Herriko bozak Ipar Euskal Herrian. Biharamuna. Filipe Aramendi. Urruñako auzapeza

«Jendea aspertua zen kudeatzeko manera horrekin»

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Urruñako (Lapurdi) auzapeza izanen da Filipe Aramendi (1968, Urruña) ondoko sei urteetarako. Zerrenda zabal baten buru aurkeztu da herriko bozetara, eta hori izan da, haren iritziz, irabaztera eraman duena.

Sorpresa izan da irabaztea?

Sorpresa ez arrunt. Jadaneko lehen itzulian seinalea helarazia zuten urruñarrek. Bigarren itzuliko kanpaina berezia izan da, bilkura publikorik gabe. Baina atez ate ibiltzen ginelarik, sentitzen genuen kanbiamendu nahikari azkar bat. Hala ere, zalantza genuen, bai baikenekien Gavilanen zerrenda ari zela ahal zuen guzia egiten. Sorpresa ez da izan irabaztea, baina ez nuen pentsatzen hainbesteko emaitza eginen genuenik bigarren itzulian.

Abstentzio handia izan da berriz. Nola esplikatzen duzu?

Bada oraindik koronabirusaren arazoa. Jendea ez da oraindik arrunt lasaitua. Beharbada, hiru hilabete horiek pasatuta, aspertze bat ere izan da. Ez dakit, egia erran. Urruñan %40ko abstentzioa izan da; handia da, bereziki herriko bozetarako. Baina hobekuntza izan da lehen itzulitik.

2014an gutigatik irabazi zuen Odile de Coralek. Zer aldatu da sei urtean?

Jendea aspertua zen kudeatzeko manera horrekin: herritarrak ez ziren entzunak. Herriko etxe barnean ere hainbat arazo izan dira langileekin: ez ziren entzunak. Eta nik pentsatzen dut zerrenda irekiaren ondorioa ere badela hor. 2014an abertzale zerrenda zen; hor, irekiduraren parioa egin dugu. Zerrenda horretan sartu ditugu hainbat herritar ez zirenak politikoki ezagutuak, baina ezagunak zirenak herrian hainbat elkartetan lan egiten baitute, eta herriaren ekonomian parte hartzen baitute. Uste dut horrek esplikatzen duela emaitza on hori. Eta, gero, erranen nuke gure programak ere eragin duela. Ez badugu trantsizio ekologikoari buruzko birakoa hartzen, paretaren kontra goaz.

Zer izanen da Urruñan hartuko duzuen lehen neurria?

Ez dakit lehen neurria izanen den, baina lehentasuna izanen da gure barazkigune proiektua sortzea. Gure herrian baditugu laborantza lur batzuk herriaren jabetzan direnak. Horiek baliatu nahi ditugu barazkiak landatzeko, eta gure herriko eskoletako jantegiak, zahar etxea, zentro soziala eta abar hornitzeko. Ikusi dugu konfinamendu garaian zinez eskaera handia zela herritarren partetik. Beraz, uste dut lehentasun hori izanen dugula.

Hego Lapurdin, ezkertiar eta abertzaleak gehiengoan izanen dira kasik herri guzietan. Elkarlanean arituko zarete?

Espero dut baietz. Ez gara oraindik bildu, baina, nire ustez, beharrezkoa izanen da. Hego Lapurdiko lurralde eremuan zinezko pisu politikoa izanen dugu. Hendaia, Biriatu, Urruña, Ziburu, Senpere, eta horiei franko erraz lotzen ahal dira nire ustez Sara eta Ainhoa, auzapezak gure nahiko hurbil ibilki baitira. Hori baliatu behar dugu.

Zer eragin izan dezakete Hego Lapurdiko emaitzek Ipar Euskal Herrian?

Uste dut ondorio politikoak izanen dituela; hala espero dut behintzat. Beste politika bat eramateko parada badugu, pisu politiko horrekin.

Zu joanen zara elkargora?

Bai. Gure zerrendak hiru hautetsi izanen ditu hirigune elkargoan, eta oposizioak bat. Horrez gain, beste hiru hautetsi izendatu beharko ditugu Hego Lapurdiko lurralde polora joateko.

Zer lan egiteko?

Urruñatik badugu erronka nagusi bat. Kostalde honetako herri bakarra da, non oraindik badiren laborantza eta natura lurrak. Beraz, horiek absolutuki babestu behar ditugu. Jakinez ondoko urteetan lur-antolakuntza planak ez direla gehiago herrietan erabakiko, lurralde eremu handiago batean baizik, nire ustez badugu herri gisa zer ekarria. Jakinez gure inguruan gehiena eraiki dutela, hirigintza arauak errespetatu nahi baditugu, Urruñarentzat aukera bat izan daiteke.

Lehendakaria hautatzeko bozkatu beharko duzu.

Ez dakit oraindik nor aurkeztuko den ere. Entzuten dut batzuek gogoa dutela. Ikusi beharko da. Pentsatzen dut EH Bairen barnean gauza horiek eztabaidatu beharko ditugula ondoko egunetan. Ikusita zein den orain abertzale eta ezkertiarren pisu politikoa, horren gibelean hautagaitza bat gutxienez aurkeztu beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.