuk bidean galtzen dira, eta inork ez daki zergatik. Bidean geratzen diren kasuen artean, badakigu %80 ez direla heltzen, paziente horiek aurrez hil egiten direlako: hor askotan egoten da eutanasia oso berandu eskatzen duen jendea. Baina gainerako kasuez ez dakigu deus. Gero, zera dakigu: orain arte egin diren eutanasia gehienak prozesu neurodegeneratiboengatik izan dira, ez onkologikoengatik. Inguruko herrialdeetara begira, ordea, gehienak prozesu onkologikoengatik izaten dira. Eta iruditzen zaigu hori gertatzen dela hemen oso berandu esaten dizutelako ez dagoela zer eginik. Jendeak asko sufritzen du, oso berandu arte. Informazioa behar da, beraz: sentsibilizazioa. Baina gure kasuan, behintzat, Osasun Sailak ez du nahi: gobernuak ez du heriotzaz hitz egin nahi. Nafarroan, esate baterako, kanpaina bat egin dute gai hauen inguruan hitz egiteko: irratietan izan da, bideoekin, iragarkiekin; oso ondo dago hori, gaiaz mintzatzea errazten baitu.
Legea ezarri berritan, argi utzi zenuten ezinbestekoa dela profesionalak trebatzea. Behar diren urratsak egin dira?
Osakidetzak online ikastaro bat egin zuen, 4.000 bat profesionalentzat; ondo egon zela uste dut, baina ez da nahikoa. Trebakuntza horrek derrigorrezkoa izan behar luke, edozein profesional topabaitaiteke halako egoerekin... Ondo joan diren gauzen artean, zera: erakunde sanitario integratu bakoitzean erreferente talde bat dute, gaian ondo trebatuta dauden profesionalena, eta beste profesionalek, eutanasia eskabideak daudenean-eta, haiengana jo dezakete, laguntza eska dezakete trebakuntza lortzeko, bidean laguntza izateko. Hori garrantzitsua da, gauzak ondo joan daitezen.
Zahar etxeetara ere heldu dira eutanasia eskeak. Osasun sistema publikoak ez du beti esku hartze bera izaten horietan. Zer ari da gertatzen eske horiekin?
Zahar etxeetan zenbait kasutan atzerapenak egon direla badakigu: medikuak ez dakielako nola egin, kontsulta egiteko medikurik ez duelako aurkitu... Halakoetara begira, egoitzetako profesionalek ere erakunde sanitarioetako erreferenteak izatea da asmoa, zentro pribatu edo publikoetakoak direla ere. Zailtasunak arindu ditzake horrek. Baina gu esaten ari gara arlo horretako profesionalen artean ere trebakuntza sustatu behar dela: gizarte langileak, osasun profesionalak, lantalde osoak. Garrantzitsua da profesional horiek guztiek egin beharrekoen berri izatea, eta erreferente horiek hor dituztela ere jakitea.
Concha Castells. EAEko DHEko lehendakaria
«Jendeak asko sufritzen du, oso berandu arte»
Urte bi dira Eutanasiaren Legea indarrean dela; Castellsek gogoratu du zurrunegitzat daukatela duin hiltzeko eskubidearen aldeko DHE elkartean. Traba da tabua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu