Amanda Acedo. PSNko parlamentari ohia

«Jendea ez da inozoa; ezin da sinetsi Jimenezek aldaketa ekar dezakeela»

Sektore kritikoko aurpegi ezagunetako bat da Acedo. Azkenaldiko gertaeren erantzukizuna PSNren zuzendaritzarena dela dio, eta ez PSOErena. Alderdia behetik gora eraberritzearen alde egin du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amanda Acedo PSNko parlamentari ohia (Torres del Rio, 1959)2008an alderdiaren aparatuak babestutako Roberto Jimenezekin lehiatu zen. Sei urte geroago, oso kritiko ageri da Jimenezek eta haren zuzendaritza taldeak azken asteetan egindako lanarekin. Sektore kritikoko ahotsetako bat da, eta egoeraren erantzukizuna Ferrazena baino gehiago PSNren buruzagiena dela deritzo.

Martxoaren 6an, PSNren azken lurralde batzordean, 160 militantetik 80k onartu zuten zuzendaritzaren proposamena, Ferrazen betoari men egitea. Erdibituta dago PSN?

Emaitzak islatzen du zuzendaritza gutxiengoan dagoela. Aparatua kontrolatzen du, eta hala ere, soilik 80k bozkatu zuten haren alde. Izan ere, guk sortu genuen zentsura mozioaren inguruko itxaropena, eta, azkenean, ez zenez atera, egoeraren kudeaketak ezinegona piztu zuen. Bestetik, otsailaren 12ko prentsaurrekoaren ostean, alderdi barruan ez ziguten ezer esan, ez nola kudeatuko zen, ez zer egingo zen. Ez zaituzte zu aintzat hartzen, baina gero zuregana jotzen dute Ferrazen erabakiaren aurrean. Erru guztia Madrili bota nahi zaio.

Zuen proposamena ez zen aintzat hartu. Zergatik erabaki zenuten abstenitzea, Ferrazi zein PSNri ezezkoa eman ordez?

Zuzendaritzaren parte batek aztertu zuen ezezkoa ematea Ferrazen erabakiari, eta kide batzuek Jimenezek zioenaren kontrakoa defenditzen zuten. Erabakiak idazkari nagusiak eta haren zuzendaritzak hartu zituzten. Kudeaketa hori ezin zen defenditu. Gu, berriz, ez gaituzue aintzat hartu, ez diguzue azalpenik eman eta, gainera, zeuon artean jarrera kontrajarriak dituzue. Jan ezazue hori dena zeuok. Alderdiaren biderik ezaren erantzukizuna, hori bai, hori zuena da.

Zuzendaritzaren dimisioa eskatu duzue, baina ez Jimenez, ez haren taldea, ez daude prest horretarako.

Penagarria da, argi baitago inork erakunde baten antolakuntza hartzen duenean erantzukizuna bere gain hartu behar duela onerako eta txarrerako. Penagarria da arduraz jokatu duela dioelako. Ez, ez. Hemen zerbait larria gertatu da, eta alderdia bere egoerarik okerrenean utzi du. Erantzukizunak hartu behar dira. Bestela, herritarrek ez dute ulertuko.

Idoia Nievesek salaketa egin ondotik, biharamunean Roberto Jimenezek ez zuen bere urratsa ondo neurtu? Nola ikusi zenuen?

Arratsalde hartan, zuzendaritzako bi kiderekin bildu nintzen Tafallan, eta galdetu nien ea zentsura mozioaz hitz egiterakoan beste alderdiekin negoziatu al zen, bestela ez bainuen ulertzen nola esan zitekeen beste gobernu arduratsu bat eratuko zela. Prentsaurreko hark oso kezkatuta utzi ninduen. Aurretik, ikerketa batzorde bat zegoen, eta nahiko datu bazituen? Edozein abokatuk badaki ikerketan urrats asko egin behar direla juridikoki ustelkeria dagoela ondorioztatzeko. Beste gauza bat dira erantzukizun politikoak, baina Nafarroako Kutxan ere gauza bera gertatzen zen, eta duela urtebete, zuzendaritzak ezezkoa eman zion CANen erantzukizun politikoak eskatzeari. Orduan, Roberto Jimenezek esan zigun Bildurekin bat egiteko prest zegoena harmailara igo zedila, baina hark ez zuela halakorik egingo. Proposatu genion Kontu Ganberak azter zezala Nafarroako Kutxaren galerak zer ondorio zituen finantza publikoentzat, eta hori ere ez zen lortu, are gutxiago zentsura mozioa edo ikerketa batzordea irekitzea. Orduan, zer aldatu zen urtebetean hori dena aldatzeko? Bazirudien orain ez dugun oposizioaren lidergoa erakutsi behar zela.

PSNk ez zuen beste alderdiekin mozioari buruz ezer negoziatu, eta otsailaren 12ko agerraldi hark ere ekarri zuen soka.

