Nolakoak izango lirateke egun Edurnezuri eta haren amaordea? Zer erantzun jasoko lukete Grimm anaien ipuin famatuko pertsonaiek «ispilutxo, ispilutxo, esadazu nor den munduko neskarik ederrena» galdetzen hasiko balira? «Adimen Artifizialak sortutakoa»?
Ondorio hori atera liteke Norvegian egin duten ikerketari erreparatuz gero. Gunhild Kvale andreak, Agder-eko Unibertsitateko irakasleak, OpenAI enpresaren DALL-E 3 sistemak eginiko marrazkiak aztertu ditu. NRK Norvegiako Irrati-Telebista Publikoari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, nerabeen irudi horiek guztiz engainagarriak dira eta ez datoz bat errealitatearekin: «AAren irudiek nerabe izugarri ederrak ez, ederretan ederrenak, ia beste mundu bateko edertasuna duten nerabeak azaltzen dituzte».
Ikerlariaren ustez, irudi horietako pertsonaiak lirainak eta argalak dira, azal ederra dute, batere aknerik gabea, eta ile guztiz dirdiratsua. Gizaki guztiak perfektuak ageri zaizkigu, alegiazko leku batean. Dena ikuspegi erabat positibo batetik. Irudizko nerabe horiek klase ertainekoak dirudite. Berdin janzten dira denak, eredu bati segituz: jeans hankak eta Converse oinak. Kvale andrearen arabera, irudiek aniztasuna dute ikuspegi etnikotik, baina «nerabeen bizimodu konformista» helarazten digute. Gizarteak baloratzen dituen jardueretan ikusten ditugu gazteak: parke publiko batean jesarrita, bibliotekan ikasten edo irakurtzen, arte jardueretan... Ez dago irudirik nerabeak nekaturik edo haserre daudenik. Sozialki problematikoa izan daitekeen egintzari lotutako nerabeen arrastorik ere ez. Bakea nonahi. Gatazkarik ez gazte jendearen bizitzetan.
AAren bidez gazte lodiak sortzen saiatu da Gunhild Kvale. Alferrik, baina. Zorioneko DALL-E 3 horrek ez du halakorik egiten. Nerabeen ikuspegi positiboa eman gura du. Ez du inor mindu nahi. Horixe argudiatu du sistemak irakasle norvegiarrak galdetu dionean. Jokaera positiboa al da hori? Ez dute itxura fisiko jakin bat duen irudirik sortzen inor ez mintzeko. Horratik, ez al dira estereotipo fisiko jakin bat bere ez duten gazteen gorputzak ezabatzen ari? Bada inor desagerraraztea, begien bistatik kentzea, baino ezer mingarriagorik?
AAren irudiek nerabe izugarri ederrak ez, ederretan ederrenak, ia beste mundu bateko edertasuna duten nerabeak azaltzen dituzte
Errealitatea ezkutatzea ez da positiboa izatea, iruzur egitea baizik. Gazte eta nerabe askok autoestimu arazoak dituzte. Haien buru osasuna zaindu beharra nabarmentzen ari dira gero eta gehiago adituak. Adin txikiko pertsonak zaurgarriagoak dira. Zoriontasuna eta perfekzioa besterik ez duten irudiak sortu eta erakustea ez da lagungarria haien garapen psikologikoa eta oreka emozionala bermatzeko. Nola ikasiko dute euren burua onartzen eta maitatzen eguneroko errealitatetik kanpo, beste galaxia batean dauden eredu fisikoak heltzen bazaizkie soilik? Bestetik, irudi horietan nagusitzen den ikuspegi soziala ere kezkagarria da: nerabe guztiak klase ertainekoak dira. Pozik daude, euren munduan sufrimendurik eta ezeren beharrik izango ez balitz bezala. Non dira bazter auzoetako gazteak? Non etxe pobreetako nerabeak? Zer egiten dute herritar horiek guztiek?
Mota horretako gazte edo nerabeak ez dira inon ageri. Ez dute merezi, antza. Are gutxiago euren eskubideak aldarrikatu eta etxebizitzaren aldeko borrokan ari badira. Lan baldintza eta soldata duinak eskatzen ari direnentzat lekurik ez. AAk ez ditu marraztuko banketxe baten aurrean protestaka ari diren gazteak. Edo Poliziari aurre egiten, parke dotoreko izkinako eserleku batean eguzkitan zegoen etxerik gabeko gizonari agiriak eskatu, besoetatik heldu, hartu eta bertatik arrastaka eraman dutelako. Zoriontasun perfektuaren irudi gozoegia mingosten zuelako, nonbait. Hobe parke batean pasieran irudikatzea, loreen koloreak eta lurrina gozagarri. Edo banku batean eserita, arropa casual dotorearekin, aurikularrak belarrietan, West Coast-eko azken talde indiecool-aren musika aditzen. Arazorik ez zure munduan. Onena zara. Gozatu. Jende doilorrik ez Kalifornian.