Jeanine Beirie. Ostia kolektiboko kidea

«Jendea berriz mobilizatzea lortu dute atxiloketekin»

Ironiaz mintzatu da Beirie bere atxiloketari buruz. «Denbora galtzea» izan zela uste du, eta jendea «berriz mobilizatzeko» balioko duela, ez «beldurtzeko». Ostiak Marieneko lurrak defendatzen segituko du.

BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Beste hiru kiderekin batera, asteartean atxilotu zuten Jeanine Beirie (Kanbo, Lapurdi, 1953). Ostia kolektiboak egindako ekintza baten harira auzipetu dituzte laurak: Bouygues Immobilier etxe agentziako zola eta eraikuntza proiektu baten maketa lurrez, lastoz eta urez estali izana leporatzen diete, zehazki. Egoera «erridikulua» da, haren ustez.

Astearte goizean atxilotua izan zinen. Nola gertatu zen?

Sorpresa izan zen, hala ere: oihuka agertu ziren etxe aitzinera, goizeko seietan... Sei polizia bederen sartu ziren etxe barnera, horietarik hiru armekin... Bazuten ezkutu bat, burua gordetzeko kaputxa... Zinema guzia. Bi lasterka igo ziren, ikusteko ea etxean beste norbait bazen, besteek etxe guzia bisitatu zuten... Gero, berriz sukaldera etorri ziren, eta emazte bat gelditu zen enekin, errateko atxiloaldian nintzela.

Zer erran zizun?

Erran zidan zer leporatzen zidaten, deialdi bat ukan nuela eta ez nintzela agertu... Eta omen prokuradorea gaitzitu zela, gaizki hartu zuela ez joatea. Gero, erran zidan haiekin joan behar nuela. Erran nien lehenago kafea hartuko nuela. Hasieran, ez ninduten utzi nahi, baina, azkenean, utzi ninduten kafea edaten. Kar-kar.

Eta gero, polizia etxera?

Bai. Bidean ere sekulako zinema muntatu zuten; auto metaketetan sirena ezarri zuten, astakeria guziekin. Polizia etxera heltzean, galdegin nien ea bakarra nintzen, eta justu Dominika [Dagerre] entzun nuen ene agurtzen. Eta, gero, Filipe Laskarai eta Jakes Bortairu ikusi nituen. Zinez, ez da irudikatzen ahal zeinen erridikulua zen.

Nola pasatu zen atxiloaldia?

Bigarren zenbakidun zeldara eraman ninduten, Dominikarekin batean, eta kafea edan genuen. Zinez harrituak ziren, uste zuten dardarka ariko ginela, baina ez, lasaitasun osoz pasatu genuen atxiloaldia. Galdetu ziguten ere ea abokaturik nahi genuen, eta nik erantzun nien ez nuela beharrik.

Galdeketa nolakoa izan da?

Arazorik gabekoa. Proposatu ziguten Angeluko ekintzako grabaketa ikustea, erranez ageri ginela. Nik ez nuen ikusi nahi: erran nien ez nintzela zinemara joana. Eta galdera guziei erantzun genien erranez ez genuela ezer kontatzeko. Ondotik, berriz zeldara; plater bat ekarri ziguten jateko, eta, gero, berriz kafea. Orotara hiru kafe! Kar-kar. Polizia bati galdetu nion zenbat kosta den horrelako afera bat... Eta dena hola.

Zer kargu dituzue?

Biziki larriak: maketa bat andeatu izana urez ihinztatuz, eta pegatinak kolatzea. Eskerrak ez den gehiago heriotza kondenarik, eta bizi osoko kondena besterik ez dela gelditzen! Les Vieux Fourneaux [Labe zaharrak] komikian nintzela iruditzen zitzaidan: anarkista zahar batzuen istorio irrigarri bat da. Eta gu laurak, atxiloaldian, denak 60 urtetik gorakoak... Ateratzean erran genien zahar etxe bat irekitzen ahal zutela! Berriz diot, espektakulu bat izan da zinez, ez da afera bat.

Atxiloketa horiek zer helburu dute, zure ustez?

Ez dakit. Denak militante zaharrak gara, ni Kanbokoa naiz... Guri edo besteei beldurra sartzea xerkatzen dutela pentsatzen dut, erakusteko ez dutela mugarik. Baina ez gaituzte nardatu... Ez dituzte aitzineko urteak aipatu ere egin. Haiek berek zioten denbora galtzen ari zirela... Jendea berriz mobilizatzea bakarrik lortu dute, eta hori gauza zinez baikorra da!

Jende andana bildu zen zuek libratzea galdetzeko.

Ateratzean, zinezko plazera izan genuen ikusirik jende anitz bazela kanpoan beha, sustut gazte anitz... Polizia bat etorri zen erratera bazela jendea kanpoan, zinez harrigarria zen. Baina gogoan dugu, halere, beste batzuek momentu txarrak pasatu dituztela hor... Gure kasuan, zinez lasaiki hartu behar da afera hau.

Auzia nola prestatuko duzue?

Ikusiko dugu, oraindik goizegi da jakiteko. Ene defentsa izanen da lurra ureztatu behar dela, kar-kar.

Marieneko laborantza lurretan eraikitzeko proiektua zertan da?

Lehen helegitea galdu genuen. Gero, eraikitze baimenaren kontrako helegitea irabazi genuen, baina, orain, Bouygues Immoblierek beste baimen bat aurkeztu du. Bestalde, CADEk [Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Taldeak] prozedura bat abiatua du proiektuaren kontra, eta auzia egitekoa da oraindik. Ez dugu amore emanen. Oroitarazi behar da herriko etxeak egindako azterketa batek dioela Kanbon badirela bizitegiak eraikitzeko beste aukera batzuk: 416 orotara.

Nola ikusten duzu segida?

Guk borrokan segituko dugu Kanboko hautetsiekin, Nahi Dugun Herria talde politikoarekin, Lurzaindiarekin, Ostiarekin... Helburua lortu behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.