2024ko Baionako bestak giro «onean» iragan direla adierazi du Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapezak. Igande gauean bukatu ziren bestak, eta gaur egin dute balorazioa Etxegaraik, Fabien Rosay Pirinio Atlantikoetako suprefetak, Jerome Bourrier prokuradoreak eta aurtengo Baionako besten segurtasun taldeko kide batzuek. Azpimarratu dutenez, bortizkeria kasuak izan dira bestetako gertakaririk «latzenak». Bide batez, iaz baino atxiloketa gehiago izan direla gaineratu dute.
Rosay suprefetak hartu du hitza lehenik. Haren hitzetan, segurtasun baliabide «handiak» izan dira Baionako bestek iraun bitartean. Izan ere, bederatziehun agentek lan egin dute egun guziz segurtasuna «ahal bezain ongi» bermatzeko. Agente horien artean laurehun ziren Frantziako Estatuko polizia erakundeetako agenteak. Gaineratekoak segurtasun enpresa pribatu batzuetako agenteak ziren.
Polizia anitz ukanik eta iazko aldiari konparaturik, interpelatze gehiago izan dira aurten, 55. Iaz, berriz, 27 izan ziren. Atxiloketak ere igan dira: 45 izan dira; iaz, 28. Bertzalde, ebasketa «anitz» izan direla nabarmendu du Rosayk. Nagusiki eskuko telefonoak lapurtu dira aurten, 218 ebasketa zenbatu dituzten heinean.
«Poliziaren presentzia ikusgarria izan da, bestazaleen segurtasuna bermatzea izan baita gure lehentasuna aurten ere»JEAN RENE ETXEGARAIBaionako auzapeza
Besten «alde iluna» ekarri du gogora Bourrier prokuradoreak. Haren ustez, bortizkeria kasuak izan dira bereziki agerian. Hain zuzen, hemezortzi bortizkeria kasu «larri» zenbatu ditu prefeturak. Bortizkeriaren ondorioz, pertsona bat hilzorian dago, eta beste batek salatu du jipoitu egin zutela beste jipoi bat gelditu nahian ari zelarik. Halere, prokuradoreak zehaztu du kasu horiek alkoholismoari lotuak zirela, bestetatik kanpoko kasu bakanak balira bezala.
Balorazio ona
Herriko etxeak aterariko ondorioen aldetik, Etxegaraik azpimarratu du aurten segurtasun neurri andana ezarri izanak eragin «ona» izan duela besten gunean: «Poliziaren presentzia ikusgarria izan da, bestazaleen segurtasuna bermatzea izan baita gure lehentasuna aurten ere».
Bertzalde, Baionako auzapezak ez du datu zehatzik eman ahal izan bestetan ibiliriko jende kopuruari dagokionez. «Milioi bat pertsona inguru» izan direlakoan da. Segurtatu daitekeen bakarra da bestazaleak iaz baino %15-20 gutiago izan direla aurten. Nahiz eta jende gutiago ibili den, «ikaragarriko» bestak izan direla erran du: «Helburua zen jende gutiago izatea aurten. Zinez sumatu dugu poza eman diegula Baionako biztanleei.
Aurtengo bestetako ortzegunean, debekatua zuten 19:00ak arte musika ezartzea ostatuetako bozgorailuetan. Neurri hori «biziki ongi» ikusi dela nabarmendu du Etxegaraik: «Bestazaleak, ostalariak eta batez ere erdiguneko biztanleak biziki kontent dira neurriarekin. Soinu murrizketa «eraginkorra» izan den heinean, heldu den urtean luzatzea nahi luke.
Sexu erasoak
Sexu erasoen kontrako prebentzioa ere aipatu du Etxegaraik. Auzapezaren aburuz, Baiona «lehenetarik bat» da indarkeria matxistaren kontrako prebentzioa segurtatzeko aitzinapausoak ematen. Bide batez, Bourrier prokuradorea «satisfos» da aurtengo bestetan ez delako salaketarik izan sexu eraso edota bortxaketengatik: «Iazko aldian, prozedurak ukan genituen hainbat sexu eraso gertatu zirelako, baina aurten, seinalatzeak bakarrik ukan ditugu: lehen aldia da Baionara etorri naizenetik».
Balorazio prentsaurrekoak kutsu positiboa izan du aurten ere. Besten denboran, sexu erasoen kontrako Maina gunea irekia zen gaueko bederatziak arte. Ondotik, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak Pannecau karrikan emaniko babesguneak segurtatzen zuen harrera sexu eraso bat gertatuz gero. Gaueko bederatzietatik goizeko laurak artio irekitzen zuten gune hori. Hamahiru sexu eraso salatu dira Itaiaren babesgunean. Bertzalde, ziztada kasu bat izan dela erran du emakumeen antolakunde sozialistak.
Azkenik, Bourrierrek zehaztu du borroka baten ondotik ospitalera eraman zuten gizona oraino hil ala bizi dagoela, eta inkesta ireki dutela San Andres plazan zafratua izan den emaztearen erasotzailea aurkitzeko.