«Gizarteari eskatzen diot guk ikusten duguna ikusteko: nola umiliatzen gaituzten, nola torturatzen gaituzten, nola egiten dugun lo, eta gure egunerokoa zer-nolako amesgaizto latza den jakin dezan». Aurtengo otsailaren 24ko eskutitzean idatzi zuen hori Jose Andres L.S.M. presoak, Langraizko (Araba) espetxetik. Hortik sei hilabetera, berriz, amaitu egin zen 31 urteko bizkaitarraren sufrikarioa: ziegako lurrean etzanda agertu zen; hilik zegoen.
Jose Andresek bazeukan gizarteari errieta emateko halako joera bat, Salhaketako kide Carlos Hernandezekin 2004ko urriaz geroztik izaten zuen idatzizko harreman ugarian. «Aizu, gizarte hori: presook hemen gaude, existitzen gara... Gogora ezazu! Hemen nauzu, eta ez naiz legeak egiten dituena, barratzarrak soldatzen dituena edo giltzarrapoak ekoizten dituena baino gehiago, ez eta gutxiago ere».Ohar horien egilea orain dela hiru aste zendu zen. Hilaren 2an jazo zen. Santurtzin (Bizkaia) senideen etxean gosaldu zuen. Sei eguneko baimena bukatuta, presondegirako bidea hartu beharra zeukan. Eguerdian sartu zen, eta familiari hots egin zion kartzelan zela jakinarazteko. Dena normal. Baita arratsaldean egin zioten probaren emaitza ere, aurreko urteetakoetan bezala baimenetatik etorrita, probak egiten zaizkie drogak hartu ote dituzten jakiteko. Normal. Gaueko zenbaketan, ordea, funtzionarioek hilik topatu zuten. Normala, Langraizen, abendutik barruan hildako seigarren presoa zela aintzat izanda.Espainiako Espetxe Erakundeen Zuzendaritzak zabaldutako argibideari jarraiki, xiringa bat aurkitu zuten gorpuaren ondoan. Espainiako Barne ministro Jose Antonio Alonsok lau haizeetara esan zuen drogarekin zerikusia duten arrazoiengatik hil zela. Eta hildako presoaren lagun eta sendiek diote hil ondoren ere erasotzen ari zaiola gupidarik gabe, nahiz eta oraingoz ez dituzten jendaurrean agertu nahi kasuak eragin dizkien zalantzak.Kontua da Jose Andresek espetxe zigorraren hiru laurdenak bete zituela iragan martxoan (sei urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra zuen, lapurretagatik, kalteengatik eta lesioengatik). Hernandezen ustez, preso santurtziarrak «koltxoi nahikoa» bazeukan: «Familiaren babesaz gain seme bat ere bazuen, lan egiteko aukerak ere bazituen». Salhaketako kideak ondorioak atera ditu gertatutakoaz: «Zerk jota hil zen galdetu diogu geure buruari azken egunotan, eta, nire ustez, Jose Andres kartzelak jota hil zela esan daiteke. Nik ez dut esaten ez dakit nork erail zuela, ez. Nik diodana da kasu argigarria dela, hirugarren gradua eman balitzaio une honetan ez zelako zerraldo izango. Gizarteratuta dagoenak, garaiz atera ezean, barruan espetxeak hilda amaitzeko aukera guztiak dituela erakutsi du».Alabaina, behin-behineko askatasuna ez zitzaion heldu. Horrexegatik, beharbada, edo ikusten zuenak asaldaturik, salatzeari ekin zion: maiatzaren 19ko gutunean, osasunik ezak eragindako tuberkulosiaz ohartarazi zuen, eta kide baten suizidio saioaz ekainekoan. «Heriotza hauek guztiek ez dute batere zentzurik», idatzi zuen Langraizko kartzelako hildakoen krisiaren erdian. «Preso nagoenetik lagun batzuk hil dira. Ez jakin nola, antza. (...) Zer gertatzen ari ote da murrutik barrura? Zer gertatzen ari ote da Langraizen? Azken bolada honetan, jendea hiltzen ari da, betiko aitzakiak tarteko: gaindosiak, urkamenduak... Tortura gehiagorik ez!». Aurtengo martxoaren 1eko eskutitzaren zati bat da hori. Besteak beste, abenduaren 15ean egun berean hilik agertutako bi presoen kasua eta espetxeko segurtasun arduradunak ustez emakume preso batzuei egindako jazarpenak ere aipatu zituen. Betiko moduan egin zuen; beldurrik gabe, alegia.Urrunegi joan al zen Jose Andres? Harena ez da istorio samurra, 2000. urteko uztailean preso prebentibo moduan bere borondatez Basauriko (Bizkaia) kartzelara sartu zenez geroztik: Langraizko presondegira eraman zuten, baina 2003ko azaroan beste batera aldatu zuten, «bi parte bidegabekoren ondorioz».
Jipoia, euskal presoen aldeko elastikoagatik
Galiziara heldu zen, Teixeiroko kartzelara: «Teixeirora ailegatuta, bost funtzionariok jipoia eman zidaten, Euskal presoak Euskal Herrira zioen jantzia nuelako; bakartze ziegara eraman ninduten». Presoak dio horren eraginez odola isurtzen zuela oka eta txiza egiten zuenean. Teixeiroko sendagilea, baina, ez zitzaion hurreratu, eta lesiorik ez zuela idatzi zuen txostenean...
Leongo (Espainia) espetxe batera gero, eta arazoak berriro: torturak salatu zituen. Erizaindegiaren balorazioak «erasoa» jasan zuela onartu behar izan zuen. Handik gutxira, Langraizko zentrora eraman zuten atzera, eta martxoan egindako mediku azterketak ezkerreko giltzurruna gaizki zeukala ohartarazi zuen. «Espetxeratu ninduten garaiko proba guztiak normalak ziren. Ziur naiz Teixeiroko jipoiak eragin didala hori, beraz», idatzi zion Salhaketako lagunari.Hernandezek uste du santurtziarra iturri fidagarria dela gizarteak murruetatik haratago zer gertatzen ari den jakin ahal izateko. «Gazte irekia zen, eta nahiko buru argia zeukan. Agerikoa zuen hori, bai hizketan, bai bidaltzen dituen gutunen idazkeran bertan ere». Jose Andresek «libertariotzat» jotzen zuen bere burua. Lagunek-eta esaten dute akaso ez zela munduko gizakirik onena izango, baina konpromisoa gauzarik garrantzitsuenetako bat zela sinesten zuela. Azken bederatzi hilabeteetan Arabako kartzelan hildako seigarren presoa da heriotza bat hilabete eta erdiko. Salhaketaren iritziz, tamalez, ziurrenik ez da azkena izango.
LANGRAIZKO KARTZELA
«Jendea hiltzen ari da»
Hilaren 2an Langraizko espetxean zendu zen Jose Andres L.S.M. preso santurtziarrak Salhaketako kide bati idatzitako gutun batzuen berri izan du BERRIAk; gizartearen kontzientziari dei egin dio eskutitzetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu