Jende andana elkartu da Baionan eskuin muturrari aurre egiteko

Sindikatuek eta Alda elkarteak deituriko protesta 11:00etan hasi da, eta eskubideetan atzera egiteko arriskuaz ohartarazi dute.

Manifestazioa, Baionan, sindikatuek eta Alda elkarteak deituta. OIHANA TEYSEYRE
Manifestazioa, Baionan, sindikatuek eta Alda elkarteak deituta. OIHANA TEYSEYRE
2024ko ekainaren 15a
13:05
Entzun

Astebete ez da iragan Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herrian Europako Parlamenturako hauteskundeak irabazi zituenetik. Eskuin muturraren goraldiak, baina, kezka handia sortu du, eta hari aurre egiteko protestak ugaritu dira. Goizean, sindikatuek eta Alda elkarteak deituta, manifestazio jendetsua egin dute Baionako karriketan barna eskuin muturrari aurre egiteko beharra zabaltzeko.

Manifestazioa 11:00etan atera da Santa Maria plazatik. Antolatzaileen artean sindikatu ugari daude —hala nola LAB, ELB, CFDT, CGT, UNSA, FSU eta Solidaires 64—. Larrialdi sozialeko garaia dela nabarmendu dute, eta langileen eskubideak arriskuan direla. Alda elkarteak, berriz, etxebizitza eskubideen aldeko mobilizazio egunarekin lotu du manifestazioa, eta agerraldi bat egin du 15:00etan. 

Eñaut Aramendi LABeko kideak erran duenez, «garai oso larria» dute Ipar Euskal Herrian Emmanuel Macronen erreformen ondorioz. «Ezin dugu horrela utzi: urgentzia dago ezkerra batzeko, sindikatuak batzeko, Batasun Nazionalari irabazten ez uzteko, eta ezkerreko alternatiba bat sortzeko», gehitu du. «Alternatiba» hori gizarteko arlo guztietara hedatzearen garrantzia azpimarratu du: «Enpresetara, karriketara eta bozka bulegoetara». «Eskuin eta ezker ibiliko gara, atez ate, eskuz esku afixak zabaltzen. Borrokan azken minutura arte, alternatiba irabazteko», borobildu du.

Manifestazio koloretsua izan da, eta giro onean joan da. Bandera ugari ikusi ahal izan dira. Sindikatuena eurena, ikurrinak, Palestinakoa, LGTBI komunitatearena... Belaunaldi guztietakoak zeuden bertan. Aste honetan osatu den Fronte Popularraren aldeko sostengu mezuak entzun dira.

Horma batetik faxismoa borrokatu zioen kartel handi bat eskegi dute. Aldarri ugari entzun badira ere, hori izan da manifestazioaren lelo nagusia. Herritarren eskubideak jokoan daudela eta atzera egiteko arriskuaz ohartarazi dute. Manifestazioa blokeka antolatua izan da, eta sektore bakoitzak bere kartela izan du: sindikatuek, gazte antifaxistak, LGTBI komunitateak...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.