Pablo Ruiz. BesteBi plataformako kidea

«Jendea lasaiago bizi da etxerik gabekoen errealitatea ikusi gabe»

61 urteko etxegabe baten heriotza salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo Bilbon, Beste Bi plataformak deituta. 2016an kalean hil den hirugarren pertsona da. Pablo Ruiz plataformako kidea da.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Sei urte inguru daramatza Beste Bi elkartean laguntzen Pablo Ruizek (Bilbo, 1969). Oro har, pozik dago erakundeek etxegabeen egoera kontrolatzeko egiten duten lanarekin, baina ohartarazi du gizarteak errealitate horri ihes egiten diola nolabait.

Urrian etxegabeak zenbat diren jakiteko zenbaketa egin zenuten Bilbon eta beste hainbat udalerritan. Zer ondorio nagusi atera dituzue?

Zenbaketa bi urtean behin egiten dugu. Etxegabeen kopurua ez da asko aldatu, Bilbon apurtxo bat igo bada ere. Oro har, kopurua bere hartan dago, baina toki batzuetan izan du behera egiteko joera txiki bat.

Erakundeek ere lagundu dizuete lan horretan, ezta?

Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek gidatu dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu du.

Ona da erakundeek parte hartzea?

Bai. Beti egin daiteke gehiago, baina iruditzen zait hemengo erakundeek lan ona egiten dutela. Ez dut besterik ezagutzen, baina Bilboko Udalak, esaterako, serio hartzen du, eta neurriak hartzen ditu arazoa gutxitzeko.

Etxegabeen ezaugarriei dagokienez, oraindik ere gizonak al dira gehiengoa?

Bai, gehien-gehienak gizonak dira. Kanpokoak eta bertakoak portzentaje antzekoan daude. Gainera, esango nuke jendeak uste duena baino askoz jende gehiago dagoela bertakoa.

Bilbo bezalako hiri batean, zer ingurunetan egoten dira nagusiki?

Erdigunean egoteko ohitura dute, askoz eremu seguruagoa delako. Azken batean, kalean lo egitearen arazo nagusietako bat segurtasun falta da; horregatik, seguru sentitzeko, pertsona horiek hirietako erdiguneetara joaten dira. Kanpoko aldeetan egoten dira batzuetan, baina komunitate txikiak sor ditzaketenean. Alegia, pertsona talde bat biltzen denean, seguru sentitzen dira.

Zer egiten duzue laguntzeko?

Hasteko, haiekin harremanetan jartzen garenean, pertsonak ezagutzen saiatzen gara. Elkar ezagutu ondoren, behar duena eskaintzen saiatzen gara, baina lehenik haiek gu identifikatu behar gaituzte. Normalean kalean bizi den jendeak ez dauka konfiantza handirik hurkoarengan; hortaz, zerbait proposatu ahal izateko, lehenbizi zugan konfiantza izatea lortu behar duzu.

Azken hildakoari omenaldi bat egin diozue. Zergatik dira garrantzitsuak halako ekitaldiak?

Egoera horrek bere horretan jarraitzen duela ikusarazteko. Gainera, pertsonak oroitzea ere duintasun seinale dela uste dugu.

Neguko gau hotzetatik ihes egiteko baliabide nahikoak daudela uste duzue?

Baietz esango nuke. Hotz handia egiten duenean, udala pertsona horiei ostatu ematen saiatzen da. Ohe nahikoak egon badira, eta bestela udalak esku hartzen du.

Zer jarrera dauka jendeak etxegabeen inguruan?

Aurrean arazo bat badaukagu eta ezin badugu begi bistatik kendu, hunkitu egiten gara, eta zerbait egin behar dela ulertzen dugu. Baina, beste alde batetik, ez ikusten saiatzen gara; horregatik egiten ditugu elkarretaratzeak. Etxegabeen errealitatea ikusi gabe lasaiago bizi gara.

Zer arazo mota izaten ditu kalean lo egiten duen jendeak?

Bakardadea da garrantzitsuena, nire ustez. Pertsona batzuk biltzen direnean hobeto daude, nahiz eta kalean egon. Baina badituzte arazo ekonomikoak, buruko gaixotasunak, substantziaren baten kontsumoa... Eta ez dakizu kalean egon aurretik edo ondoren hasi diren kontsumitzen. Baliteke kalean hastea kontsumitzen, agian ez dutelako jabetu nahi zer bizitzen ari diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.