Jakina. Ezin dut sinetsi. Ez bazuen Ferrazen idatzizko bermea, bazekien ez zela inora iritsiko. Nik uste dut ikerketa batzordea eratzeko Ferrazen bermea zuela soilik, eta ustelkeriari egiaztatzen bazen orduan lehenetsiko zela hauteskundeak aurreratzeko mozioaren alde egitea. Hala izan bazen, erantzukizuna erabatekoa Jimenezek du. Bestela, ez.

Dena den, Alfredo Perez Rubalcabak 2013ko martxoan agindua eman zuen 2015era arte itxaroteko.

Konbentzituta nago, beste PSN batekin, beste planteamendu batekin beste baldintzetan Madrilek beste errespetu bat izango lukeela. Ez digute errespeturik.

Egoera honek guztiak zer-nolako ondorioa izango du?

Arrazoizkoa da boto-emaileak oso atsekabetuta egotea eta nahiko luketen politikarik ez ikustea uneotan. Alderdiak orain nafarrak konbentzitu behar ditu; errespetua merezi dute. Egoera honetara eraman gaituztenek oso zail dute errespeturik sortzea.

Krisi hau militanteei gutun bat bidalita konponduko al da?

Ez, krisi hau konpontzen da erantzukizuna bere gain hartuta eta proiektua oso-osorik berregokituta. Orain jendearekin egin behar dugu ituna. Umiltasuna eduki behar dugu. Ez dugu beste erremediorik. Errespetua lortzeko trantsizio hori pasatu behar dugu. Konfiantza galdu dugu, eta berreskuratu behar dugu.

Orain badirudi, kontzesio gisa edo, primarioak egingo direla udazkenean. Zuen aukera izango da?

Espero dut gure aukera ez izatea, alderdiarena baizik. Gizartearekin adiskidetu behar dugu apur bat, eta horrenbestez, primarioak irekiak izatea espero dugu.

Birsortzeak zer esan nahi du? Aurpegiak soilik aldatzea?

Ez, jokabideak eta formak aldatzea, eta horrenbestez, baita aurpegiak ere. 1995etik zuzendaritzan dauden adiskideak ditugu. Edo bestela, erakundearen edo aparatuaren hainbat kargutan. Ez da posible.

Birsortzeak esan nahi du UPNrekin akordioak egiteari utziko zaiola?

UPNren alternatiba izango garela, zalantzarik gabe.

Gaur egun UPNren alternatiba izateak esan nahi du oposizioko beste alderdiekin hitz egin behar dela. Alderdi horiekin negoziatu behar da marra gorriak alboratuta?

Ez naiz marra gorrien aldekoa. Inoiz ez naiz horren aldekoa izan. Pertsonak joaten dira, eta ideiak geratu. Negoziatzeko gai diren pertsonek ordezkatu behar dituzte ideiak. Ezin naiz zuregana joan eta nire ideiak inposatu. Marra gorriekin, nola elkar uler dezakegu? Nire ustez, PSNn denetarik dago, eta malgutasun hori uler dezake.

UPNk du hauteskundeak aurreratzeko erabakia. UPN barruan ere ez da giro. Epemuga martxoaren 30a izaki, mugimendurik egon daiteke?

UPN barruan urak oso mugituta daude. Denok ere ados gaude. Hauteskundeak egin behar lirateke, zalantzarik gabe nahiz eta PSNrentzat oso txarra izan. PSNri ez zaio batere komeni, baina ez gara PSNz mintzo, eta Nafarroa urtebete geldirik egotea ez da ona. Hauteskundeak, baina, egingo ote diren Yolanda Barcinaren esku dago. Alderdi barruan duen posizioaren eta UPNren kalkulu alderdikoien arabera hartuko da erabakia.

Miguel Sanzek eskatu zion Barcinari PSNri keinu bat egin behar zitzaiola. Entzuten duzuenean UPNren sektore hori etengabe PSNri dei eginez, zer pentsatzen duzu?

Hartzaren besarkadak ez zaizkigula komeni. Gure proiektua atsegin dugu, eta muturrak leuntzea dugu gustuko, bai identitateen muturra bai erregionalismoarena. Ez da posible beste modura. sirenen kantak dira horiek, baina iritsiko da garaia. Batzuek presa handiegia dute boterera iristeko. Beste batzuk ez dugu presarik boterera iristeko.

2008an, idazkari nagusi izateko lehiatu zinen Roberto Jimenezekin. Berriro aurkezteko asmorik baduzu?

Ez dut ideiarik. Ziurtatu dezaket ez dakidala. Orain alderdia eraldatzeko gure ekarpena egiten ari gara; alderdia behetik gora aldatu behar da. Une garrantzitsua da.

Sinesgarritasuna nola berreskuratu, legealdia gobernuan hasi bazen?

Hau [Roberto Jimenez] gobernu koalizioan hasi zen; gero, oposizio gogorra egin zuen; ondoren, gobernua sostengatu zuen, eta horren ostean, zentsura mozioaren alde egin zuen. Hori dena hiru urtean. Ezinezkoa da inork sinestea aldaketa ekarriko duela. Jendea ez da inozoa. Ezin dira herritarrak haur moduan hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.